BATZARRETAKO TALDEEK OSASUN ARLOKO ETA EZINBESTEKO ZERBITZUETAKO BEHARGINEK COVID-AREN KRISIAN EGIN DABEN BEHARRA AUTORTU DABE, BAINA EZ DABE TESTU BATERATURIK ADOSTU
- PP taldearen arauz besteko proposamen batean “Bizkaitar Argia” goraipamena emoteko egin dan eskariak atzera bota dau Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialista taldeak autorpen formal horregaz bat egitea.
- Gaur egin dan Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordean, “Mendeko Akordioa” eta Israelek Zisjordania okupau izana gaitzesteko arauz besteko proposamena onetsi da.
(Bilbon, 2020ko garagarrilaren 10ean). Bizkaiko Batzar Nagusietako talde guztiak bat etorri dira koronabirusak biztu dauen krisian osasun arloko eta ezinbesteko zerbitzuek egin daben beharra “autortzeko” eta covid-19aren eraginez galeraren bat jasan daben familien aurrean alkartasuna erakusteko orduan. Talde guztiek kolektiboren bat gehitu edo kendu dabe, arauz besteko proposamen baten bitartez Talde Bereziak (PP) Bizkaiko Batzar Nagusietan planteau dauen esker on horretatik. Halanda be, Batzarretako ganerako talde guztiak (EAJ-PNV, PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia) proposamenaren kontra agertu dira.
Orokorrean, Eduardo Andrade popularrak defendidu dauen ekimenaren helburua, Bizkaiko Batzar Nagusiek, Bizkaiko gizarte osoaren autormena eta esker ona adierazotea zan “COVID-19aren pandemia honetan erakutsi daben entrega, irmotasun, sakrifizio eta konstantziagaitik, zerbitzu publikoetako eta funtsezko sektoreetako profesional eta langile guztiei: profesional eta osasun-langile guztiei, farmazia-establezimenduetako langileei, Ertzaintza eta Estaduko gainerako segurtasun-indar eta -kidegoei, udaltzaingoei, armadari, suhiltzaileei eta Babes Zibilari, larrialdietako zerbitzuetako langileei, gizarte-zerbitzuetako langileei, Justiziaren funtsezko zerbitzuetako langile eta profesionalei, boluntarioei, garraio-langileei, banatzaileei, garbiketako langileei, txikizkako merkataritzako eta supermerkatuetako langileei eta lehen mailako ondasunen ekoizle eta banatzaileei”.
Ekimenean, bizkaitarren “gizalegea, elkartasun-sena eta ardurea” be helduarazo gura zan, eta hildakoengaitik “mina eta penea”, eta baita COVID-19 gaixotasunaren ondorioz kideren bat galdu daben familien aldeko “babesa eta alkartasuna” be.
Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeak bat etorri dira ekimenaren alderdi xedatzaile horregaz, baina azkenean ez dabe onetsi, bertan, zerbitzu publiko ezbardinetako eta arlo ezinbestekoetako profesional eta behargin guztiei “Bizkaitar Argia-Ilustre de Bizkaia" goraipamena emotea eskatzen zalako. Talde bi horreen eretxiz, hori “egituratzea gaitza” da, “orokorregia” dalako, norbanako bat edo talde jakin bat autortzen dauen saria dala kontuan izanda.
EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia be PP taldearen planteamentuaren kontra agertu dira, baina kasu horretan persona eta kolektibo batzuk “kanpoan” itzi diralako, eta “danon onerako” behar egiten “ezertan” lagundu ez daben eta “krispazino gehiago sortu” daben “batzuk” sartu ditualako, Bea Ilardia EH Bilduko bozeroaleak azaldu dauenez. Persona “guztien” esfortzua balioestearen alde agertu da, “salbuespen barik”, eta ez bakarrik kolektibo jakin batzuek egin dabena.
