Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK, 18 URTE BETETEN DITUEN BALIABIDERIK BAKO NERABE "GUZTIEN" ARRETEA BERMATZEKO PROTOKOLOA ESKATU DEUTSIE ALDUNDIARI

  • Aho batez onetsi dan Elkarrekin Bizkaiaren arau besteko proposamen batek, umeen zerbitzuan dagozan adinbakoek adinez nagusi egiten diranean arretea jasoten jarraituko dabela bermatzea eta Gizarte Ekintza eta Gizarteratze sailen arteko koordinazinoa hobetzea eskatzen deutso Aldundiari.

  • Zaintzaileen artean “kasu koordinatzailearen” figurea zabaltzearen aldeko apustua egin dau Aldundiak.

(Bilbon, 2020ko bagilaren 5ean). Bizkaiko Batzar Nagusiek Elkarrekin Bizkaia taldearen arauz besteko proposamen bat onetsi dabe aho batez. Proposamen horretan, “adinez nagusi egiteagaitik umeen zerbitzutik urten behar daben” nerabe “guztiei” arretea emoten jarraituko dala bermatzea eskatu jako Aldundiko Gizarte Ekintza Sailari.

Ekimenean talde moreak planteetan dauenez, helburu hori gauzatu ahal izateko, “urteteko eta heldutasunerako trantsizinoa egiteko protokoloa” gauzatu behar da. Protokolo horrek, “heldutasunerako trantsizinoa gizarteratzerako benetako bermeakaz egiteko bidean laguntzak behar dituen gazteei arretea emongo jakela bermatu beharko dau”.

Ganera, euskal sistemako prestazinoen eta zerbitzuen zorroagaz bat etorrita “beharrezkoak” diran zerbitzu guztiak martxan jartea eskatzen jako Aldundiari, dagon eskariari erantzuteko, eta baita Gizarte Ekintza eta Gizarteratze sailen arteko koordinazinoa hobetzea be, “modu koordinauan eta osagarrian” erantzun ahal izateko.

Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroaleak “bihotzez” eskertu dau Batzarretako taldeen jarrerea, “urte pila batean” lortu gura izan dauen ekimenaren alde azaltzeagaitik. Adierazo dauenez, erabagi horregaz “danok irabazten dogu, herritar guztientzat dalako ona, gazte horreentzat batez be”. Izan be, “sarri askotan”, adin nagusitasuna lortzen dabenean geratzen jaken aukera bakarra kalean bizitzea da. Madariagak gogora ekarri dauen inkesta batek erakusten dauenez, Bizkaian etxe barik dagozan gazteen “%21” Aldundiaren Umeen Zerbitzuetatik igaro da.

Ganerako taldeek be uste dabe Aldundiak “pausuak emon” behar dituala, eta 18 urtetik gorako gazteei emoten deutsen arreteagaz “jarraitu”. Foru Gobernua eusten daben taldeek (EAJ-PNV eta PSE-EE) adierazo dabenez, Elkarrekin Bizkaiaren ekimenak “Aldundiko sail bi horreen artean daborduko hasita dagon bidean sakontzen dau”. Dana dala, Jane Eyre Erquieta jeltzaleak esan dauen moduan, “erakunde guztiei jagoken” arazoa da.

ZAINTZAILEEN “KASU KOORDINATZAILEAK” ZABALTZEA

Beste alde batetik, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak, zaintzaileen “kasu koordinatzailearen” figuraren ganean Durangaldean bere sailak egin dauen txostenaren barri emon dau Bizkaiko Batzar Nagusietako batzordean, EH Bilduk eskatuta.

2018ko maiatzean eskualde horretako “90 zaintzaileri” egindako inkestaren ondorioek erakusten dabenez, figura hori Bizkaia osora zabaltzea “beharrezkoa eta egokia” da. Inkestea jaso daben zaintzaileen “%80k”, gehienak emakumeak, figura horren beharragaz “nahiko edo oso ados” dagozala adierazo eben. Figura horrek familia bakotxaren jarraipena egiten dau, menpekotasuna daukien personen eta zaintzaileen beharrak identifikauz, esku-hartzeko plana diseinauz eta inplikauta dagozan zerbitzu guztien beharra koordinauz.

Hori dala eta, Murillo figura hori Bizkaia osoan zehar zabaltzearen alde agertu da, “menpekotasuna daukien personen zainketea duintzeko bidean aurrera egiteko modua” dalako. Bizkaian, behar horrek emakumeen ahotsa dauka, izan be, zaintzaileen “%64” emakumeak dira. Eta “gizarte arloko laguntasunaren ikuspegiagaz” zabaldu behar da; “aholkularitza pertsonalizaua, etenbakoa, dinamikoa, emoteko asmoagaz egin behar da, persona bien bizitzako egoera guztietan, menpekotasuna daukan personaren eta zaintzailearen bizitza kalidadea hobetzeko helburuagaz”, esan dau.

Une honetan Bizkaian, Familia Ingurunean Zainketak emoteagaitik Prestazino Ekonomikoa (PECEF) jasoten daben 21.000 persona dagoz. Ondorioz, menpekotasuna daukien personen beste horrenbeste zaintzaile informal dagoz. Holan dagoz autortuta 2018an onetsi zan Zaindarien Bizkaiko Estatutuan.

COVID-19AREN GASTUAK

Beste alde batetik, 2018-2023 epealdirako Aldundiko zazpi azpiegituren kudeaketea Azpiegiturak erakundeari agindu izanaren ganean galdetuta, Murillok esan dau agindu hori urtez urte aldatzen dala, hainbat baremo kontuan izanda, plaza bakotxerako marketan dan prezioa, besteak beste. 2020an, hasera batean, aurrekontuetan 22.666.000 euro egozan helburu horretara bideratuta, eta, azkenean, “20.216.840,82 euro” beharko dira, Azpiegiturak erakundeak eta Gizarte Ekintza Sailak osatutako batzorde mistoak hartu dauen erabagia dala eta. Foru diputatuak adierazo dauenez, doikuntza horrek ez dauka “eraginik personengan, profesionalak edo gizarte zerbitzuetako erabiltzaileak badira be”. Aldea “Adinekoentzako Programarako” erabiliko da, beste batzuen artean, eta ekitaldi honetan, “COVID-19aren krisiak sortu dituan gastuei aurre egiteko,batez be”.