Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO OSOKOAK, 2022AN BATUZ SISTEMEA DERRIGORREZ EZARTEKO AUKEREA EMONGO DAUEN FORU ARAUA ONETSI DAU

  • Bizkaiko Batzarrek argi berdea emon deutsee 2021ean Errentaren Zergak kudeetako sistemea hobetzeko aldaketei.

  • Batuzek ezarpenerako egutegi barria eukiko dau. Borondatezkoa izango da aurtengo urritik aurrera, eta derrigorrezkoa 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera.

  • Foru Gobernua eusten daben taldeek atzera bota ditue oposizinoko taldeen 66 zuzenketa-eskeak.

  • Osokoak on ikusia emon deutse bitartekari fiskalak kontroletako eta Europan elusino fiskala saihesteko tributuen beste aldaketa batzuei.

(Gernikan, 2020ko garagarrilaren 15ean). Gaur Gernikan egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako Osokoak, datorren urrian norberaren borondatez eta 2022. urtetik aurrera derrigorrez, Batuz ezarteko Foru Arau Proiektua onartu dau. Joan dan garagarrilaren 9an batzordeak emon eban eresmena aldaketa barik onetsi dabe gaur Foru Gobernua eusten daben talde biek (EAJ-PNV eta PSE-EE), eta talde horreek ez dabe onartu oposizinoko taldeek (EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP) aurkeztu dituen 66 zuzenketa-eskeetatik bakar bat be.

José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak azaldu dauenez, Batuz sistemak jarduera ekonomikoen errendimenduak kontroletako eta zerga betebeharrak betetea errazteko neurriak jasoten ditu. “Iruzur fiskalaren kontra burrukan egiteko, zergadunari laguntzeko eta Zerga arloko Administrazinoa modernizetako” aukerea emongo dauen sistemea da.

Batuzek aldaketak ekarriko ditu Soziedadeen ganeko Zergaren, Persona Fisikoen Errentaren ganeko Zergaren, Ondarearen ganeko Zergaren eta Bizkaiko Lurralde Historikoko Tributuen Arau Orokorraren foru arauetan. Batuzen barruan, Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek batera prestau daben TicketBAI sistemea dago. Sistema horri esker, ezinezkoa izango da faktura batzuk “A kutxara eta beste batzuk B kutxara” joatea, Iruarrizagak modu grafikoan azaldu dauenez. BEZa “autortu egingo dala” bermatu gura da.

Aldundiak urtebete atzeratuko dau Batuz ezarteko prozesua, Covid-19a dala eta. Zergak kontroletako sistemea 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera derrigorrezkoa eta bi hilebete eta erdi barru, 2020ko urriaren 1etik aurrera, borondatezkoa izango da. Autonomoek eta enpresek eskuratu beharko daben ekipamendu informatikoaren kostua dala eta, Ogasunak %30 kenkariak sartuko ditu PFEZn edo Soziedadeen Zergan aurton eta datorren urtean, gastua gitxitzeko.

Foru arauak aldaketak sartuko ditu PFEZn, 2021. urtetik aurrera Bizkaiko ogasunak zergadun “guztien” Errenta aitorpena egin daian, ogasunagaz bete beharreko “izapideak gitxitzeko eta errazteko”. Iruarrizagak adierazo dauenez, “2021ean medio asko zabalduko dira”, aldaketa teknologikoek “ez dabela inor atzean itziko” bermatzeko. BAK klabe baten bitartez, zergadunak bere datu fiskalak kontsultau ahal izango ditu, Osakidetzak osasun historialakaz egiten dauen moduan.

Oposizinoko taldeak arauaren “funtsaren” alde agertu dira, hau da, iruzur fiskalaren kontrako burrukea hobetu beharragaz, baina ez dira ados agertu horren eukiaren parte bategaz, eta aldaketak defendidu ditue, arrakastarik lortu ez daben arren, 66 zuzenketa-eskeren bitartez (EH Bilduren 10; Elkarrekin Bizkaiaren 21; eta PPren 35).

Orokorrean, PP taldeak araua indarrean sartzeko epea 2023ra eta 2025era atzeratu gura eban, erregulazino barriak eta betebehar teknologikoek “egokitzeko epe luzeagoa eskatzen dabelako”. Elkarrekin Bizkaiak genero eraginaren ganeko txostena eta autonomoek eta enpresek erabili beharko daben aplikazinoa dobakoa ez izatea kritikau dau. EH Bildu, bere aldetik, arau-hausteak eta zehapenak aldatzearen alde agertu da, negozio zifreagaz “proportzinozkoak” izan daitezan. Gitxieneko zehapena 40.000 eurokoa da.

