ALDUNDIA, BEHARGINEK, HERRITARREK ETA ADITUEK EMONDAKO AHOLKUETAN "SAKONDUKO" DAUEN HERRITARREN PARTAIDETZARAKO PLAN BARRIA ARI DA PRESTETAN
- Ibone Bengoetxea foru diputatua Iraskunde, Gobernamendu On eta Gardentasun Batzordearen aurrera etorri da, partaidetzaren eta gardentasunaren ganean Aldundiak hartu dituan konpromisoen barri emoteko.
- Aldundiak jakinarazo dauenez, partaidetzaren ganeko “herritarren gida” ari da prestetan, eta hobekuntzak sartuko ditu, arauzko prozesuetan partaidetzea “irisgarriagoa eta erabilteko errazagoa” egiteko.
- Oposizinoak agindutakoa ez betetea aurpegiratu deutso Foru Gobernuari, aurreko Legealdiko Herritarren Partaidetzaren ganeko Azterketen Batzordeak jasotako aholkuen aurrerapeneko txostena Batzar Nagusietan ez aurkeztearrren.
(Bilbon, 2020ko bagilaren 15ean). Bizkaiko Foru Aldundiak, EH Bilduk eskatuta, aurreko Legealdiko Herritarren Partaidetzaren ganeko Azterketen Batzordeak emon ebazan “hamar aholkuen” betete mailea zein egoeratan dagon azaldu dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan. Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Diputatuak azaldu dauenez, bere sailak Foru Gobernua herritarrei zabaltzeko eta jarraibide horreek beteteko “hainbat ekintza” bete ditu, eta 2020-2023 epealdirako Gizartearen eta Herritarren Partaidetzarako plan barrian ari da beharrean, beharginakaz eta herritarrakaz batera. Plan horrek aitatutako aholkuetan “sakonduko dau”.
2017-2019 epealdiko lehenengo planari jagokonez, Bengoetxeak adierazo dauenez, horren betete mailea “ertaina-altua” izan da, baina hurrengoak aholku gehiago jasotea aurreikusten da, herritarren eta Aldundiko beharginen aldetik, horretarako sortu diran laneko talde espezifikoen bitartez. Helburua, “ahalik eta erantzun gehien jasotea” da eta, horretarako, Aldundiak informazinorako mekanismoak indartuko ditu, sare sozialen bitartez, batez be.
Herritarren Partaidetzaren ganeko Azterketen Batzordeak emondako hamar aholkuak beteteari jagokonez, Bengoetxeak banan-banan azaldu dau horreen betete mailea. Holan, bere esku-hartzean adierazo dauenez, legealdi honetan “eguneratzen” joango dan “esperientzien mapea” egin da. Ganera, Aldundiak “foroetan” parte hartzen jarraitzen dau, beste esperientzia batzuk ezagutzeko, eta lehenengo plana herritarrei azaldu deutse. Planaren beharreko eta ebaluazinoko 14 ildoak “jente guztiarentzat eskuragarri” dagoz Aldundiko webgunean.
Horrez gain, Bengoetxeak adierazo dauenez, Aldundiak herritarren partaidetzarako mekanismoetan “sakondu dau”, aurreko legealdian 13 adituz osatutako taldeak eskatu eban moduan. Aurtengo barrikuntzen artean, Aldundiaren webgunean, Aldundiak sartuko dituan arauzko prozesuen ganean “orientetako egutegia” egongo da, araudiak egiteko prozesuan partaidetzea errazteko helburuagaz.
Herritarren partaidetzea erraztuko daben tresnak eukitearen aholkuari jagokonez, herritarren partaidetzarako edegita dagozan kanal “guztien” barri emongo dauen eta “estrategia, ebaluazinoa, metodologia eta kontsultarako materialak” jasoko dituan “gidaliburu” batean ari dirala beharrean azaldu dau foru diputatuak.
