Aurreko Albisteak

BFF-KO PRESIDENTEAK, HONDARTZAKO FUTBOLEKO LEHENENGO ZELAIA EREGITEKO PROIEKTUA IRAGARRI DAU BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN

  • Iñaki Gómez Mardones lehenengo aldiz etorri da Bizkaiko Batzarren aurrera, Batzarretako talde guztiek eskatuta, erakundearen kudeaketea eta etorkizunerako planak azaltzeko.
  • Euskera, Kultura eta Kiroletako batzorde berean, Lorea Bilbao diputatuak, Guggenheim museoa handitzeko proiektuaren inguruan “ez dagola ezer barririk” adierazo dau.

(Bilbon, 2020ko bagilaren 8an). Iñaki Gómez Mardones Bizkaiko Futbol Federazinoko (BFF) presidenteak gaur iragarri dauenez, bere erakundea hondartzako futboleko Bizkaiko lehenengo zelaia eregiteko idean dabil beharrean. Batzarretako taldeen aurrean egin dauen agerraldian, “Bilboko Udalagaz eta Kirol zuzendaritzagaz” “hartu-emonak” dagozala azaldu dau, “milioi bat euroko” kostua izango leuken kirol azpiegitureak eregiteko.

2020-2024 epealdiari jagokon erakundearen lehenengo plan estrategikoan, jasoten diran etorkizuneko proiektuen artean, lurraldeko futbolaren agintariak “futbol ibiltaria” eta “beteranoen futbol” modalitateei emongo jaken bultzadea be aitatu dau. Federazinoak epe laburrerako esku artean dituan barrikuntzen artean, Bizkaian “emakumeen futbolerako prestakuntzarako laugarren zentroa” martxan jartea dago. Zentro hori Enkarterriko herriren batean egongo litzateke.

Iñaki Gómez Mardones Bizkaiko Futbol Federazinoko presidentea lehenengoz etorri da Bizkaiko Batzar Nagusietara. Erakundeak urtarrilean eskatu eban etortea, aho batez, EH Bilduk egindako eskariaren ostean. Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetzarako hitzarmenak sinatzen ditu federazino horregaz eta, horregaitik, koalizino abertzaleak bertako ordezkari nagusia bertara etortea planteau eban, “federazinoaren ildoak, jarduerak eta gauzatzen dituan proiektuak” azaltzeko.

Bere azalpenagaz hasteko, Gómez Mardonesek gogoratuazo dau bera buru dan federazinoa “zuzenbide pribaduko” alkartea dala eta, ondorioz, bere erakundeak egiten dauen batzarrean emon behar dituala azalpenak. Dana dala, hori ez da oztopoa izan bere federazinoak egiten dauen lanaren balantzea Batzar Nagusietako taldeen aurrera ekarteko. Bere agerraldian, 2020. urtetik 2024. urtera bitarteko epealdia hartuko dauen Bizkaiko federazinoaren lehenengo plan estrategikoaren barri emon dau. 2019ko maiatzean hasi eta aurtengo urtarrilean amaitu zan gogoeta prozesuaren ondorioa da. Taldeek dokumentu horren kopia jaso dabe.

Iñaki Gómez Mardonesegaz batera Juan Luis Martín federazinoko mahaikidea etorri da. Emakumeen futbolari emoten jakon laguntzaren eta Zuzendaritza Batzordean emakumeek daukien presentzia urriaren (emakume bakarra 21 kideren artean) ganean galdetuta, Martínek esan dau urtero, benetako lizentzia eta talde kopurua kontuan izanda “jagokona baino diru gehiago bideratzen dala” emakumeen futbolera. Emakumeek erabagiteko organuetan daukien presentziari jagokonez, Martínek esan dau “eurentzat oso pozgarria izango litzatekela emakume gehiago egotea”. “Konbidau egiten jake, baina eurak dira euren denpora horretara bideratu gura ez dabenak”.

Emakumeek Zuzendaritza Batzordean daukien presentzia ia hutsa, azkenengo urteetan “hazkunde garrantzitsua” euki daben emakumeen futbolaren zenbakiakaz kontrajarten da. “Federautako 2.500 fitxa” dagoz, baina oraindino “gizonezkoen 12.543 lizentzietatik” nahiko urrun dagoz. Eskolako kirolari jagokonez, federazinoak “20.624 ume” kontroletan ditu.

Orokorrean, Mardonesek azaldu dauenez, futbolak Bizkaian dituan alderdien artean aurrekontua banatzeko orduan, ikusi daiteke emakumeen futbolera bideratzen dana “oso-oso zuzena” dala. Ganera, presidenteak, federazinoa ekonomiaren ikuspegitik “oso egoera onean dagola eta taldeen ganean karga txikiena jarten dauena dala” esan dau, “euro bi inguru fitxa bakotxeko”.

GUGGENHEIM MUSEOA HANDITZEA

“Ez dago ezer barririk”. Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kiroletako foru diputatuak argi eta garbi egin gura izan dau berba Guggenheim Museoa handitzeko proiektuari jagokonez. Elkarrekin Bizkaiak egindako galderari erantzunda, Bilbaok esan dau museoa handitzeko aukerea une honetan “ez dagola mahai ganean”, Covid-19ak sortutako egoerea dala eta. Egoerea “normalizetan danean”, museoaren plan estrategikoaren barruan dagon proiektuari “barriro ekiteko” unea izango da. Dokumentu horrek patronatuaren on eretxia dauka.

ONARTU EZ DAN ARAUZ BESTEKO PROPOSAMENA

Beste alde batetik, batzordeak ez dau onetsi EH Bilduren arauz besteko proposamen bat. Proposamen horretan, taldeak kulturaren sektoreari laguntzeko hainbat neurri eta “adostasunean eta koordinazinoan oinarrituta, bizi dogun ondorioei” erantzungo deutsan “krisi mahai” bat sortzea eskatzen eban. Ekimena ez da onartu, kontrako 9 boto (EAJ-PNV eta PSE-EE), abstentzino bat (PP) eta aldeko 5 boto (EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia) izan ditualako.

Foru Gobernua eusten daben Batzarretako taldeen eretxiz, planteautako neurrietako asko “daborduko martxan dagoz”. Horreen artean, talde biek diru-laguntza nominalak, bestelako diru-laguntzak, kultura arloko tramiteak arintzea, zerga arloko neurriak, mikro-kredituak edo beste administrazino batzuek sektoreari laguntzeko martxan jarri dituen beste neurri orokor batzuk aitatu ditue. Mikel Bagan jeltzaleak adierazo dauenez, neurri horreek “harrera ona” euki dabe, eta ukatu egin dau kultura “bertan behera itzi danik”, azalpenean EH Bilduk planteau dauen moduan.

EH Bilduk, kulturarako “preminazko talkarako plan integrala” planteetan eban bere proposamenean, diru funts espezifikoa bideratuz “oinarrizko kultur proiektu txikietara, proiektu sortu barrietara, artista eta sortzaile barrietara eta euskeraz egingo diran proiektuetara”. Horrez gain, administrazinoek, erakundeek eta instituzinoek, programautako emonaldien “%30” aurretik ordaintzeko eta 2020. urteko tasen ordainketea kentzeko konpromisoa hartzea be eskatzen zan.