Aurreko Albisteak

TMB-ren garbiketeak eta desinfekzinoak hilabete bi iraungo ditu, eta "atoan" hasiko da

Batzordea

Bilbon, 2014ko maiatzaren 8an

Iosu Madariaga Ingurumeneko Foru Diputatua Batzar Nagusien aurrean agertu da gaur goizean, oposizinoko taldeek (EH Bilduk, PSE-EEk eta PP-k) eskatuta, Tratamendu mekaniko biologiko lantegiko (TMB) beharginengan eragina izan eban “Q sukarraren” epidemia agerraldiaren nondik norakoaren barri emoteko. Arazo ha zala eta, gaur hilebete lantegiaren jarduerea eten egin behar izan zan. Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, atzo bertan, kasua aztertzen ari dan eta Osalaneko, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko eta Garbiker Foru Soziedadeko arduradunek osatzen daben batzorde teknikoaren bilera batean, instalazinoak garbitzeko eta desinfektetako beharrak TRAGSA enpresaaren esku ixtea erabagi zan. Behar horreek “atoan” hasiko dira eta, aurreikuspenen arabera, “hilebete biko epea hartuko dabe”.

Behar horreek egin ostean, eta lantegia barriro zabaldu aurretik, egin beharreko azterketak eta analitikak egin beharko dira, TMB-aren behin behineko itxieraren arduraduna dan “Coxiella burnetti” bakterioa guztiz desagertu dala egiaztau ahal izateko. Aldundiak, beharginen artean ERE bat planteetea baztertzeko “exijitu deutso” jardueraren esleipendunari, UTE Arraiz ABEE-ari, eta geldialdia aprobetxau daiela “prestakuntza plan bat” martxan jarteko.

Hori gertatzen dan bitartean, Madariagak iragarri dau “prebentzinorako eta kontrolerako neurri gehiago eta zorrotzagoak hartuko dirala” lantegian, arrisku gitxiago izateko. Aldundiak kontrol barriak jarriko ditu sarreran, eta debekauta egongo da TMB-ra “nekazaritza inguruetatik” etorritako hondakinak ailegetea. “Uri handietako” uri hondakin solidoak baino ez dira bertan landuko. Ganera, Foru Aldundiak herritarren sentsibilizazioan sakonduko dau, hondakinen kudeaketan erantzukizun handiagoa egon daiten.

TMB lantegia, animalia jatorria daukan eta pertsonei airetik transmitiduten jaken Q sukarrez kutsatu zan, hondakin sisteman gizakiak kontsumiduteko egokiak ez ziran eta etxeetako zabor edukiontzietan itxi ziran animalien hondakinak sartu ziranean. Ingurumeneko Foru diputatuak adierazo dau “gatxa” dala kutsaduraren jatorria zein izan zan jakitea, ezinezkoa dalako hondakinen “trazagarritasuna” zehaztea, baina “susmoak badagozala” esan dau.

Madariagak esan dauenez, danok gara “Q sukarraren” jatorria izan diran animalien hondakinak ixteko orduan modu egokian jokatu ez dauen “pertsona baten edo gehiagoren” portaeraren biktimak. Osasun agintariek “zortzi kasu” egiaztau ebezan lantegiko 131 langileen artean. “Laneko osasun bilakatu dan osasun publikoaren kontrako atentatua” izan dan “legez kanpoko eta kontrolik bako” jarrerea izan da, esan dau Madariagak.

Aukeraz baliauz, diputatuak gogoratu dau behiak, ahuntzak eta ardiak etxean hiltea “debekauta” dagoala, “ilegala” dala. Animaliak hiltegi ofizialetan hil behar dira, eta gizakien kontsumora bideratzen ez diran eta animalia jatorria daukien azpi-produktu guztien deuseztapena, horretarako baimena daukien enpresen bitartez egin behar da.


INPROBISAZINOA

Oposizinoak, Aldundiak “inprobisazinoa” eta “aurreikuspen faltea” erakutsi dauela esan dau, neurri handi batean, ez dalako egon lantegian animalien hondakinak sartzea eta horren ondorioz langileak kutsatzea saihesteko aurretiazko protokolorik. “Badakigu dana ezin dala kontrolau, baina segurtasuneko protokoloak egotea beharrezkoa da”, adierazo dau Asier Vega EH Bilduko batzarkideak.

Iñaki Egaña bozeroale sozialistak bat egin dau eskari horregaz, eta esan dau Arraizen sortutako egoerak protokolo horreek sortzeko balio behar dauela, eta protokoloak “eguneratu egin behar dirala, ondo prestautako langileakaz”. PP-ko Arturo Aldecoak gonbidapena egin deutso Aldundiari, TMB-n itxitako materialaren jatorria ezagutzeko ikertzen jarraitu daian.

EAJ-PNV taldeko María Presa batzarkideak azpimarratu dauenez, arazo horren “arduradun bakarrak” etxeko zaborrerako ontzietan animalien hondakinak bota dituen pertsonak dira. Aukeraz baliauz aholku bat emon gura izan deutso gizarte osoari, sortzen dan zaborra boteteari buruz dagoan araudia bete daitela eskatuz.