Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK, OSASUN ETA KULTUR ARLOKO PRODUKTUEN BEZ TXIKITZEN DAUEN DEKRETUA ONETSI DABE

  • Apirilaren 21eko 15/2020 Errege Lege-Deketuaren transposizinoa da.

  • Bizkaiko Batzarrek ez ditue onetsi Bizkaiko gizarte eta egoitza ereduan eta fiskalitatean aldaketak bilatzen ebezan EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeen mozinoak.

(Bilbon, 2020ko bagilaren 24an). Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak kontrako boto barik onetsi dau Bizkaiko lurraldeko Balio Erantsiaren Zergea (BEZ) aldatzen dauen maiatzaren 26ko foru dekretu arau emoilea, osasun eta kultura arloetako produktuak eskuratzea merketzeko. Aldaketa horren bitartez, apirilaren 21eko 15/2020 Errege Lege-Dekretura egokituko da eta, hori dala eta, Covid-19aren osasun larrialdia dala eta, zerga horretan “preminazko neurri osagarriak” sartzen ditu, José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak azaldu dauenez. BEZ zergan egin dan aldaketa horrek “produkzino eta gizarte sareari euskarria emon gura deutso” eta, aldi berean, “jarduera ekonomikoa ahalik eta azkarren berreskuratzen lagundu” gura dau, “larrialdi egoerea desagertu eta segiduan”.

Holan, osasuneko materialaren banaketeari jagokonez, ehuneko zeroko BEZ karga ezarri da garagarrilaren 31ra arte. Karga hori, “hartzaileak erakunde publikoak, irabazi asmo bakoak eta ospitaleak diran holango ondasunen barruko banaketei, inportazinoei eta Europako Batasun barruko eskuratzeei” aplikauko jake.

Ganera, BEZ zergaren erregimen sinplifikauaren hiru hilebetez behingo kuotaren ordainketa zatituak kalkuletako orduan be aldaketak sartuko dira, 2020ko zergaldian deitu dan alarma egoerea dala eta.

Kultureagaz eta informazinoagaz erlazionautako produktuei jagokenez, horreek be izango dabe BEZ zergaren jatsierea. Konfinamendua dala eta herritarrek kultureagaz eta informazinoagaz erlazionautako produktu gehiago eskatu dabenez, liburu, egunkari eta aldizkari digitalei apliketan jaken kargea ehuneko 4ra murriztuko da, eta holan baztertu egingo da zerga kargei jagokenez liburu fisikoaren eta liburu elektrikoaren artean egoan diskriminazinoa.

Amaitzeko, enpresa txikien eta ertainen erregimena malgutzeko, kendu egingo da hiru urtez Balio Erantsiaren Zergaren erregimen berezi sinplifikauari eta nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako erregimenari uko egiteko ezarten dan hiru urteko derrigorrezko loturea. Holan, posible izango da 2021ean erregimen horreek barriro apliketea.

Batzarretako talde guztiek onetsi dabe Balio Erantsiaren Zergan egin dan aldaketea, EH Bilduk izan ezik. Testuaren eukiagaz ados egon arren, bere abstentzinoagaz tributu horretan dagon “eskumen faltea” “salatu” gura izan dau.

EREDU SOZIALAREN ETA EKONOMIKOAREN ALDAKETEA

Ostean, eztabaidea, Bizkaiko eredu sozialean eta ekonomikoan egin beharreko aldaketara bideratu da, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeek planteauta. Eztabaideari hasierea emoteko, Eneritz de Madariaga azken talde horretako bozeroaleak, Mozino baten bitartez, aldaketea eskatu dau Aldundiaren gastuaren lehentasunetan, aurrekontuen aldaketa baten bitartez, bere berbetan, urteko kontuak “ez diralako gizarte arloko preminei erantzuteko gai”. Hainbat inbertsino, Lamiakoko itsasadar azpiko errepidea edo Bizkaiko Torrea, beste batzuen artean, alde batera iztea eskatu dau, izan be, proiektu biek hartzen dituen ia 20 milioi euroak “herritarrak erreskatetako erabili daitekez”. Inbertsino horreek “enpleoko politikak garatzera, zerbitzu publikoak indartzera, gizarte arloko inbertsinoak autortzera, pobreziaren, gizarte arloko desbardintasunen eta gizarteko bazterkeriaren kontra burrukea egitera eta izaera ekologiko eta trantsizinoko indartsua daukan jarduera ekonomikoa bultzatzera” bideratu daitekez. Ekimena ez da onetsi, kontrako 33 botogaz (EAJ-PNV eta PSE-EE), aldeko 16gaz (EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia) eta abstentzino bigaz (PP).

Kritikak, Mozinoari baiezkoa emon ez deutsien hiru taldeetatik etorri dira. Amaya Fernández PPko bozeroalearen eretxiz, talde morearen ekimena, beste herrialde batzuetan “beherantz sozializetako” balio izan dauen eta “gizartearen eta ekonomiaren aldetik aurrerapen txikiagoa” ekarri dauen “formula ezaguna” da. “Ez da egia Foru Gobernuak ez dituala kontuan herritarren lehentasunak”, erantzun dau Ekain Rico sozialistak, Aldundiaren politika “guztiak” “enpleoko politiketara eta politika sozialetara eta ekonomiaren garapenera” dagozalako zuzenduta, eta kritikau egin dau talde morearen programea dala “herritarren alde” dagon “bakarra” sinistuarazo gura jakela herritarrei. Jon Andoni Atutxa bozeroale jeltzalearentzat, barriz, Elkarrekin Bizkaiaren mozinoa, Aldundiko Aurrekontu “osoaren aurreko zuzenketa-eskea” da, eta hori daborduko eztabaidatu eta baztertu da Batzar Nagusietan. EAJ-PNV taldeko ordezkariak “erradikaltasunetik” urtetako eskatu deutso talde moreari, “dana edo ezebez, zuria edo baltza” eskatzen dauelako, eta “aurrera egiteko akordioak behar diralako”.

