Aurreko Albisteak

ALDUNDIAK KONTROLEKO OSOKOAN IRAGARRI DAUENEZ, "12 ENPRESAK" ERAKUTSI DABE ENERGY INTELLIGENCE CENTERREN PARTE HARTZEKO INTERESA

  • Foru Gobernuko kideek lau itauni eta ahozko bost erantzun-eskeri erantzun deutseez Covid-19aren garaian Gernikako Batzarretxean egin dan kontroleko lehenengo osokoan.

(Gernikan, 2020ko bagilaren 17an). Bizkaiko Batzar Nagusiek, Covid-19aren pandemia dala eta osokoen jarduerea gelditu osteko Foru Gobernua kontroletako lehenengo osokoa egin dabe gaur. Orain astebete ohiko osokoan egin zan moduan eukierea mugatuta egin dan saioan, Aldundiak ekonomia eta enpleoa barrindartzea bultzatzeko eta diru-sarreren beherakadeari aurre egiteko neurrien eta Bizkaiko egoitzen sareko egoeraren ganeko informazinoa emon dau.

Elkarrekin Bizkaia taldeak Energy lntelligence Centerren eta haren Oil & Gas unidadearen egokitasunaren ganean planteau dauen lehenengo itaunean, Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapenerako foru diputatuak azaldu dauenez, “12 enpresak” erakutsi dabe “etorkizuneko energiaren sektorean nazinoarteko konpetentziako poloan” parte hartzeko interesa. Poloaren egoitzea joan dan astean aurkeztu eben Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Ekimenak garrantzi berezia hartzen dau koronabirusaren ondorio negatiboak dirala eta jarduera ekonomikoa moteldu egin dan garaietan. Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, lankidetza “publiko-pribaduko” proiektuak sektorearen lehiakortasuna finkatzen lagunduko dau, eta Bizkaiko enpresek hiru sektoretan eukiko daben presentzia orokorra indartuko dau: Oil & Gas alorrean, energia elektrikoaren garraioan eta banaketan eta mobikortasun jasangarrian.

Elkarrekin Bizkaia taldeko Israel Escalantek proiektuaren “larregizko kostua” kritikau dau. Bere berbetan, “4 milioi eurokoa” izango da. Foru Gobernuak Oil & Gas izenekoaren alde egiten dauen apustua be kritikau dau, sektore hori dalako klimaren aldaketaren eragile “garrantzitsuenetakoa”. Bere ustez, proiektua klimaren aldaketaren ganeko legearen eta klima larrialdian Parisen lortutako akordioaren kontrakoa izan daiteke. Aldundiaren eretxiz, barriz, “etorkizuneko energia barrien arloan lekua hartzea” ekarriko dau, “energia trantsizinoaren motor” izan gura dauen zentroaren bitartez.

EKONOMIA ETA GIZARTE EREDUA ETA DIRU-SARREREN JATSIEREA

Beste alde batetik, Eneritz De Madariaga talde moreko bozeroaleak, “bizitzaren iraunkortasuna bermatuko dauen gizarte eta ekonomia eredu barrirako bidea egiteko” aurreikusten diran neurrien ganean itaundu deutso Ahaldun Nagusiari. Bere berbetan, osasun arloko krisiak zerbitzu publikoak “ahulak dirala, ez dirala nahiko eta prekarizazinoa nagusi dala” erakutsi deusku, eta argi eta garbi geratu da “ez dagola behar besteko giza eta material baliabiderik”. Lehentasunak ez dira “Bizkaia Torrea, Lamiakoko erreka azpiko errepidea edo Ezkerraldeko industrialderako sarbideak”, “personak erreskatetea” baino, adierazo dau.

