OPOSIZINOETARA AURKEZTU ZAN PERSONA BATEK ORAIN LAU URTEKO GUFE-REN EEP-A BEHIN BETIKO EBAZTEKO ESKATU DAU BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN
- Adrián Oiarbidek, azterketak gainditu ebazan hautagaietako batek, Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordean adierazo dauenez, 2016-2017 LEParen kontra aurkeztutako administrazinoaren aurreko auzi-errekurso batzuk erizaintzako 26 plazen sinadurea geratuazoten ari dira.
(Bilbon, 2020ko garagarrilaren 3an). Adrián Oiarbide, Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko (GUFE) 2016ko eta 2017ko LEPeko erizaintzako 26 plaza eskuratzeko prozesuko azterketak gainditu ebazan hautagaietako batek, orain lau urte hasi zan eta oraindino ebatzi bako epaibidezko errekurso bi dituan oposizinoa “atoan ebazteko” eskatu dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordean.
Oiarbidek, 2016ko eta 2017ko LEPean 26 persona kontratetako prozesua deskribidu dau batzarretako taldeen aurrean. Lau probak (test motako azterketa bi, azterketa teknikoa eta euskerazko probea) 2018tik 2019aren amaieraren artean egin ziran. Prozesu horrek erreklamazinoak eragin ebazan aukeraketa prozesuan parte hartu eben personen artean, eta hori dala eta, LEPa behin betiko ebaztea geldik itzi daben administrazinoaren aurreko 3 auzi prozesu etorri ziran. Oposizinoetara aurkeztu zan personak adierazo dauenez, bagil honen hasieran horreetako batek bigarren azterketako galderetako bat baztertu dau. Hori holan izanda, persona gehiagok gaindituko eben probea. “Hamahiru persona gehiago” (aurkeztu ziran 488 personetatik 30ek baino ez eben proba hori gainditu) izango ziran probea gaindituko ebenak. Dana dala, une haretan “inork ez eban ezer esan”; hainbat sindikaturen jokabidea be kritikau dau.
Oposizinoetara aurkeztu zan personak epai hori “errekurritzeko” eta “izendau eban epaimahaiaren erespidea bukaera arte defendiduteko” eskatu deutso GUFEri, “oposizinoa gainditu eben personak diralako epaimahai horren eretxiz gaitasun handiagoa, ezagutza maila altuagoa, erakutsi ebenak, profesional kualifikauenak euki gura dituan kalidadeko zerbitzu publikoaren mesederako”. “Plaza horreek besteen baldintza bardinakaz eskuratzeko eskubidea kentzen jaku”, esan dau.
Oiarbidek azaldu dauenez, “herritarrak Administrazinoagaz hartu-emonak izateko modua dago jokoan” eta, horregaitik, prozesuaren ebazpena arintzea eskatu dau, izan be, une honetan, GUFEk “%40tik gorako” aldi baterakotasuna jasaten dau. “Ia oposizino guztietan aurkezten dira errekursoak, eta ia guztietan kontratazinoko epaimahaiak hartzen dau ebazpena”. Bere kasuan, LEPa “etenda dau berez, zuzenbidez etenda egon ez arren”.
Batzarretako taldeek kasuaren ganeko informazino “zehaztua” eskertu deutsie Oiarbideri eta, aldi berean, GUFEko behargin guztiek Covid-19aren pandemian egin daben beharra eskertu dabe. Oposizinoak esan dau errekursoa jaso dauen kontratazino prozesuaren ganeko “argibideak” eskatuko deutsazala Aldundiari. EAJ-PNVko lerroetatik “zuhurtzia” eskatu dabe, eta aurkeztu diran ganerako salaketak ebatzi arte “itxarotea”, “segurtasun juridikoa dala eta”.