Israel Escalante Elkarrekin Bizkaia taldeko ordezkariak, bere aldetik, “dominatxo gitxiago eta zerbitzu publikoen aldeko behar gehiago” eskatu deutso PP taldeari, mendekotasuna daukien personak zaintzeko edo soloetan behar egiteko orduan ezinbestekoak izan diran “etorkinak” be autorpenean sartzeko. Bere eretxiz, autorpen onena zerbitzu publikoak “indartzea” izango litzateke, “ospitaleetakoak, lehen arretakoak eta egoitzetakoak”, batez be.
LARRIALDIETAKO ZERBITZUAK
Batzorde berean, Foru Gobernua eusten daben taldeek eta Talde Bereziak ez dabe onetsi EH Bilduk planteau dauen eta Elkarrekin Bizkaiaren aldeko eretxia jaso dauen arauz besteko proposamen bat. Proposamen horretan, igaz iragarri eban Euskadiko Larrialdien Plana aurkezteko eskatzen jakon Eusko Jaurlaritzari.
EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek azaldu dabenez, daborduko beharrean ari dira “sindikatuakaz, beharginakaz eta alkarteakaz” plan hori egiteko. Covid-19ak eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen deialdiak plana gelditu egin eben. Izan be, Jane Eyre Urquieta jeltzaleak esan dauenez, Gasteizko Legebiltzarrak aho batez onetsi eban “158 personak” parte hartu daben plan hori aurkeztu daiala Eusko Jaurlaritzari eskatzea.
EH Bilduk, lurralde bakotxeko koordinazino zentroei eusteko, larrialdietako ekipoen egitekoak eta kategoria funtzional bakotxaren zereginak definiduteko eta SOS Deiaken eta larrialdien arteko protokoloak hobetzeko eskatu dau, beti be zerbitzu hobea eta azkarragoa emon ahal izateko, estruktura horren izaera “publikoagaz” jarraituz.
ISRAEL ETA PALESTINA
Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Diputatuak Elkarrekin Bizkaia taldeagaz eukan haserrea erakutsi dau saioaren hasieran, “startupak” azeleretako Israelgo SOSA erakundeagaz sinatutako hitzarmenaren barri emoteko bere agerraldia eskatu dauelako, berak ez daukalako gaiaren inguruko eskumenik eta bagilaren 3an Teresa Laespada diputatuak eta bagilaren 26an Ainara Basurkok hori guztia argitu ebelako. Talde Berezia (PP), Euskal sozialistak eta Euzko Abertzaleak taldeek be bat egin dabe kexa horregaz, eta Aldundiko ordezkariek beste batzorde bietan egin ebezan adierazpenak aitatu ditue. Juan Otermin sozialistak esan dauenez, gai hori “10 bider” landu da Bizkaiko Batzar Nagusietan.
EH Bildu talde morearen alde agertu da, SOSAgaz sinatuta dagon akordioa “apurtu” daiten, Palestinako herriaren giza eskubideen kontra dagolako. “Gai hori hona ekarten badogu, zeozer txarto egiten dalako da, Batzar Nagusiek gauza bat esan eta beste bat egiten dabelako”, esan dau Bea Ilardia bozeroaleak.
Baina, Batzarretako taldeak ados jarri dira puntu batean, Estadu Batuetako Presidenteak eta Israelgo Lehen Ministroak, euren aldetik bakarrik, sinatu daben “Mendeko Akordioaren” kontra agertzean, NBEak Palestinaren ganean hartu dituan ebazpenen “kontra” dagolako. Elkarrekin Bizkaia taldeak aurkeztu dauen arauz besteko proposamenak gainerako taldeen aldeko eretxia jaso dau, abstenidu egin dan Talde Bereziarena (PP) izan ezik. Proposamenean jasoten danez, Bizkaiko Batzar Nagusiek “berretsi” egiten dabe “Palestinako herriaren eskubideak defendiduteko eta palestinarrentzat eta israeldarrentzat, guztientzat, bakean, justizian, segurtasunean eta duintasunean oinarritutako etorkizunaren alde behar egiteko” konpromisoa. Bizkaiko Batzar Nagusiak, Nazino Batuek emon dituen hainbat ebazpenetan oinarrituta, Nazino Batuen Erakundeak 1967an ezarri ebazan mugetatik haraindi Israelek egiten dituan okupazino guztien kontra agertzen dira.