Aurreko Albisteak

ENKARTERRIETAKO MUSEOAK TEKNOLOGIA BARRIAK ETA KULTUR IBILBIDEAK BATERATU DITU, ENKARTERRIKO ONDARE ABERATSA EZAGUTUARAZOTEKO

  • Oinez edo bizikletaz egin ahal izango diran IbilbidEM proiektuko lehenengo ZORTZI ibilbideak, Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagon Enkarterrietako museotik abiauko dira.

  • Bisita eta ibilbideak modu librean egiten dira, eta bertako kulturea eta turismoa sustatzea eta Enkarterrietako Museora eta Abellanedako Batzarretxera bisitak bultzatzea bilatzen dabe.

  • Ibilbide horreek daukien barrikuntza nagusia, google earth plataformea erabilita telefono mobikorretik zuzenean kontsultetako pentsauta dagozala da; tresna digital horrek ibilbideetatik erraz mobitzen laguntzen dau, eta ibilbideen ikuspegi ikusgarria emoten dau.

(Bilbon, 2020ko bagilaren 18an). Bizkaiko Batzar Nagusiak jaube diran Enkarterrietako Museoak oinez edo bizikletaz egiteko ibilbideak diseinau ditu, Enkarterrik gordetan dauen kultur eta natura ondare aberatsa ezagutzeko. IbilbiDEM proiektuaren helburua inguruko kulturea eta turismoa bultzatzea eta ingurumena ezagutuarazotea da, eta, horretarako, bere ondasun preziatuenetako batetik hasiko da, Enkarterrietako Museotik eta Abellanedako Batzarretxetik.

Etorkizunean ibilbide gehiago gehituta zabalduko dan IbilbiDEMek zortzi ibilbide erraz, atsegin eta kulturaren ikuspegitik erakargarri jasoten ditu. Ibilbideak jente guztiarentzat egokituta dagoz. Ekimena aukera ona da eskualdeko kultur eta ingurumen ondare aberatsa ezagutzeko, eta oso-osorik beteten ditu osasun arloko agintariek Covid-19aren kutsadurak saihesteko personen artean tartea gordeteko ezarri dituen neurriakaz, ibilbideak modu librean eta ingurune natural edegian egingo diralako.

Ibilbideak Enkarterriko museoko webgunean (www.enkarterrimuseoa.eus) deskribiduten dira, eta “google earth” aplikazinoagaz garatu dira. Hori da barrikuntza nagusia, sistema horrek erakarpen eta moldakortasun handia emoten dauelako. “App”-a jatsi ostean, erabiltzaileak bere telefono mobikorreko pantailaren bitartez ikusi ahal izango ditu ibilbide bakotxeko intereseko puntu guztiak eta xehetasun garrantzitsuenak (mapea, aireko bisitak, goitik egindako grabazinoak, ingurunearen xehetasunak…). Helburua, ibilbidea egiten daben guztientzat gida izatea da, automobilez edo bizikletaz joateko edo ibilbidea oinez egiteko.

Horren bitartez, Bizkaiko Batzar Nagusiek beste tresna bat emon gura deutse bizkaitarrei, modu librean, Museoaz eta Abellanedako Batzarretxeaz gain, Enkarterriko ingurune natural eta kultural osoa ezagutu daien, modu erakargarrian eta dibertigarrian. Familientzako, lagun taldeentzako eta ibilbidea egin gura daben guztientzako dago pentsauta, eta Enkarterrietako Museoak Enkarterriko ondare aberatsa ezagutuarazoteko sustatzen dituan kulturako eta hedapeneko ganerako jarduerei gehitzen jake.

Ibilbide laburrena 3,5 km-koa da, eta luzeena 11 kilometrokoa. Enkarterriko bihotzean murgiltzen dira, eta eskualdeko bailara nagusien ikuspegi ikusgarriak eta kultureagaz eta industriagaz erlazionautako iraganaren aztarnak erakusten ditue. Adibidez, errege galtzadea eta jauregiak, torreak, jaunen etxeak, ehun urte baino gehiagoko baserriak, baseleizak, eleizak, burdinolak eta meatzaritzako iraganaren aztarnak dituen bideak hartzen ditue. Enkarterriko Museoak akordioa lortu dau Enkarturregaz, IbilbiDEMeko ibilbideak zabaltzeko eta bultzatzeko.

IBILBIDEM-EKO ZORTZI IBILBIDEAK:

Ubieta tontorrera eta Larreara igoerea. 6 kilometroko igoerea da (edo 8koa, Larrea tontorrera heldu ezkero). Joan-etorria 12 edo 15 kilometrokoa da. Ibilbide guztien artetik menditsuena da, igoerea Museotik bertatik zuzenean abiatzen dan asfaltautako pistatik egiten dan arren.

