Aurreko Albisteak

NAZINOARTEKO EKINTZAILETZA ZENTROAREN 2020KO AURREKONTUAREN "%80 BAINO GEHIAGO" BIZKAIA AURRERA PLANERA EGONGO DA ZUZENDUTA

  • Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapenerako diputatuak Nazinoarteko Ekintzailetza Zentroa kudeetako baldintzen plegu barrien baldintzak azaldu ditu Bizkaiko Batzar Nagusietan.
  • Aldundiak baztertu egin dau Bilbao Metrópoli 30era zuzenduta egoan “500.000 euroko” partidea, Aldundiko talka planera desbideratzeko.

(Bilbon, 2020ko bagilaren 25ean). Gaur goizean Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian, Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapenerako foru diputatuak, Bizkaiko Nazinoarteko Ekintzailetza Zentroaren (BNEZ) zuzendaritza eta kudeaketa zerbitzua “urteko azkenengo hiruhilekoan” esleitzeko kontratazino prozedura barria zehaztu dau. 19 eragile potentzial entzun ostean, lehiaketa barriak obrea zuzentzeko eta Bizkaia Torrean erreserbautako gunean behar diran altzariak erosteko gaitasuna gehitzen deutsaz esleipena jasoten dauen enpresari. Horrez gain, pleguak kanona igo eta alokairuaren prezioa bajetan dau. Hori bai, aurton, eta krisi egoerea dala eta, hasieran proiektu horretarako esleitu zan aurrekontuaren “%80 baino gehiago” ekonomia barrindartzeko Bizkaia Aurrera preminazko planera bideratuko dau Aldundiak.

Basurkok azaldu dauenez, kontratazino barria prozedura negoziau edegiaren bitartez egingo da. Pleguak obrea zuzentzeko eta Bizkaia Torrean erreserbautako gunean behar diran altzariak erosteko gaitasuna gehitzen deutso zentroaren kudeaketeari, eta horretarako “beste 5 milioi euro” jarten ditu. Igoera hori justifikauta dago, enpresek “espazioen dinamizazinoa zentroaren arrakastarako garrantzitsua eta estrategikoa dala jakinarazo deuskuelako”.

Kontratuak prezio orokorra “10 milioi eurotik 15,5era igotzea” aurreikusten dau, eta espazioen alokairuaren prezioa 3 eurotan murriztuko da, “16 eurotik 13 eurora metro karratua”. Dana dala, garbiketea eta mantentze-lanak kudeatzaileak hartu beharko ditu bere gain. Nazinoarteko Ekintzailetza Zentroak Europa hegoaldeko handiena izan gura dau, eta lehenengo fasean torrearen 4.000 metro karratu hartuko ditu.

Basurkok adierazo dauenez, azkenean aplikauko diran prezioa eta kanona negoziau egingo dira. Aldundiak eskaintzea egiten dabenen merkataritzako zerbitzuak eta nazinoartean daukien presentzia balorauko ditu, baina alderdi horrek puntuazino “bera” eukiko dau enpresaren jatorria bat edo beste bada be, lehiaketara aurkezten dana nongoa dan kontuan euki barik, bere gaur egungo lokalak 1.000 metro karratutik gorakoak badira.

Basurkoren berbetan “hazkunderako eta enpresak eta enpleoa sortzeko motor moduan ekintzailetzea sustatzeko” planteau dan proiektu “estrategikoaren” aurreko kritikak oposizinoko talde guztien aldetik etorri dira. Basurkoren agerraldia eskatu dauen Elkarrekin Bizkaiak salatu dauenez, proiektu “mamu” horrek “11,5 milioi eurotan” handitu dau bere aurrekontua, 26,5 milioi eurora heldu arte. Legealdiko “izar nagusiak” “zulo baltza emoten dau orain”, esan dau Xabier Benitok.

Amaya Fernández Talde Bereziko (PP) bozeroaleak “iragarritako porrota” dala, eta aurrera atera ahal izateko, Aldundiak “beherapenak” egin beharko dituala esan dau. “Milioi gehiago Ahaldun Nagusiaren burugogortasuna aurrera aterateko”, bere “izar nagusia”, Covid-19a dala eta “enpresak ixten ari diran” bitartean.

Bea Ilardia EH Bilduko bozeroaleak kontratazino barriagaz ez datorrela bat esan dau, “kanpoko enpresen eskarietara egokitzen dalako, fiskalitatearen arloan alfonbra gorria jarriz”. Proiektuak “zalantzak” sortzen ditu krisi garai honeetan, eta baita “bape argi ez dagozan emaitzak” be.