Bere erantzunean, Unai Rementeriak “erantzukizun politikoa”, “nasaitasuna”, “sen ona” eta “begirada luzea” eskatu ditu, “prisak ez diralako aholku emoile onak”, Bizkaiko ekonomia bultzatu behar daben proiektuen ganeko erabagiak hartzeko orduan. Ahaldun Nagusiak azaldu dauenez, lehenengo egin behar dana, osasunari jagokonez aurrera egitea izango da, horren ostean krisiak ekonomian itzi deuskun “benetako” eragina ikusteko. “Ez daukagu perspektibarik, ez dakigulako zein izango dan ekonomiak jasango dauen eragina”. Dana dala, beste erabagi batzuk hartu aurretik “kontuz ibiltea eta gauzak argiago, modu seguruan, ikustea” eskatu dau Ahaldun Nagusiak. Hori dala eta, Elkarrekin Bizkaia taldearen berbaldi “erradikala” kritikau dau, “dana aldatzea eta zuritik baltzera pasetea” gura dauelako. “Loiolako San Inaziok esaten eban moduan, krisialdi handiko garaietan, hobe da gauzak leku batetik bestera ez eroatea”.

Beste alde batetik, EH Bilduk diru-sarreren jatsiereari aurre egiteko hartu behar dituan neurri fiskalen ganean itaundu deutso Foru Gobernuari. Arantza Urkaregiren berbetan, gai hori “ezin daiteke baztertu”, gizarteko behar “nagusiei” erantzun ahal izateko. Horretarako, koalizino abertzaletik, “aldi baterako” izaerea eukiko dauen “covid tasea” planteau da, Ondarearen eta PFEZ Zergen tarte altuenak kargetako.

Jarduera ekonomikoa geratzeak “531 milioi euroko” diru-sarreren zuloa eragin dau Foru Ogasunean maiatzera arte, “%17,3ko” jatsierea, hain zuzen be. Datu horregaz, José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputautak azaldu dau “ez dagola diru-bilketaren jatsierea konpentsauko dauen zerga aldaketarik”. “Gaur egun jatsiera hori 1.250 eta 1.650 milioi euro artekoa izango dala aurreikusten dogu”. Jatsierea konpensetako, Aldundiak “%35 edo %40” igon beharko leuke inposizino zuzena. Diru-sarreren jatsierea konpetsetako, Kupoaren Batzorde Mistoan akordio “estrukturala” lortzearen alde agertu da, hiru elementu konbinauz: “datozan 3 edo 4 urteetan” zorra igotzea, eta “10 urtetan” egungo zorrera itzultzea; Europako Funtsen banaketan parte hartzeko aukerea; eta Kupoa murriztea, Gobernu Zentralaren neurri ekonomikoak konpentsetako.

Konponbide horretara ailegau aurretik, Iruarrizagak 5 gai garrantzitsu kontuan izatea eskatu dau. Lehenengoa, pandemiak ekonomian izango dituan ondorioen ganeko datu “argiak” izatea da, “batzuetan zergak igotzeak diru gitxiago batzea dakarrelako”. Ogasuneko arduradunak adierazo dauenez, diru-bilketaren jatsierea ez dau zerga arloko aldaketa batek eragin, pandemiak eragin dau. Ganera, kontuan izan behar da Bizkaiak inposizino zuzenean baino ez daukazala arauzko eskumenak, eta horregaz diru-sarrera guztien “%49,4” jasoten dala. Eta, ganera, aldaketak egonez gero, horreek ez litzatekez 2021eko ekitaldian ikusiko. Bukatzeko, Gobernu zentralak finantza arloko transakzinoen eta “Google tasaren” ganean planteau dituan zerga arloko aldaketek gugan zein eragin daukien aztertu beharko da. EH Bilduk planteetan dauen “Covid tasari” jagokonez, horren eraginak ez litzatekezala hurrengo ekitaldira arte ikusiko eta “300 edo 350 milioi euroko” eragina euki daikela esan dau.

EGOITZEN EREDUA

Beste Itaun batean, EH Bildu taldeak “aldaketea” eskatu deutso Foru Gobernuari Bizkaiko egoitzen ereduan. Arlo horretan, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak esan dauenez, Aldundiak, EICH plataformaren bitartez zabaldu dan iraupen luzeko zainketen ganeko “Europa mailako gogoeteagaz” bat egin gura dau. “Daborduko horretan parte hartzea eskatu dogu”. Oxfordeko Unibersidadeko Sarah Harper buru dan plataforma horretan, “Europako sei aditu” ari dira beharrean joan dan maiatzaren 6tik, adinekoen iraupen luzeko zainketen etorkizuneko eredua diseinetan.