Ibilbideak Errege Galtzadatik. Hainbat udalek Kadaguako errege galtzada zaharraren tarte batzuk egokitu ditue, atsedenerako eta paseorako. Beste tarte batzuk auzoko bide xume bilakatu dira. Errege Galtzadea ezagutzeko hiru ibilbide ezarri dira:

I. ibilbidea Errege Galtzadatik

Hasteko, bisitea egingo dogu Museora. Automobilez joango gara Balmasedara, eta bertan, Kadagua errekaren ondotik, Balmasedaraino ailegetan dan bidea hartuko dogu. Urteak daroaz bidegorri moduan egokituta, eta La Mella eta La Herrera (Zalla) ingururaino heltzen da. Bertan ondare zabala dago (Terreros Torrea, Taramonako eskolak, etab.). Errekaren ondotik doa, landaredia handiaren artean. Oinez egin behar dan tarteak sei kilometro ditu.

II. ibilbidea Errege Galtzadatik

Hasteko, bisitea egingo dogu Museora. Automobilez joango gara Ibarraraino (Zalla) eta bertan, Kadagua errekaren ondotik, Gobeo auzotik, La Herreraren (Zalla) hasierara ailegetan dan bidea hartuko dogu. Tarte bat auzoko bidea da, eta beste batek urteak daroaz bidegorri moduan egokituta. Ondare zabala ikusten da (baserriak, Gobeoko torrea eta jauregia), Bolunburuko parke naturala kurutzetan dau (bertako burdinola, torrea, baseleizea…) eta La Herrera auzoaren hasieraraino ailegetan da. Oinez egin behar dan tarteak sei kilometro inguru ditu.

III. ibilbidea Errege Galtzadatik. Hasteko, bisitea egingo dogu Museora. Automobilez joango gara Soduperaino (Gueñes) eta bertan, Kadagua errekaren ondotik, Atxeta kaletik, Gueñeseko Andra Mari eleizara ailegetan dan bidea hartuko dogu. Gueñeseko erreka ondoko auzoak (Bolibar, Errekalde, Santxosolo, etab.) lotzen dituan auzoko bidea da. Ondare zabala ikusteko aukerea emoten dau (hainbat motatako baserriak, Santxosoloko San Martin baseleizea, Gueñeseko udaletxea, Andra Mari eleizea…) eta Kadagua errekaren ibarren ingurunea be hartzen dau. 11 kilometro dira.

El Alisaleko (Sopuerta) meatzaritzako ibilbidea. Hasteko, bisitea egingo dogu Museora. Automobilez joango gara El Castañoraino (Sopuerta) eta bertan, El Alisaleko meatzaritzako auzora eroango gaituen bidea hartuko dogu. Beste mota bateko paisaia da, etxeak desbardinak dira, eta burdin mineralaren ustiapen historikoak asko aldatu ditu inguruneak. Ustiapenaren garaian jente asko bizi zan bertan, eta El Alisaleko auzoari Galizia esaten eutsien, handik etorritako behargin asko egoalako bertan. Ondareari jagokonez, erreketako Lindeko labeak edo meategietako jantokia azpimarratu behar dira. Auzoetako bideen artetik doan 3,5 kilometroko ibilbide laburra da.

Ibilbideak Gordexolatik: Proiektuaren lehenengo fase honetarako Gordexolatik egingo diran ibilbide bi jasoten dira:

I Gordexola Bideak ibilbidea: Hasteko, bisitea egingo dogu Museora. Automobilez joango gara Molinarreraino (Gordexola) eta bertan, El Verdugal eta Isasi auzoetara eroango gaituen bidea hartuko dogu. Inguru horreetan ikuspegi bikainak eukiko doguz, eta aspaldiko baserriak eta eraikin interesgarriak ikusi ahal izango doguz, Isasiko Santutegia edo San Jose Babesetxea (1883), beste batzuen artean. Bertatik Zubietera ailegauko gara, Zubieteko eta Oxirandoko torreak eta bertan kontserbetan diran baserri interesgarriak ikusteko. Bideak Gordexolako Galtzada zaharraren parte bat hartzen dau. Barriro Molinarrera helduko gara, eta bertan indianoen etxeak edo San Juan eleizea ikusi ahal izango doguz. Oinezko ibilbideak 6 kilometro inguru ditu.

II Rodaiega-Urdanegi ibilbidea: Hasteko, bisitea egingo dogu Museora. Automobilez joango gara Allenderaino (Gordexola) eta bertan, Rodaiega bailaratik eroango gaituen bidea hartuko dogu. Paraje natural eder horretan Rodaiegako auzoa dago, eta Urdanegiko Jauregi ikusgarrian amaitzen da. Ibilbidea 7 kilometro ingurukoa da.

Traslaviña-La Reneja (Artzentales) ibilbidea: Hasteko, bisitea egingo dogu Museora. Automobilez joango gara Traslaviñaraino (Artzentales) eta bertan, La Paraya eta Laiseka auzoetara eroango gaituen bidea hartuko dogu. Bertatik, La Renejara ailegau eta oso-osorik sartuko gara bailaran. Oso leku ederra da, eta amaieran, Kolitza tontorra dago. Auzoko bidetik Regomedo herrixkara helduko gara, eta bertatik Traslaviñara itzuliko gara. Ondareari jagokonez, inguruko baserriak, Enbaxadorearen txaleta edo Traslaviñako ondarea azpimarratu behar doguz. Oinezko ibilbideak 6 kilometro inguru ditu.

Lotutako artxiboak: