Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ARAUTEGIAN ALDAKETAK AZTERTZEKO ESKATU DEUTSIE GARRAIO PUBLIKOARI, MASKOTAKAZ BIDAIATU AHAL IZATEKO

  • Bizkaiko Batzarretako talde guztiek aho batez gaur lortu daben akordioak ateak edegiten deutsaz metroan eta autobusean 8 kilotik gorako txakurrakaz bidaiatzeko aukereari.

(Bilbon, 2020ko bagilaren 12an). Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onetsi dabe gaur Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu taldeek adostutako zuzenketa-eske transakzionala, Bizkaiko garraio publikoko hainbat operadoreri, “ahalik eta lasterren, maskoten garraioagaz erlazionautako erregulazinoa aztertu daien” eskatzeko, “jagokozan kasuetan, beharrezkoak diran aldaketak eginez”. Aldaketa horreek, “enpresetako beharginen ordezkarien eta zuzendaritzaren arteko akordioa beharko dabe, garrantzitsuak diralako eta horreek apliketeak gaiztasunak ekarri daikezalako”.

Eztabaidea Batzarretako Elkarrekin Bizkaia taldeak bultzatuta ailegau da Bizkaiko Batzarretara, arauz besteko proposamen baten bitartez, eta EH Bilduk zuzenketa-eske bat aurkeztu dau. Azkenean, talde biek testua adostea lortu dabe, eta testu horrek ganerako taldeen (Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-PP) on eretxia jaso dau. Beraz, Batzarretako talde guztiek Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako batzordean lortu daben akordioak ateak edegiten deutsaz aurrerantzean metroaren 1. eta 2. lineatan eta Bizkaibuseko autobusetan 8 kilotik gorako maskotakaz bidaiatzeko aukereari. Une honetan indarrean dagon arautegiak ez dau horretarako aukerarik emoten.

Elkarrekin Bizkaia taldeko Emilio Lobatok, Bizkaibusen eta Metro Bilbaon gehienez be 8 kg arteko maskotakaz bidaiatzea ezarten dauen araua baztertzeko eskatu dau, “zaharkituta dagolako eta arbitrarioa dalako”, baina, hori bai, “muga” batzuk ezarri beharko dirala esan dau, garraioan hartu behar daben lekuari edo ordutegiei jagokenez, adibidez. Operadoreei arautegia “eguneratzeko” eskatu deutse, beste uri batzuetan, Madrilen edo Bartzelonan, adibidez, egin daben moduan. Uri horreetan “ez da maskotaren pisua kontuan hartzen”.

EH Bilduko Raúl Méndezek, bere aldetik, beharginen eta enpresen arteko “akordioa” eta erabiltzaileen arteko “bizikidetzea” azpimarratu ditu. Maskotak “eroso eta ahalik eta modu egokienean” bidaiatzeko soluzinoak bilatzea eskatu dau, baina kontuan izanda “ez dala gauza bera” garraio publikoa jente gehien dagon orduetan edo San Mamesen partidua dagonean, edo erabiltzaile gitxiago dagon orduetan erabiltea. Halanda be, koalizino abertzaleko ordezkariaren eretxiz, “guztiz beharrezkoa” da arautegia doitzea eta Bizkaiko garraio publiko osoan “homogeneizatzea”. Koalizino abertzaleak planteau dauenez, “zalantza batzuk” argitu beharko dira, maskoten jaubeek beste txartel bat ordaindu beharko ete daben, Europako hainbat herrialdetan egiten dan moduan, edo “higienearen kontrola, musturrekoa derrigorrez eroan beharra edo ordu mugea”, beste batzuen artean.

Talde Berezia be “erespideak bateratzearen” alde agertu da. Metro Bilbaon edo Bizkaibusen 8 kilotik gorako maskotakaz bidaiatzea debekauta dago, baina tranbian, Renfen, Feven, Artxandako Funikularrean, Zubi Eskegian edo Euskotrenen 3. linean, barriz, ez dago holango mugarik. Eduardo Andrade popularra “mugak jartearen” alde agertu da, erabiltzaile batzuk “bildur handia sentiduten dabelako” txakurren aurrean, arraza arriskutsuetakoak badira, batez be.

