FORU AURREKONTUAREN %0,7A GARAPENERAKO LANKIDETZARA BIDERATZEKO APUSTUA EGIN DABE BATZARRETAKO TALDEEK
· Bizkaiko Batzar Nagusietako talde politikoak ez dira ados jarri neurri hori noiz aplikau behar dan erabagiteko orduan.
· Batzarretako EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeek ehuneko horretara 2021eko foru kontuetan ailegetea eskatu daben bitartean, Foru Gobernua eusten daben taldeek (EAJ-PNV eta PSE-EE) eta Talde Bereziak, helburu hori legealdi honetan “apurka-apurka” lortzea defendidu dabe.
(Bilbon, 2020ko garagarrilaren 2an). “Kudeaketa propioko” foru aurrekontuaren %0,7a Garapenerako Lankidetzara bideratzea errealidade bihurtuko da legealdi honetan. Batzarretako taldeek partida horren ganean egin dabe berba gaur Elkarrekin Bizkaia taldeak Bizkaiko Batzar Nagusietako batzordean planteau dauen arauz besteko proposamenaren eztabaidan. Talde horrek kanpora emoten dan laguntza hori datorren urtean ezartea eskatzen eban, pandemiak garapen bidean dagozan herrialdeetan “eragin handiagoa” eukiko dauelako. Horrez gain, foru erakundearen aurrekontu “osoaren” ehunekoa izatea be eskatzen eban.
Batzarretako talde guztiek defendidu dabe kanpoan garapenerako politikak ezarteko helburua daukien proiektuei egiten jaken ekarpen ekonomikoa handitzearen “garrantzia”, baina ez dira ados jarri erritmoan eta zenbatekoan. Arauz besteko proposamenean, Elkarrekin Bizkaiak, EH Bilduren laguntzeagaz, %0,7ko ehuneko hori 2021eko foru aurrekontuetara aurreratzea defendidu dau, Bizkaiko Lankidetzarako 2017-2020 III. Plan Zuzentzailean jasoten zan moduan. Ekimen horretan, Estadu horreen kanpoko zor “guztia” parkatzeko be eskatzen jakon Espainiako Gobernuari. Ekimena ez da onetsi, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia (PP) kontra agertu diralako.
Foru Gobernua eusten daben taldeek, legealdi honetan, %0,7rantz “apurka-apurka aurrera joatearen” planteamendua defendidu dabe. Une honetako kontuetan, Bizkaiaren alkartasuna “7.339.000 eurokoa” da, hau da, kudeaketa propioko aurrekontuaren “%0,44a”, Juan Otermin sozialistak gogoratuazo dauenez. Ehuneko horretan oinarrituta, lurraldea “estaduko ranking-eko lehenengo lekuan” dago, eta zenbateko osoari jagokonez, barriz, “zazpigarren lekuan”. Aurrekontuetan egon daitekezan estutasunek “ez ditue zalantzan jarriko” lurraldeak alkartasunaren eta lankidetzaren arloan egiten dituan ahaleginak.
Zorra parkatzeko eskariari jagokonez, EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeek parkamen hori “kontu handiz” eta alde anitzetako erakundeen barruan, EBn, adibidez, egin behar dala esan dabe.
GIZARTE ERROLDEA ETA ETXEBIZITZEA
Beste alde batetik, Enplegu, Gizarte Inklusino eta Bardintasunerako Batzordeak baztertu egin ditu Elkarrekin Bizkaia taldearen arauz besteko beste proposamen bi. Horreetan, talde horrek, alde batetik, etxerik bako personek Bizkaian “gizarte erroldea” izatea eskatzen eban, Gizarte Zerbitzuen euskal sistemaren laguntzak eta zerbitzuak eskuratu ahal izateko eta, bestetik, osasun larrialdiko harrerarako aldi baterako baliabideek “sine die” jarraitzea. Ekimen biak emaitza berberagaz baztertu dira: kontrako 10 boto (EAJ-PNV, PSE-EE eta PP) eta aldeko 5 (Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu).
Talde morearen ekimenen kontra agertu diran hiru taldeek esan dabenez, errespetau egin behar da etxebizitzari eta diru-sarrerak bermatzeari jagokonez eskumenak Eusko Jaurlaritzaren esku egotea. Ganera, ez dira ados agertu kalean bizi diran personei arretea emoteko baliabideekin jarraitzeagaz, konfinamenduan egin dan moduan, horrek, udal kiroldegiak horretara bideratzea eskatuko leukelako. Aldi baterako baliabidea izan da eta “etxerik ez eukitea”, soluzino “integrala” eskatzen dauen arazo “konplexuagoa” da.
Eztabaidan, EAJ-PNVk eta PSE-EEk, Aldundiak egoera zaurgarrian dagozan personei arretea emoteko daukan jarrera “zabala” eta “malgua” defendidu dabe. Horretarako ez da ezelango dokumentazinorik behar, erroldatuta egotea, adibidez. Otermin sozialistak hainbat adibide aitatu ditu, indarkeria matxistaren biktima diran emakumeentzako bizilekuak egokitu izana edo “adierazpen arduratsu” huts baten bitartez laguntza bereziak eskuratzeko aukerea, beste batzuen artean.
Elkarrekin Bizkaiak eta EH Bilduk esan dabenez, Covid-19ak eta horren ondorioek arazoa larriagoa bilakatuko dabe etorkizunean. Konfinamenduak iraun dauen bitartean, “Bilbon bakarrik”, “300 persona baino gehiago” egon dira kalean bizitzen. Hori dala eta, talde moreko Israel Escalantek eta koalizino abertzaleko Izaskun Duquek “jarduketei lehentasuna” emotea eskatu dabe, inor kalean ez izteko, “danok eskubide, betebehar eta aukera berberak euki behar doguzalako”. Holan, talde biak, daborduko Bizkaian apliketan dan “Housing First” formulea zabaltzearen alde agertu dira.