ELUSINO FISKALA JAZARTEA

Horrez gain, osokoak argi berdea emon deutso Europako DAC 6 Arteztaraura egokitzeko Foru Arau Proiektuari, bitartekari fiskalei betebehar gehiago ezarriz. Plangintza fiskaleko mugaz gaindiko mekanismoak Foru Ogasunari jakinarazo beharko deutseez. Europako zerga agintariek trukauko daben informazino horrek informazino osoa eskuratzeko eta “erasokorrak izan daitekezan” mekanismo fiskalen aurrean erreakzionetako aukerea emoten dau. Osokoak ez ditu onetsi EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeek aurkeztu dituen zuzenketa-eskeak.

Arau proiektuak “400.000” euro arteko zehapenak jasoten ditu, arau hauslea zergaduna bera bada, eta soldataren baliokidea izango dan zehapena arau hauslea bitartekaria danean, hau da, abogaduak, ekonomialariak, aholkulari fiskalak, inbertsino erakundeak edo bankuak.

Beste alde batetik, Bizkaiko Batzarrek, lurraldeko hainbat zerga egokitzeko neurrien ganeko bagilaren 16ko preminazko Foru araua berretsi dabe. Dekretu horrek 5 artikulu eta 3 azken xedapen jasoten ditu, eta azkenengo hilebeteetan Covid-19aren eragin negatiboa murrizteko tributuen inguruan hartu diran hainbat aldaketetarako zerga neurri gehigarriak jasoten ditue. Enpresaren alorrean nabarmentzekoa da Soziedadeen ganeko Zergaren ordainketa zatikatua derrigorrez egin behar daben enpresak babesteko neurria. Euren eragiketen bolumena nabarmen murriztu jaken erakundeak derrigortasun horretatik salbuetsita egongo dira.

Holan, aldeko 33 botogaz (EAJ-PNV eta PSE-EE) eta 18 abstentzinogaz (EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta PP) onetsi dan Foru Dekretu Arauemoilearen bitartez, osasun arloko beharginen aldeko aseguru kolektiboan salbuetsita egongo dira COVID-19aren ondoriozko gaixotasun eta heriotza kontigentzietatik sortutako prestazinoak.

Beste alde batetik, osokoak ez dau onartu, kontrako 33 botogaz (EAJ-PNV eta PSE-EE) eta aldeko 18gaz (EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta PP) Talde Bereziak (PP) planteau dauen oharra, Ondasun Higiezinen Zergan (OHZ) zerga horren kuota osoaren “%95 arteko” hobaria jaso daiten, alarma egoeraren eragina jasan daben guneetan dagozan higiezinetarako. Foru Gobernua eusten daben taldeak neurri horren kontra agertu dira, euren eretxiz neurria ez dalako udalakaz adostu, Eudel barruan, eta udalak diralako zerga hori apliketako eta kudeetako ardura daukien erakundeak.

GARDENTASUNERAKO NEURRIAK

EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek alkarregaz aurkeztu daben arauz besteko proposamenaren bitartez, Bizkaiko Batzar Nagusiek, “gardentasunerako eta gobernu onerako tresnen eraginkortasuna etenik barik hobetzeko eragile aktiboa” izateko helburua defendidu dabe. Holan, kontrako boto barik (EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta PP abstenidu egin dira) onetsi dan ekimenean, “Gardentasunaren eta Partaidetzaren ganeko Legea garatzen jarraitzeko eta Jardunbide Onen Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoa Sortzeko” eskatzen jako Eusko Legebiltzarrari.

Batzar Nagusiek, “ustelkeriaren edo/eta podere gehiegikeriaren kontrako burrukarako eta prebentzinorako tresnak hobetzen eta ezarten jarraitzeko” eskatu deutsee erakunde guztiei, “justiziagaz lankidetza aktiboa izanda, baliabide publikoak modu desegokian erabili diran kasu posibleak ahalik eta modu azkarrenean salatzea, ikertzea eta epaitzea bultzatzeko”.

Horrez gain, Bizkaiko Batzarrek, “Euskadiko Fiskaltzari, delitu ekonomikoen arloko Euskadiko Fiskal delegatuari eta ustelkeriako delituak jazartera bideratutako Ertzaintzako taldeari, euren egitekoak hobetzeko eta diru publikoa helburu pribaduetarako modu desegokian eta legez kanpokoan erabiltearen kontra burrukan egiteko beharrezkoak diran baliabide materialak eta pertsonalak hornitzen jarraitzeko” eskatu deutsie Eusko Jaurlaritzari.

EH Bilduk, bere arauz besteko proposamenaren bitartez, EAJ-PNV eta PSE-EE, jardunbide onen aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoa sortzeko legea “blokeetan” ari dirala salatu dau. EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeen kontrako botoakaz onartu ez dan ekimenean, Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzea eta Ertzaintzaren unidade berezia sortzea eskatzen zan. Bea Ilardia bozeroaleak esan dauenez, penagarria da talde biak, “ohikoak” diran jardunbide politiko ustelen kontrako burrukeari “trabak jarten” ibiltea.

