Aurreko Albisteak

BATUZ PROIEKTUAK BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO LEHENENGO TRAMITEA IGARO DAU

  • Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen proposamenez, Ogasun eta Finantzetako Batzordeak indarrean sartzeko egutegi barria adostu dau.
  • Foru Gobernua eusten daben taldeek oposizinoak aurkeztu dituan aldaketarako 50 zuzenketa-eske baino gehiago bota ditue atzera.
  • Ogasun eta Finantzetako Batzordeak on ikusia emon deutse bitartekari fiskalak kontroletako eta Europan elusio fiskala saihesteko tributuen beste aldaketa batzuei.

(Bilbon, 2020ko garagarrilaren 9an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako Batzordeak argi berdea emon deutso gaur datorren urriaren 1ean norberaren borondatez eta 2022. urtetik aurrera derrigorrez Batuz ezarteko Foru Arau Proiektuari. Horrez gain, Bizkaiko tributuen arautegia iruzur fiskalaren kontrako burrukan zerga administrazinoen arteko lankidetzarako Europako arteztaraura egokitzeak be batzordearen on ikusia jaso dau. Foru Gobernua eusten daben taldeek (EAJ-PNV eta PSE-EE) oposizinoaren zuzenketa-eske bakarra be onartu ez daben eztabaida luzearen ostean, proiektu biak osokoak onetsi beharko ditu, indarrean sartu aurretik.

Batuzeri jagokonez, sistema horrek jarduera ekonomikoen kontrolerako eta zerga arloko betebeharrak betetea errazteko neurriak jasoten ditu. Batuz ezarteko proiektuak aldaketak ekarriko ditu Soziedadeen ganeko Zergaren, Persona Fisikoen Errentaren ganeko Zergaren, Ondarearen ganeko Zergaren eta Bizkaiko Lurralde Historikoko Tributuen Arau Orokorraren foru arauetan.

Aldundiak, Covid-19a dala eta aldatu egin behar izan dan egutegia erabilten dau Batuz ezarteko, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen proposamenez. Helburua, zergen kontrolerako sistemea 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera derrigorrezkoa eta 2020ko urriaren 1etik aurrera borondatezkoa izatea da.

Batzordeak ez ditu onetsi oposizinoko taldeek planteau dituen aldaketarako zuzenketa-eske gehienak. PP taldeak 2025. urtera atzeratu gura eban araua indarrean sartzeko datea, erregulazino barriak eta betebeharrek “epealdi luzeagoa eskatzen dabelako zergadunak neurrien egokitzapena eta martxan jartea eta horreen aplikazino praktikoa gauzatu daizan”. Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu taldeek be, euren aldetik, urtebete atzeratzea planteau dabe, Covid-19aren pandemiaren eragina dala eta. Talde guztiek osokoan eztabaidatzeko erreserbau ditue euren zuzenketa-eskeak –50 baino gehiago–.

KENKARIAK, AITORPENAK ETA ZEHAPENAK

Batuz ezarteak enpresei eta autonomoei aparteko gastua eragin ahal deutsenez, Batuz ezarteko orduan egindako gastuaren %30 PFEZn edo Soziedadeen Zergan kenkari moduan sartu ahal izatea aurreikusten dau Bizkaiko Ogasunak bere arau proposamenean. Kenkari hori 2020 eta 2021 ekitaldian aplikau ahal izango da. Kendu ahal izango dan gastua softwarea erosteko, fakturazino sistemea barriztetako edo periferikoak, tiketen inprimagailuak, adibidez, erosteko gastua izan leiteke

Zergadunek 140 eta 240 ereduen bitartez bialduko daben informazinoagaz, Bizkaiko Foru Aldundiak euren BEZ eta Soziedade edo Errenta aitorpenen zirriborroak daborduko eginda emongo deutseez enpresei eta autonomoei. BEZari jagokonez, lehenengo zirriborroa 2022ko zezeilean bialduko jake zerga hori hilero aurkezten daben zergadunei, eta apirilean hiru hilebetez behin egiten dabenei. Autonomoek, ganerako persona fisiko guztiek moduan, 2022ko apirilean jasoko dabe errenta aitorpenaren zirriborroa, eta enpresek 2023ko garagarrilean izango dabe zerbitzu hori, aurreko urteari jagokon soziedadeen zergea likidetan dabenean.

Batzordeak onetsi dauen Foru Arau proiektuak betebeharrak ez beteteak ekarriko dituan zehapenak be aurreikusten ditu. TicketBAI softwareak marketan dituan betebeharrak ez beteteak negozio zifraren %20ko zehapena jasoko dau, 20.000 euro gitxienez. Zehapena jaso dauen zergadunak arau-hauste bera barriro eginez gero, zehapena negozio zifraren %30ekoa izango da, 40.000 euro gitxienez.

ELUSINO FISKALA JAZARTEA

Horrez gain, batzordeak bide librea emon dau Bizkaiko Batzarrek osokoan onetsi daien Europako DAC 6 Arteztaraura egokitzeko Foru Arau Proiektua, bitartekari fiskalei betebehar gehiago ezarriz. Plangintza fiskaleko mugaz gaindiko mekanismoak Foru Ogasunari jakinarazo beharko deutseez. Holan, Bizkaiak, bere zerga arloko arautegia Europako zerga administrazinoen arloan lankidetzan aritzeko DAC arteztarauetara egokitzeko prozesua osatuko dau iruzur fiskalaren kontra burrukatzeko.

Arteztarau horrek, plangintza fiskaleko mugaz gaindiko mekanismoak zerga administrazinoari jakinarazo beharra ezarten deutse bitartekari fiskalei (abogaduei, ekonomialariei, aholkulari fiskalei, inbertsino erakundeei, bankuei…). Europako zerga agintariek trukau egingo daben informazino horrek informazino osoa eskuratzeko eta “erasokorrak izan daitekezan” mekanismo fiskalen aurrean erreakzionetako aukerea emoten dau.

Testu barriak, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen proposamenez, eta Europan onetsi danagaz bat etorrita, informazino hori, berandu jota, “2021eko zezeilaren 28an” aitortu beharko dala ezarten dau. Horrez gain, arau proiektuak “400.000” euro arteko zehapenak jasoten ditu, arau hauslea zergaduna bera bada, eta soldataren baliokidea izango dan zehapena arau hauslea bitartekaria danean.

Batzordeak, azkenean, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek batera aurkeztu dituen 6 zuzenketa-eske tekniko onetsi ditu, eta baztertu egin ditu EH Bilduk aurkeztutako 2 eta Elkarrekin Bizkaiak aurkeztutako beste 9. Talde biek osokoan eztabaidatzeko erreserbau ditue.