Ekain Rico Euskal Sozialistak taldeko ordezkaria be “homogeneizazinoaren” alde agertu da, baina “garraio mota bakotxaren ezaugarriak” kontuan izanda, eta “babeserako” maskotak behar dituen personak nabarmendu ditu, “tratu txarrak jasan dituen emakumeak edo arazo funtzionalak dituen personak”, adibidez. Akordioak beharginen on eretxia eukitea eskatu dau.

Modu berean, Unai Lerma jeltzalearen eretxiz, txakur guztiei garraio publikoa erabilteko aukera emotea “helburu txalogarria” da, baina, bere eretxiz, garraio operadore bakotxaren barruan landu behar da, “horreek diralako erespideak ondoen zehaztu daikiezanak”, bakotxak “bere ezaugarriak” ditualako.

GARRAIOA GALDAKAORA ETA NEURRIAK COVID-19AREN GARAIAN

Beste alde batetik, batzordeak ez dau onartu Elkarrekin Bizkaia taldearen arauz besteko proposamen bat. Proposamen horretan, trenbidea Galdakaora luzatzeko proiektua “fase bakarrean” eregitea eskatzen jaken Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, beste gauza batzuen artean, “linearen behin betiko diseinuan Sarratuko geltoki Intermodalaren proiektua kontserbauz”. Ekimenak EH Bilduren aldeko eretxia jaso dau. Talde horrek, zuzenketa-eske baten bitartez, eraikuntza proiektua Metroaren gaur egungo 3. linearen luzapen moduan egitea eta Usansolotik igarotean Euskotrenegaz lotura zuzena eukitea eskatzen eban. EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeak proposamenaren kontra agertu dira, eta Eusko Jaurlaritza egiten ari dan behin betiko trazauaren azterlana bukatu arte itxaroteko eskatu dabe.

Emaitza beragaz (kontrako 10 boto eta aldeko 5) ez da onartu EH Bilduren arauz besteko beste proposamen bat. Bertan, Covid-19aren arintze garaian zerbitzu “eraginkorragoa” emoteko bederatzi neurri planteetan ziran. Ekimen horretan, garraio publikorako sarbideetan persona kopurua kontroletako edo distantzia gordetako neurri espezifikoak jasoten ziran, eta baita beste neurri orokorragoak be, bizikletaren erabilerea sustatzea, enpresen ordutegiak malgutzea, bidaiari gehieneko ohiko orduak saihesteko, astean lau eguneko jardunaldia bultzatzea eta telelanaren aldeko apustuagaz jarraitzea, adibidez.

Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek zuzenketa-eske bat planteau dabe. Bertan, eskaria egiten jakon Aldundiari, “gizartearen ikuspegitik eraginkorra izango dan garraio publiko segurua bermatzeko beharrezkoak diran neurriak egokitzen jarraitzeko”, “osasun arloko agintariek ezarten dituen” neurriak kontuan izanda. Neurri horreek “aldatuz doaz”, pandemiaren bilakaeraren arabera.

BIZKAIBUSEKO MARKESINAK ETA QR KODEAK

Amaitzeko, Talde Bereziak (PP) egin dituan galderei erantzunez, Miguel Ángel Gómez Viar Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko foru diputatuak aurreratu dauenez Aldundiak “hainbat urteko kontratuetan, datozan ekitaldietako aurrekontuen barruan, lizitauko dau Bizkaibuseko markesina barrien instalazinoa”. Bizkaiak 2.434 geraleku eta hainbat modelotako 798 markesina ditu instalauta. Une honetan, instalazino horreek Informazinorako 112 Terminal ditue. Bera buru dan saila beharrean ari da, erabiltzaile gitxiagoko puntuetan dagozan geralekuetan informazinorako beste mota bateko gailua zabaltzeko. Mobikorragaz irakurteko QR kodeak edo NFC teknologia dira, autobusak noiz igaroko diran jakiteko.