“Lehenengo azterketea hemen, Bizkaian, egin behar da, erabiltzaileak eta zaintzaileak parte hartuz”, planteau dau EH Bilduk. Batzarretako talde horrek “gertuko eredua” planteetan dau, “hori posible dalako, egoitza handietan emoten dan eredutik urrun”.

Murillok erantzun deutsonez, Bizkaiko ereduak “egoitza hobeak izatea, arreta hobea emotea, halan gura dabenei laguntzak jasoteko eta zahartzaroa etxean igaroteko eta zelan bizi gura daben erabagiteko aukerea emotea” bilatzen dau, eta iraupen luzeko zainketen eredu onenaren ganeko gogoetan oinarritzen da. EH Bilduren kritiken aurrean, Murillok Bizkaiko egoitzen eredua defendidu dau, osasun arloko krisi honetan Europako beste herrialde batzuetako ereduek baino erantzun “hobea” emon dauelako. Koronabirusa dala eta Bizkaian hil diran guztien “%31,9a” egoitzetan hil da; Alemanian kopuru hori “ koa” da, eta Austrian “%41ekoa”; datuak, Belgikakoak, Suediakoak edo Danimarkakoak baino hobeak be badira.

COVID-19a dala eta Aldundiak Bizkaibusen martxan jarri eban ez ohiko garbiketa eta desinfekzino zerbitzua bertan behera geratzeari jagokonez, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko foru diputatuak ukatu egin dau zerbitzu hori bertan behera itzi danik. Horren ordez, maiatzaren 20ko foru aginduaren bitartez markautako “beste dinamika” bat jarri zan martxan. Horren bitartez, iragazkien garbiketea eta ordezkatzea zorroztu egiten ziran, eta aire egokituaren berzirkulazino sistemea ez erabiltea agintzen zan. Gauez, kotxetegietan, garbiketarako zerbitzuak birusak hilteko osagaiak dituen produktuak erabilten hasi ziran.

Gómez Viarrek ukatu egin dau baliabideak murriztu diranik, “lehentasuna ez jakolako diru-kontuari emon, beharginen eta erabiltzaileen segurtasunari baino”. Aldundiak “700.000 euro” gastau ditu neurri horreetan. Emilio Lobato Elkarrekin Bizkaia taldeko batzordekideak autobusak garbitzeko baliabideen faltea kritikau dau, izan be, “15 minututan” behargin bakotxak “Bizkaibuseko zortzi unidade” garbitu behar ebazan.

EH Bilduk egindako beste itaun bati emon jakon erantzunean, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizikletaren Aldeko Urien Sareagaz bat egin dauela baieztu dau Gómez Viarrek. Foru erakundeak foro horretan planteetan dituan neurrien artean honeek dagoz: “5.000 biztanletik gorako” udalei azpiegiturak eregiteko “diru-laguntzak” emotea; puntu intermodaletan “aparkaleku estrategikoak” instaletako azterlana egitea; edo herritarrak bizikletaren erabilera egokian heztera zuzendutako “online” ikastaro bat diseinetea. EH Bilduko Raul Mendezen eretxiz, bat egite hori Aldundiaren “irudia garbitzea” baino ez da, eta bizikletaren erabilerea bultzatzeko eta errazteko neurri gehiago eskatu ditu. Izan be, pandemiak iraun dauen bitartean, bizikletaren erabilerak “%30” egin dau gora.

Aldundiak enpleoari eusteko beste neurri batzuk be iragarri ditu. Holan, Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapenerako diputatuak iragarri dauenez, Bizkaiak bigarren “Bono Denda” kanpainea eukiko dau, kanpaineagaz bat egingo dauen Bizkaiko edozein saltokitan kontsumoa indartzeko, 30 eurotik gorako erosketetan 10 euroko beherapena daukien bonoen lehenengo jaulkipena aztertu ostean. Proponidu diran neurrien artean, “hilebete edo hilebete eta erdi barru” Batzar Nagusietan behar barrietara egokitutako enpleorako plana aurkeztuko dauela iragarri dau Teresa Laespada Enplegu diputatuak. EH Bilduk txalotu egin dau plan hori, baina taldearen eretxiz, “beharrezkoa” da energiaren trantsizinoagaz eta ekonomia zirkularragaz lotutako enpleoa bultzatzean zentrauko dan “epe ertain eta luzeko” enpleo plana egitea.