ALDUNDIAK KONPOSTAJE PLANTEN ESKUALDEKO EREDUA ZABALDUKO DAU 2021EAN
· Elena Unzueta Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako foru diputatuak, bosgarren edukiontziko hondakinak tratetako sistema barriaren lizitazinoaren ganeko informazinoa emon dau Bizkaiko Batzar Nagusietan; oraindino erabagi barik dagozan lurraldeko hiru puntutan egongo da.
(Bilbon, 2020ko garagarrilaren 6an). Bizkaiko Foru Aldundiak, Garbiker soziedade publikoaren bitartez, eskualde mailako konpostaje plantak martxan jarteko lizitazinorako prozedurea hasi dau, gaur goizean, EH Bilduk eskatutako agerraldi batean, Elena Unzueta Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan azaldu dauenez. Foru erakundeak zatiki organikoaren batuketea eta tratamendua zabaltzeko helburua lortzeko emon dauen “beste aurrerapausu bat” da, bosgarren edukiontziaren (edukiontzi marroia) bitartez lurraldean modu selektiboan batzen diran gero eta bio-hondakin kopuru handiagoak kudeetako ahalmena handituz.
Neiker zentro teknologikoagaz lankidetzan konpostaje sistema desbardinak aztertu eta gero, lurraldearen ezaugarri demografikoetara eta orografikoetara egokituko dan sistemea aukeratu da. Garbikerrek edegi dauen lizitazinoak, konpostajeko hiru erreaktore bertikal, kargetako pala teleskopiko bi, birringailu bi eta hiru kribagailu aurreikusten ditu.
Eskualde mailako hiru planta horreek ezarri eta gero, zatiki horren kudeaketea deszentralizau be egingo da, eta, hori dala eta, hondakin horreek eta tratamentuaren ostean lortutako konpostak kamioietan egiten dituen bidaiak laburragoak izango dira, eta horrek “zerbitzuaren eraginkortasuna hobetuko dau”. Horrek, aldi berean, “negutegi efektua daukien gas gitxiago isurtzea ekarriko dau, eta jasangarriago bilakatuko ditu” bio-hondakinaren batuketea eta tratamentua.
Konpostaje bertikaleko sistemen abantailea, “prozesuaren espazio beharrak ahalik eta gehien murrizten dabela” da. Kanpoaldean egon daitekez, eta instaletako “ez da obra handirik behar”, azaldu dau Unzuetak. Ganera, Aldundiaren esku dagon soziedade publikoak, “behar izan ezkero instalazinoen ahalmena handitzeko aukerea emongo dauen sistema modulagarria” aukeratu dau.
Eskualdeetako plantak osatuko dituen elementuak eskuratzeaz batera, Bizkaiko Foru Aldundia eta Garbiker, ekipamendu barriak ezarriko diran eskualdeak zehazteko azterlana ari dira egiten, hainbat gai kontuan hartuta: sortzen dan holango hondakin kopurua edo eskualdeen eta Artigaseko Konpostegiko instalazinoen artean dagon distantzia, hain zuzen be. Hori da orain arte zatiki organikoaren tratamentua egiten dauen plantea. Eskualde mailan “hainbat hautagai” dagoz.
Unzuetak nabarmendu dauenez, 2021ak jauzi “kualitatibo eta kuantitatibo” handia ekarriko dau zabor organikoaren zatiki horren aprobetxamenduan. Aprobetxamendu hori handitu egingo da datorren urtean, “Bizkaia osoan” hedatuta egongo dan bosgarren edukiontzian okela eta arrain hondakinak jasoteko aukereagaz.
Batzarretako taldeek “pozik” hartu ditue konpostaje arloko aurrerapausu horreek, baina Elkarrekin Bizkaiako Héctor Fernándezek, oraindino edukiontzi marroirik ez daukien “16 udalerri” egotea eta Bizkaia Europak marketan dauen helburutik “urrun” egotea kritikau dau. Europak marketan dauena, “2026an” materia organikoaren batuketa selektiboan “%4,5era” heltzea da. Urtero Bizkaian batzen diran “10.700 tonak” guztiaren “%1,7” baino ez dira.