Kritiken aurrean, PSE-EEk esan dau Aldundia krisiari aurre egiteko neurriak hartzen ari dala, baina BNEZ “ekonomia bultzatzeko estrategia” dala. Horretarako, “aukerak zabalduko dituen eta aberastasuna sortuko daben proiektuak behar doguz”, azaldu dau Ana Campok. Hasiera batean “behar bada ilusino eta asmo larregi euki genduzan, baina proiektua aukera moduan balorau gendun, kontrol publikoak emoten dauen bermeagaz”.

Euzko Abertzaleak taldearen aldetik zentro horren aldeko apustua berretsi da, helburuek “berberak izaten jarraitzen dabelako”. “Ekintzailetzea eta barrikuntzea erakartea eta bertan eustea, hau da, lanpostu gehiago eta herritarrentzako ongizate handiagoa sortzea”, esan dau Mikel Bagan jeltzaleak. Kontratuaren kostua justifiketako orduan, jeltzaleak esan dau igoera horren parte bat, hutsik geratu zan hasierako prozeduran jasoten ez ziran elementu barriak sartu diralako etorri dala. “Ezin dogu perspektibea galdu, 16 urteko inbertsino baten inguruan ari garalako berbetan”, esan dau, amaitzeko.

HITZARMENA SOSAGAZ

Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaiak, pandemia egoeraren unerik gogorrenean, apirilean, “760.000 eurorengaitik” Aldundiak Israelgo SOSA enpreseagaz barriro sinau dauen hitzarmen “eskandalugarriarengaitik” galdetu dau, foru erakundea “Bizkaian inbertidutea eskatzen dauen publizidadea egiten ari dan une berean”, hain zuzen be. Israelgo erakundeak proiektu teknologikoak eta armen ganekoak ditu Israelgo Gobernuagaz, egoitzea Tel Aviv-en daukan erakundea “eusten daben” HP eta RAFAEL enpresen bitartez, besteak beste.

Foru diputatuak azaldu dauenez, akordio hori, “Lurraldeko ekintzailetzea indartzeko” Biscay Startup Bay estrategiaren barruan dago. SOSAgaz sinatu dan eta Covid-19ak eragin dauen geldialdiaren ostean 2022ra arte luzatuko dan hitzarmenaren helburuen artean, “15.000 startup baino gehiago” batzen dituan eta ekintzailetzaren arloan “nazinoarteko erreferentea” dan enpreseagaz behar egitea dago.

Akordio hori, Bizkaiko startup-etan “barrikuntzarako prozesuak” arintzeko lankidetzak bilatzeko prozesuaren barruan dago. Basurkok esan dauenez, Bizkaiak “zabaldu behar dogun oso harrobi garrantzitsua” dauka. “%88ko” biziraupen mailea daukien, batez beste “1,2 milioi euro” fakturetan daben eta bakotxak “6,3 behargin” dituan “200 startup barritzaile”. Hitzarmen horri esker, lurraldeko 60 enpresak egotaldiak egingo ditue Tel Aviven edo New Yorken, beste startup batzuekaz alkarrekintzan aritzeko, agenda indibidualizauagaz.

BILBAO METROPOLI 30-ENTZAKO KONTSIGNAZINOAK

Elkarrekin Bizkaiak egindako galderei erantzunez, bere sailak Bilbao Metropoli 30gaz daukan hartu-emon ekonomikoa azaldu dau Ainara Basurkok Bizkaiko Batzarretako Ekonomiaren Sustapenerako Batzordean. Talde horrek uste dauenez, Covid-19ak eragindako krisi ekonomikoa dala eta, “beharrezkoak ez diran gastuak” alde batera itzi beharko litzatekez, beste batzuen artean, Israel Escalanteren eretxiz “txiringito itxurea daukan” soziedade bati 2020ko aurrekontuetan esleitutako “milioi bi euro baino gehiago”, hain zuzen be.

Aldundiak azaldu dauenez, Aldundiaren aurrekontuek hitzarmen bi jasoten ditue, “900.000 euroko” bat turismoaren sustapenerako eta “500.000 euroko” beste bat kanpoko sustapenerako. Basurkok azaldu dauenez, azkenengo hori “bertan behera itzi da”, pandemiak sortu dauen egoerea dala eta, eta bere kopurua Bizkaia Aurrera Planari “lehentasuna emotera” eta “gertuko merkaduak” lantzera bideratu da. Plan horretara bideratu dira, baita be, Aldundiak nazinoarteko ekitaldiak ekarteko ekintzak gauzatzeko eukazan beste “750.000 euro”.

Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaiari erantzunez, sartu beharreko partidak sartzeko eta enpresa txikiei edo autonomoei 7.500 euro arteko mikro-kredituak emon ahal izateko SEED Capital Bizkaia Mikroren handitzearen ganeko informazinoa emon dau diputatuak. Orain arte, “400 enpresa inguruk” eskatu ditue mailegu horreek. Bizkaiko Foru Aldundiak milioi bat euro baino gehiago emon ditu daborduko.