ALDUNDIAK "ABUZTUAN" BUKATUKO DITU ARTAZAKO OBRAK, ETA "2023AN" HASI AHAL IZANGO DA LA AVANZADA "ESTALTZEN"
- “Estaltzeko” eraikuntza proiektua “urrian” esleituko da.
- Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurraldearen Garapenerako foru diputatua Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri da, oposizinoak eskatuta, Bizkaiko errepide sarean edegi diran “laneko tarteen” nondik norakoaren barri emoteko.
- Interbiakek 3,36 milioi euro erreklamauko deutsaz Verter Recycling enpreseari, Zaldibarko hondakindegiaren erorketak errepidean eragindako kalteak dirala eta.
- Aldundiak garagarrilaren 7an zabalduko ditu barriro AP-8ko erreiak, 15 egun beharko daben lehengoratzeko beharren ostean.
(Bilbon, 2020ko bagilaren 22an). Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurraldearen Garapenerako foru diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietako batzordera etorri da, oposizinoak eskatuta, bere saila Bizkaiko errepideen sarean egiten ari dan hainbat jarduketaren barri emoteko. Talde Bereziak (PP) Artazako eta La Avanzadako beharren, Kukularrako lotunearen eta Zaldibarko hondakindegia jausteak kaltetutako AP-8 eta N-634 errepideetako tarteetan egindako jarduketen ganean galdetu deutso. Elkarrekin Bizkaia taldeak, bere aldetik, Armintza eta Bakio lotzen dituan BI-3152 errepidean Aldundia egiten ari dan beste jarduketa batzuen barri jaso gura izan dau.
Aldundia La Avanzadan, Artazako biribilgunearen ondoan, “errepideko segurtasuna hobetzeko eta trafikoa arintzeko”egiten ari dan beharrei jagokenez, Pradalesek adierazo dauenez, behar horreek “abuztuan” bukatuko dira, covid-19ak eragindako jarduerearen eteteak behar horreetan eragina izan dauelako. “1.126.368 euroko” kostu osoa daukien obren lehenengo fasea joan dan martiaren 27an bukatu zan, trafikoa Getxoko noranzkoan antolatzeko. Une honetan egiten ari diranen helburua, Artazako biribilgunetik gertu dagon errepideko zatiaren “ahalmena, segurtasuna eta ikusgaitasuna” hobetzea da.
Diputatuak adierazo dauenez, obra horreek ez dabe “zarata eraginaren ganeko azterlanik” behar. Halanda be, Aldundiak bere azterlanak egin ditu, eta azterlan horreetan ikusten danez, jarduketaren ostean inguruko zarata mailak “behera egin dau”. PP taldeko Eduardo Andradek esan dauenez, Leioan Martxan plataforma ez dago horregaz oso ados. Pradalesek azaldu dauenez, Leioako Udala zarataren kontrako pantailak “handitzeko” aukerea ari da aztertzen, behar hori egitea ez jagokolako foru erakundeari.
Bilbo Metropolitarreko sareko puntu garrantzitsu hori hobetzeko helburuagaz, arduradunak gogoratuazo dauenez, une honetan, Aldundia La Avanzadako “80 metro lineal estaltzeko” eraikuntza proiektua lizitatzeko prozesua ari da egiten, “1.998.960 euroren” truke. Errepideko enbor horretatik egunero igaroten diran “130.000 ibilgailuen” zarataren eragina murriztuko dauen “lehentasunezko” jarduketea da. Proiekturako “24 hilebeteko” gauzatze epea aurreikusten da, eta “urrian” esleituko da. Aurreikusitako egutegia beteten bada, obrak “2023an hasi daitekez, faseka”, esan dau.
Oposizinoak adierazo dauenez, sailak prestau dauen “estalketa” horrek Leioako beste puntu batzuetara eroango dau zaratea, eta “partxe parzial” bat baino ez da izango. “Herritarrek egin daben moduan”, Leioako udalerritik igarotean errepide “osoa” lur azpian sartzea ekarriko dauen soluzino “integralaren” alde agertu dira. “Teknikariei behar egiten itzi behar deutsegu, oraindino definidu barik dagon ekimen bat hilten ari garalako”, esan dau Pradalesek, amaitzeko.
Bizkaiko errepide sareko laneko beste tarte garrantzitsuetako bat, La Avanzada Arrontegiko zubiagaz eta Txorierriko igarobideagaz lotzen dauen Kukularrako lotunean dago. Trafiko asko jasaten dauen puntua da. Pradalesek gogoratuazo dauenez, bere Sailak “2,7 milioi euro” inbertiduko ditu errepidearen ahalmena handitzeko, Arrontegiko zubiaren noranzkoan, eskumaldetik. Obrak egiteko hamar hilebeteko epea aurreikusten da, “datorren udagoienean” hasiko diran beharrak gauzatzeko.
ZALDIBARKO HONDAKINDEGIA JAUSTEAK ERAGIN DITUAN GASTUEN ERREKLAMAZINOA
Horrez gain, Zaldibarko hondakindegia jausi zanetik AP-8 eta N-634 errepideetan gauzatu diran neurrien eta jarduketen ganeko azalpenak emon ditu. Zezeilaren 28an egin eban azkenengo agerraldiaren ostean egon diran barrikuntzen artean, Aldundiko arduradunak iragarri dau Interbiakek “3.359.525 euro” erreklamauko deutsazala Verter Recycling enpresari Durangoko epaitegian, erorketa horrek “gaur arte” sortu dituan gastuak dirala eta.
Holan, Eusko Jaurlaritza, “modu subsidiarioan” eregiten ari dan 25 metroko altuerako euspeneko hormaren obrak aurreratuta dagozanez, datorren garagarrilaren 7an AP-8ko lau erreiak “segurtasuneko berme guztiakaz” zabaldu ahal izango dira, lehengoratzeko behar batzuk egin ostean. Bagilaren 30eko goizaldean altxauko da bypass-a Donostiarako noranzkoan, kutxetak, farolak eta metalezko hesiak lehengoratzeko eta galtzadako zoladurea aldatzeko jarduketen ostean. Egun horretatik aurrera gauean beharrak egingo dira beste noranzkoan, San Fermin egunean galtzada Bilboko noranzkoan libre izteko. Azkenengo ikutu horreek irauten daben bitartean, gauez, trafikoa Ermuko Saihesbidetik desbideratuko da.
“LEGEZ KANPOKO LASTERKETAK” ARMINTZA ETA BAKIO ARTEAN
Bukatzeko, Elkarrekin Bizkaia taldeak BI-3152 (Armintza-Bakio) errepideko asfaltoan egin diran konponketen ganean galdetu deutso diputatuari, asfaltoa “arriskutsuagoa” dalako, errepideak “laban gehiago egiten dauelako”. Pradalesek esan dauenez, bigarrenez zigilau da 41980 kilometro puntuan dagon arrakalea, EBk homologautako produktu bat erabilita. Berbaldia baliauta, “benetan arriskutsua dana”, abiaduraren muga orduko 50 kilometrotan daukan eta kurbaz beteta dagon errepidean hauteman diran “legez kanpoko lasterketak” dirala esan dau Foru diputatuak.