Amaitzeko, Aldundiak entzute aktiboko Bizkaitarren Sarea sortu eban, “ordezkaritza txikia daukien” taldeen partaidetzea hobetzeko helburuagaz. Ganera, arlo horretan behar egiteko bideak aztertu ditu beste administrazino batzuekaz (Eusko Jaurlaritza, Aldundiak eta Udalak). Mota askotako eragileakaz alkarlanean aritzeari jagokonez, Aldundiak “indartu egingo dau” alderdi hori. Une honetan, gizarte eta enpresa arloan “zabalik dagozan partaidetzarako 38 mahaitan” dabil beharrean.
Adituen taldeak “publizidade aktiboa aberastea” be eskatzen eban, eta horren inguruan, Bengoetxeak Bizkaia Gardena ataria sortu izana aitatu dau. Atari horrek hobetu egiten ditu bertako eukien “irisgarritasuna eta ulergarritasuna”, “grafiko interaktiboen, irakurketa errazaren edo barriro erabili daitekezan eukien” bitartez.
Oposizinoko taldeek, baina, kritikau egin dabe Aldundia Bizkaiko Batzarrek emon eben agindua betetera orain arte etorri ez izana. EH Bilduk aurpegiratu deutsonez, oraindino “ez dago argi” herritarrek “zelan hartu leikien parte”. Arantza Urkaregi batzordekideak “informazino kanpainak” eskatu ditu, arauak egiteko prozesuak edegiten diranean herritarrek horren barri izan daien, eta baita dinamismo handiagoagaz arituko dan partaidetzarako mapa bat be.
Amaya Fernández Talde Bereziko bozeroaleak, bere aldetik, 2018ko urriaren 24ko osokoan onetsi ziran 13 adituren aholkuen barri emoteko Batzarretara etorteko hartu zan akordioa bete ez izana Batzar Nagusien aurreko “errespetu faltea” dala esan dau.
Elkarrekin Bizkaiak, Aldundiko kudeaketan eragina izatea herritarrentzat benetako “ginkanea” dala esan dau, aztarna digitala jasaten daben personentzat, “adinkoentzat edo baliabiderik ez daukienentzat”, batez be.
Euskal Sozialistak Taldearen aldetik, Juan Oterminek azaldu dau igazko martian foru hauteskundeak deitu izanak justifiketan dauela atzerapena, baina, halanda be, Foru Gobernua ez dala geldik egon nabarmendu dau. “Gauzak ondo egin ditu, kudeaketea hobetuz, Bizkaia danon artean eregiteko”, gizarte “kritiko” baten bitartez.
Ildo horretan, Irene Edesa jeltzaleak aurreko legealdiaren amaierea eta Foru Gobernu barria sartu izanak antolakuntzan ekarri eban aldaketea dirala eta justifikau dau atzerapena. “Garrantzitsuena beharra, egin, egin dala da”, eta “Bizkaiko Batzar Nagusiek markau eben ibilbide orria jarraitzen ari dala”.
SU-HILTZAILEEN ZERBITZUA PORTUAN
Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaia taldeak eskatu dauen agerraldi batean, Israel Escalantek jakinarazo dauenez, joan dan zezeilean Saudi Arabiara joian Bahri Yanbu itsasontzian material “belikoa” kargetako operazino batean Aldundiko su-hiltzaileen zerbitzuko erreten bat Bilboko Portuan egon izanaren ganeko azalpenak emon ditu diputatuak.
Talde moreak egin dituan galderei erantzunez, operazino hori, suak itzaltzeko Aldundiko zerbitzuak IMO1 edukiontziak eroaten dituen kargen garraioan legez bete behar dituan “larrialdien prebentzinozko eta kontroleko betebeharren” barruan dagola adierazo dau Bengoetxeak. Operatiboak “40 minutu” iraun ebazan, eta Aldundiak “ez ekien” kargamendu hori nora joian.