ABELBURUAK BAHITU IZANA ZUGAZTIETAN
Maiatzaren 19an Aldundiak Macho harrobiaren inguruan (Ortuella) hamar abelburu bahitu izanak, Iraunkortasuneko diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietara etorteko eskatzera eroan ebazan EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeak. Talde biek uste dabenez, Trianoko mendietan errepikau egiten dan gertakari horrek, “artzaintzako eskubide historikoak ez dirala errespetetan ari” erakusten dau. Eskubide hori “denporaz gaindikoa eta herritar guztientzakoa” da, eta holan jasoten dabe epaileen “hainbat” erabagik.
Unzuetak ukatu egin dau eskubide horreek lur horreek babesten dituenik, meategietako ustiapenak ailegau ziranean eskubideak balio barik geratu ziran eta. Holan, Aldundiak, 1988an, 600 hektareako 500 zenbakiko Ondare Mendia eskuratu eban, “karga barik, Jaubetzaren Erregistroaren inskripzinoan adierazoten dan moduan”. Diputatuak baieztu dauenez, inguruko abeltzainakaz eta inplikautako udalakaz urte luzez behar egin ostean, “pausu garrantzitsuak” emon dira aisiarako eta artzaintzarako guneak jasoten dituan lurraren erabilerak antolatzeko. Une honetan, “legez eratutako hiru alkartek” daukie inguru horretan artzaintzarako administrazinoaren emakidea
Unzuetak azaldu dauenez, inguru horretan abelburuen jaube batzuekaz errepiketan dan gertakaria, Aldundia jaube dan “91,19 hektareako” lurraren parte batean emoten da, eta “leku horretan ez dago bazkatzeko eskubiderik”. Hori dala eta, Aldundiak jardun behar izan dau, eta “eten barik eta behin eta barriro” araudia beteten ari ez diran jaubeen abelburuak bertatik eroan.
Aldundia gauzatzen ari dan jarduketek, horreen artean abelburuak bahitzea, hainbat “arazo” saihestu gura ditue, adierazo dau, horreen artean, Gallarta eta Zugaztieta lotzen dituan errepidera sartzen diran abelburuek sortzen daben “bideko segurtasun faltea”, “gurata” egindako suteen eragina, aisiarako guneetan dagozan higiene arazoak, lurraren “legez kanpoko” okupazinoak edo Aldundiko beharginek jasan dituen “indarkeria eta mehatxu” gertakariak, adibidez.
EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeek, euren aldetik, esan dabe penagarria dala Aldundiak foru agindu bat eta administrazino arloko emakida bat erabiltea artzaintzarako eskubide historiko bat kentzeko. Iratxe Arriola koalizino abertzaleko batzordekideak abelburuak libre izteko, abeltzainei kalte-ordaina emoteko, eta abeltzainen eskubideen kontra dagon gatazkea “alkarrizketan oinarrituta” konpontzeko eskatu dau. Abelburuak bahitzea, jaube horreen kontrako “txantajea” dala esan dau.
Unzuetak, bere aldetik, araudia apliketan jarraituko dabela adierazo dau, eta artzaintza baimenduta ez dagon lurretan “legez kanpo” sartu diran abelburuak “70” inguru izan dirala esan dau. Nabarmendu dauenez, abelburuak bahitu aurretik jaube “guztiei” jakinarazoten jake egin behar dana, eta “batek be” ez ditu bere animaliak bertatik kendu gura izan. Mendien Foru Arauaren eta hiru alkarteri emondako administrazino arloko emakidak arautzen dituen foru aginduen kontrako jokabideak eta jarrerak gaitzetsi ditu, eta jokabide horreek, euren abelburuak Bizkaiko Foru Aldundia jaube dan lurretan egoteko legezko aginduak beteten dituenen kontra doazala azpimarratu dau.