IKUR FRANKISTAK, BASURDEAK ETA APUSTU-ETXEAK

Arratsaldean daborduko, Bizkaiko Batzarrek arauz besteko hiru proposamen eztabaidatu ditue, Bizkaiko ikur frankistak kentzearen, basurdeak kontroletako neurrien eta “Apustu-etxeen” publizidadea daukien kirol taldeei Aldundiaren diru-laguntzak kentzearen ingurukoak. Hiru proposamenak Elkarrekin Bizkaia taldeak planteau ditu, azkenengoa EH Bildugaz batera.

Ikur frankistak kentzeko ekimenak, ikur frankistak kentzeko Eusko Jaurlaritzak bultzatu dauen Batzorde Teknikoaren Erespen Aholku-emoileak “bere eskumeneko lekuetarako eta esparruetarako” batu dituan aholkuak apliketea “bultzatzeko” eskatzen eutsan Aldundiari. EH Bilduren zuzenketa-eskea jaso dauen testuan, oraindino ikur frankistak daukiezan udalerriei horreek kentzeko “diruz” laguntzeko eskatzen jakon. Halanda be, Juan Oterminek esan dauenez, Eusko Jaurlaritzak horretara bideratu dauen partidea “ez da osorik gastau”.

Oroimenaren Gogora Institutuak esku artean dituan datuetan oinarrituta, Bizkaian, oraindino, kendu barik dagozan ikur frankistak dituen “9 udalerri” dagoz, eta horreek kentzea eskatzen da, “legitimidadea, legetasuna eta etika” dirala eta, Bizkaiarentzat “mingarria” dalako, erregimen frankistaren biktimentzat “batez be”, adierazo dau talde moreko Israel Escalantek. EAJ-PNV, PSE-EE eta PP ekimenaren kontra agertu dira.

Foru Gobernua eusten daben taldeek azaldu dabenez, “daborduko ikur horreek kentzeko beharra egiten ari da”. 2016tik “1.021” elementu kendu dira, eta horreetatik “716” Bizkaian egozan, Oterminen berbetan. Azkenengo urteetan azpimarragarria izan da Bilboko Estaduko Ogasuneko eta Barakaldoko Correosen ordezkaritzako armarriak kendu izana. Eusko Jaurlaritzak horretara bideratutako 150.000 euroetatik, “15.200” “baino ez” dirala gastau, esan dau Jon Andoni Atutxak, Bizkaiko Batzarretan Euzko Abertzaleak taldeko bozeroale moduan egin dauen azkenengo agerraldian, berak esan dauen moduan, Eusko Legebiltzar barriko ordezkari bilakatuko da eta.

Beste alde batetik, osokoak ez dau onartu, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen kontrako botoakaz, EH Bilduren aldeko botoak jaso dituan Elkarrekin Bizkaiaren arauz besteko proposamen bat, basurdeen populazinoak kontroletako eta ekosistema osagarrien orekea lortzeko modu barriak martxan jarteko, ehizako batiden osagarriak, hain zuzen be. Talde guztiak bat etorri dira “arazo” bat dagola esatean, baina ez dabe testu bateraturik adostea lortu. Foru Gobernua eusten daben taldeek aurkeztu daben eta jatorrizkoaren “oso desbardina ez zan” zuzenketa-eske transakzionalak be ez dau gaia bideratu eta batidak ez diran “bestelako” neurrien aldeko apustua lortu. Izan be, beharrezkoa da daborduko hainbat uritan, Basaurin, adibidez, sartzen ari dan espezie hori kontroletea.

Gauza bera gertatu da EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeek, Foru Administrazinoak emondako diru-laguntzen araubide juridiko orokorra arautzen dauen maiatzaren 31ko 5/2005 Foru Araua aldatzeko egin daben proposamenagaz, “apustu-etxeen edo joko-etxeen publizidadea egiten dabenek onuradun edo erakunde laguntzaile baldintza jasoteko ezintasuna izan daien”. Ekimenaren helburua, “inork zalantzan jarten ez dauen ludopatiaren hazkundea” murriztea da, kirol taldeek euren kamisetetatik publizidade hori kendu daien, eta Aldundiaren diru-laguntzak edo “Apustu-Etxeen” babesak jasotearen artean aukeratu daien.

Ekimen horrek be EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen kontrako eretxia jaso dau. Diagnostikoan bat etorri diran arren, uste dabe “kontraesankorra” dala gai hori lantzea joan dan garagarrilaren 9an Kontsumo Ministerioak, jokoaren enpresa horreen publizidadea murrizteko Diputatuen Kongresuan izapidetzen ari dan Dekretuaren zirriborroa aurkeztu ebanean.