EH Bildu izan da Elkarrekin Bizkaia taldearen mozinoaren alde agertu dan bakarra, Arantza Urkaregiren eretxiz “betiko errezetek ez dabelako balio”. Kudeaketea “esparru publikoko zainketak” aldatuko dituen gizarte politiketan zentrauko dauen aldaketa soziopolitikoa eskatu dau, “arlo horretan lanpostu gehiago eta hobeto ordaindutakoak sortuz eta mendekotasunaren edo gure nagusien zainketan kalidadeko zerbitzu sarea antolatuz”.

FISKALITATEA

Ostean eztabaidatu dan Mozino baten bitartez, koalizino abertzaleak “progresibidadean” oinarritutako aldaketa fiskala eskatu dau, diru-sarrera gehiago lortzeko eta Covid-19ak eragin dituan behar gehiagori erantzun ahal izateko. “Gehien daukienak jagokena ordaindu daien, eta hori une honetan ez da gertatzen”, esan dau Arantza Urkaregik. Ekimena ez da onartu, kontrako 35 boto (EAJ-PNV, PSE-EE eta PP) eta aldeko 16 (EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia) izan ditualako.

Zehatzago esanez, koalizino abertzaleak, gaitasun ekonomiko handiagoa daukien personei eta enpresei zuzendutako COVID tasea” ezartea defendidu dau, “zerga zuzenen kargak aldi baterako eta pausuz-pausu handituz”. Urkaregik fiskalitatea “aldatzeko proposamenak” aurkezteko be eskatu deutso Aldundiari, COVID-19aren pandemiaren eragina ebaluau ostean.

Elkarrekin Bizkaia taldeak bat egin dau aldaketa fiskalaren teoria horregaz. Tasa jakin bat izan behar barik, edo datu gehiago euki arte itxaron barik, talde horrek fiskalitatean aldaketak “atoan” apliketea eskatu dau. “Pazientzia eskatzen deuskue, baina ez dakit zeren zain egon behar dogun neurriak hartzeko”. “Ez neuke gura hauteskunde inguruko kalkuluarengaitik izatea”, esan dau Xabier Benitok.

Euskal Sozialistak taldeak, fiskalitatea aldatu aurretik “errealidade barri hori” ezagutu behar dala esan dau eta, zehatzago esanez, Europako funtsen zenbatekoa eta osasun arloko krisi horrek diru-bilketan izango dauen “benetako” eragina. Ekain Rico batzarkideak, Euskadiko erakundeen sareko “zerbitzu publikoak barriro antolatu behar dirala” esan dau, inbertsino publikoaren “ahalik eta eraginkortasun handiena lortzeko”. Covid-19a, “gura doguzan zerbitzu publikoak zeintzuk diran eta zelan finantzauko diran” gaiaren inguruan “ondo pentsautako gogoetea” egiteko “inflexino puntua” da.

Modu berean, Euzko Abertzaleak taldeak adierazo dauenez, Foru Gobernua une honetan jaso beharreko datuak batzen ari da beharrean, osasun, ekonomia eta gizarte arloko ondorioen “argazkia” egiteko. Jesús Lekerikabeaskoa ordezkariak, epe laburrean baliabideak jasoteko Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak kontroleko azkenengo osokoan defendidu ebana hartu dau oinarri moduan, hau da, “zorrak hartu, Europako funtsen banaketan parte hartu eta Kupoa txikitu”, Gobernu zentralaren neurri ekonomikoak konpentsetako.

ADINEKOEI EMOTEN JAKEN ARRETAREN GANEKO EZTABAIDEA

Beste Mozino baten bitartez, EH Bilduk aldaketak eskatu ditu lurraldeko egoitzen ereduan, pandemiak adinekoen zentroetan izan dauen eraginaren ebaluazinoa eginez. Oposizinoko talde nagusiak, Aldundiak Bizkaiko Batzarretako Gizarte Ekintzako Batzordera eta adinekoentzako egoitzetan inplikauta dagozan sektoreetara (beharginak, egoiliarrak, egoiliarren senideak, enpresa kudeatzaileak eta jaubeak…) Bizkaiko egoitzen ereduak daukazan “puntu ahulen eta indartsuen” ganeko gogoetea bideratzea eskatzen eban. Horrez gain, proposamen hori, "Age Platform Europe" izenekoagaz sinatutako hitzarmenetik sortutako adituen taldera bideratzea be eskatzen eban.

Ekimenak Elkarrekin Bizkaia taldearen aldeko eretxia jaso dau, baina ganerako taldeak kontra agertu dira. EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeek iragarri dabenez, bagilaren 5ean erregistrau zan arauz besteko proposamen bat eztabaidatuko da aurrerago. Bertan, alde batetik, Gizarte Ekintzako foru sailari, hilebeteko epean, covid-19ak egoitzetan izan dauen eraginaren ganeko txostena eskatzea, eta, bestetik, txosten hori Batzarretako talde guztiei bideratzea planteauko dabe, lurraldeko egoitzak bultzatzeko eta hobetzeko neurriak hartzeko. Hiru taldeek, euren ekarpenen bitartez akordio horregaz bat egiteko eskatu deutsee EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeei.