Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO OSOKOAK COVID-19AREN ONDORIOZKO APARTEKO ZERGA NEURRIEN BIGARREN PAKETEA ONETSI DAU

· Likidezia hobetzeko eta ekonomiaren sektore zaurgarrienetan eragin negatibo handiagoa prebenitzeko neurriak jasoten dituen foru dekretu arau emoile bi dira.

· Dekretuek epe jakin batzuk malgutzeko neurriak eta tributu garrantzitsuenetan kenkari fiskalak jasoten ditue.

· Osokoak 2017ko Lurraldeko Kontu Orokorra be onetsi dau.

· Bizkaiko Batzarretan garraio publiko inklusiboa “bermatzeko” aho bateko adostasuna lortu da.

· Gernikan egin dan ohiko osokoaren hasieran minutu bateko isilunea gorde da, pandemia dala eta hil diran guztiak gogora ekarteko.

(Gernikan, 2020ko bagilaren 10ean). Personen artean gorde beharreko tartearen eta eukiera mugatzearen ganean aparteko neurriak aplikatuz gaur Gernikan alkartu dan Bizkaiko Batzar Nagusietako Osokoak, Covid-19a dala eta Aldundiak apirilean eta maiatzean “zergadunen likidezia hobetzeko eta ekonomiako sektore zaurgarrienetan eragin ekonomiko negatibo handiagoa prebeniduteko” zerga arloko aparteko neurriak onetsi ditu gaur. Onetsi diran foru dekretu biek (apirilaren 28ko 3/2020 eta maiatzaren 5eko 4/2020), tributu garrantzitsuenen epe jakin batzuk ordaintzeko epeak aldi baterako malgutzeko neurriak eta kenkari fiskalak jasoten ditue.

Gernikako Batzarretxean egin dan osokoa goizeko bederatzietan hasi da, Covid-19a dala eta hildakoak omenduteko minutu bateko isiluneagaz, eta ohi baino batzarkide gitxiagogaz, personen artean gorde beharreko tartea dala eta. Guztira, bakotxaren ordezkaritzea kontuan izanda Batzarretako taldeek aukeratu dituen 15 ordezkari politiko dira (7 EAJ-PNV, 3 EH Bildu, 2 PSE-EE, 2 Elkarrekin Bizkaia eta 1 PP). Ganerako kideak “streaming” bitartez jarraitu dabe saioa, eta euren botoa besteen esku itzita hartu dabe parte bozketetan. Mahaian Lehendakaria, Lehendakariorde bat eta Idazkari bat baino ez dira egon.

Biktimak gogora ekarri ostean, osokoa, José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak defendidu dituan zerga arloko neurriak, bakotxa bere aldetik, eztabaidatuz hasi da. Guztira lau foru dekretu arau emoile izan dira, horreetako bi araubide komuneko arautegiaren egokitzapena ziran arren. 3/2020 DEKRETUAREN eta bere lau artikuluen bitartez, Bizkaiko Batzarrek argi berdea emon deutsie “pandemiak zergadunengan daukan eragin ekonomikoa leuntzeko eta likidezia hobetzeko hainbat tributu arintzeko eta malgutzeko” Aldundiak martxan jarri dituan neurrien “bigarren paketeari”, Iruarrizagak azaldu dauenez. Helburua, barrikuntzarako inbertsinoko Europako funtsetan aldaketak sartu eta PFEZren (etxebizitzea), Soziedadeen Zergaren (barriro inbertiduteko epeak luzatzea) eta Ondare Transmisinoen Zergaren epeak luzatzea da. Bozketan, EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta PP abstenidu egin dira.

Horrez gain, Aldundiak beste neurri pakete bat aurkeztu dau, 4/2020 FORU DEKRETU ARAU EMOILEAREN bitartez, Iruarrizagaren berbetan “ekonomia lehengoratzeko prozesua azkarrago egin daitela bermatzea” bilatzen daben eta Bizkaia Aurrera programea osatuko daben zazpi proposamenagaz. Zazpi artikuluetatik lehenengoan, Aldundiak “%60ko” kenkaria proponiduten dau Soziedadeen Zergan, ekonomia barrindartzeko helburuagaz, baldintza jakin batzuk beteten badira: kontabilidadeko emaitzea %50 murriztu izana eta, adibidez, I+G+B proiektuetan inbertiduteko konpromisoa hartzea.

Aldeko 35 botogaz (EAJ-PNV, PSE-EE eta PP) eta kontrako 16gaz (EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia) onetsi dan dekretu horretan, aktiboetarako amortizazino azkartua egiteko eskubidea onartzen da, eta kenkari fiskal barriak jasoten dira, enpleoa sortzeagaitik, mikro-enpresetan, enpresa txikietan edo ertainetan inbertiduteagaitik edo ohiko etxebizitza barriztetako lanak egiteagaitik (Etxea Plana). Horrez gain, testuak beste onura fiskal batzuk gehitzen ditu, mezenasgo jarduerengaitik eta digitalizazino prozesuengaitik.

Neurri horreen alde agertu dan arren, Talde Bereziak (PP) jarrera “ausartagoa” eskatu deutso Aldundiari, izan be, Amaya Fernándezen eretxiz, “ekimen eta erreforma gehiago gauzatzeko marjina dago”.

Elkarrekin Bizkaia taldearentzat, neurrien pakete hori “labur” geratzen da, “gehien daukana saritzen dauelako eta autonomoak eta beharginak baztertzen ditualako”. “Neurriek ez dabe egin beharrekoa egiten”, “betiko errezetak eta betiko ereduagaz” planteetan diralako, hau da, “lehendik ondo dagozanei zergak murriztea”, esan dau Eneritz de Madariagak.

Ildo berean, EH Bilduko Arantza Urkaregiren ustetan, “gogoetea egin barik eta epe laburreko ikuspegiagaz” hartutako neurriak dira. Koalizino abertzalearen ordezkaria kritiko agertu da enpresentzako kenkari batzuen aurrean. Soziedadeen Zergaren aldaketei jagokenez, adibidez, “I+G+B proiektuetan elusino fiskal handiagorako atea zabaltzen dala” esan dau.

Foru Gobernua eusten daben talde politikoak (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak), barriz, Aldundiak bultzatu dauen preminazko neurrien bigarren paketearen alde agertu dira, enpresei eta enpleoari eusteko “beharrezkoak” diralako. “Inbertsino pribaduari eutsi behar deutsagu, inbertsino publikoa mugatua dalako eta legezko mugak ditualako”, adierazo dau Jon Andoni Atutxa jeltzaleak. Bere berbetan, Administrazinoa “ezin da ekonomia barrindartzeko iturri bakarra” izan. Berreskuratze edo lehengoratze horren parte handia “ekimen pribadutik etorri beharko da, bere dirua arriskuan jarten dabenaren eskutik, ekonomia ez badogu barrindartzen ez dalako diru-bilketarik egongo”, azpimarratu dau.

Horrez gain, osokoak, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeen abstentzinoagaz, on eretxia emon deutso Gobernu zentralak Balio Erantsiaren ganeko Zergan eta Zerga Berezietan egin eban aldaketen egokitzapenari. Aldaketa horreetako batzuk Covid-19a dala eta ekonomian sortutako ondorio ekonomikoei danon artean aurre egiteko bultzatu ziran. Holan, Bizkaiak bere arautegia egokituko dau, beste batzuen artean, autonomoek eta enpresa txikiek eta ertainek energian daukien kostua murrizteko. Egokitzapen hori, apirilaren 21eko 2/2020 eta maiatzaren 5eko 5/2020 foru dekretuak kontrako boto barik onetsi eta gero egin da.

2017KO LURRALDEKO KONTU OROKORRA ONARTU DA

Osokoak, 2017. urteko Bizkaiko Lurralde Historikoko Kontu Orokorra be onetsi dau, aldeko 33 botogaz (EAJ-PNV eta PSE-EE) eta kontrako 18gaz (EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta PP). Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren (HKEE) txostenak, “Aldundiaren eta bere esku dagozan erakundeen ondarearen eta kontabilidadeko fluxuen emaitzen irudi zorrotza” erakusten dauela azpimarratu dau Iruarrizagak. Erakunde fiskalizatzaileak Lurralde Historikoko kontuen ganeko “aldeko” eretxia emoten dau, “ezelango salbuespenik aitatu barik”. Horrez gain, adierazoten dauenez, Aldundiak eta bere esku dagozan erakundeek “errazoiz bete dabe” legezko arautegia.

Oposizinotik ñabardura batzuk egin dira. PPk esan dau penagarria dala Aldundiak ekitaldi hori zorra murrizteko erabili ez izana. Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu taldeek, Aldundiaren esku dagozan soziedade publikoen kontuak eta soziedade horreetako beharginak kontratetako prozesuak kontroletea “gatxa” dala salatu dabe.

Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek, barriz, aurtengo kontuak defendidu ditue, eta euren eretxiz positiboa da Aldundiak “bere kudeaketaren hainbat alderdi zuzendu izana”, epaitegiak berak egindako aholkuetan oinarrituta.

AHO BATEKO ADOSTASUNA GARRAIO PUBLIKO INKLUSIBOA BERMATZEKO

EAJ-PNV, EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta PSE-EE taldeek euren indarrak batu ditue Talde Bereziaren (PP) aldeko botoa be jaso dauen zuzenketa-eske transakzional batean, “Bizkaiko Foru Aldundiari, bere eskumenen barruan, Bizkaian garraio publiko unibersala eta inklusiboa bermatzeko beharrezkoak diran neurriak egokitzen eta BGParen (Bizkaiko Garraio Partzuergoa) barruan proponiduten jarraitzea eskatzeko”, “ahalik eta epe laburrenean”.

Bizkaibusi jagokonez, Bizkaiko Batzarrek, aho batez, autobus barruan eta geralekuetan sakagailuak instaletako eskatu deutsie Aldundiari, dagon megafonia edo informazinoa emongo dauen audio sistemea aktibetako. Horrez gain, Bizkaibuseko markesinetan dagozan irakurketa finkoko informazinorako panelak braille sistemara egokitzea eskatu da.

Eta Bizkaiko garraio publikoan, orokorrean, BGParen barruan “salmenta makinak itsuentzat edo gitxi ikusten daben personentzat egokitzeko beharrezkoak diran sistemak eta mekanismoak jartea” proponiduteko eskatu jako Aldundiari, eta baita beste neurri honeek be: “braille sistemea daukien informazinorako panelak instaletea metroan; nasatan dagon megafonia egokitzea, metroa ailegetan danean, unidade horren noranzkoaren eta helmugaren barri emoteko; eta, lurrean, urtetako bidea adierazoko dauen banda tximurtsua jartea, eta baita ukipeneko kartelak jartea be”.

PREZIO ZUZENAK BASERRITARRENTZAT

Batzarretako taldeak, barriz, ez dira ados jarri baserritarrek euren produktuengaitik “prezio zuzena” jasotea eskatzeko orduan. Bizkaiko Batzarrek ez dabe onartu Nekazaritza eta Elikadura Behatokiaren barruan “Elikagaien Erreferentziazko Prezio Duina” ezarteko pausoak emotea eskatzen eban EH Bilduren arauz besteko proposamena. Elkarrekin Bizkaia taldea proposamenagaz ados egoan, eta salmenta zuzena indartzeko erreferentzia sartu dau testuan.

EAJ-PNVk eta PSE-EEk, filosofiagaz ados egon arren, zuzenketa-eske bat sartu dabe, Aldundiak Eusko Jaurlaritzagaz euki beharreko alkarlana “estutzeko eta indartzeko”, erakunde hori dalako nekazaritzako produktuen merkaturatzean eskumenak dituan erakundea, “nekazaritzako produktuen prezio duinen jarraipenean eta defentsan modu koordinauan behar egiteko”. Azkenean, EH Bilduren ekimena ez da onartu, kontrako 35 boto (EAJ-PNV, PSE-EE eta PP) eta aldeko 16 (EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia) izan ditualako.