Aurreko Albisteak

DATORREN URTEAN ERRENTA AITORPENAREN ZIRRIBORROA ZERGADUN "GUZTIEI" EGINGO DEUTSE BIZKAIKO OGASUNAK

  • José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako Foru Diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan emon dau neurri horren barri, 2022an BATUZ sistemea derrigorrez ezarteko aukerea emongo dauen Foru Arau proiektuaren ganeko azalpenean.
  • Ogasunak iruzur fiskaleko 504 milioi euro azaleratu ebazan 2019an.
  • Covid-19aren krisiari aurre egiteko kenkari fiskalen kostua 52 milioi eurokoa izango da.

(Bilbon, 2020ko bagilaren 4an). Bizkaiko Ogasuna, datorren urtetik aurrera, errenta aitorpenaren zirriborroa Bizkaiko zergadun “guztiei” bialtzeko aukerea emongo dauen garapen teknologikoan dabil beharrean. José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako Foru Diputatuak iragarri dau gaur goizean, jarduera ekonomikoen errendimenduen kontrolerako sistema integrala ezarriko dauen Foru Arau Proiektua Bizkaiko Batzar Nagusietan azaltzeko ekitaldian. Horrez gain, Arau horrek, zerga betebeharrak betetea errazteko neurriak ezarriko ditu, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera derrigorrezkoa izango dan BATUZ proiektuaren bitartez.

Iruarrizagak azaldu dauenez, Errenta aitorpena sistema bakarra erabilita egin beharko da. Sistema horrek kanal barri bi izango ditu, webgunea eta aplikazino mobikorra. Probetan ari dan eta diseinu “erraza eta intuitiboa” daukan “proiektu pilotuak” Ogasunaren eta zergadunaren artean egin behar diran jakinarazpenak eta komunikazinoak ezarteko aukerea emongo dau, NAN elektronikoaren edo daborduko Osakidetzan erabilten danaren moduko BAK identifikazinoaren bitartez. Une honetan, Errenta aitorpena eginda bialtzen jake zergadunen “erdiari baino gehiagori”, eta aitorpenaren emaitzea itzultzekoa bada, Bizkaiko Ogasuna maiatzean hasten da itzulketak egiten. Datorren urtean, Bizkaiko ogasunak “hilebete aurreratu” gura ditu itzulketa horreek.

Bere agerraldi luzean, foru diputatua Bizkaiko Batzarretako Ogasun eta Finantzetako batzordearen aurrera etorri da, Soziedadeen Zergari, Ez Egoiliarren Errentaren ganeko Zergari, Persona Fisikoen Errentaren ganeko Zergari, Ondarearen ganeko Zergari eta Zergen ganeko Foru Arau Orokorrari jagokezan foru arauen aldaketea defendiduteko. Aldaketa hori beharrezkoak da 2022an oso-osorik zabalduko dan BATUZ proiektua aurrera eroateko. Aurreikusi baino urtebete geroago zabalduko da, Covid-19aren eragina dala eta. Bizkaiko herritarrei “denpora gehiago” emon gura jake.

Batzarretako talde guztiak bat etorri dira BATUZ proiektuaren helburuakaz. Horreen artean, “zergadunei emoten jaken arretea hobetzea” eta “iruzur fiskalaren kontrako neurri barriak” apliketea dagoz, Iruarrizagak esan dauenez. Dana dala, EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak kritikau egin dabe sistemaren ezarpenean gizonen eta emakumeen artean dagon arrakala digitala kontuan hartu ez izana. Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroaleak, ganera, “adina” dala eta teknologia barriakaz ondo konponduten ez diran autonomoak zaintzeko eskatu dau. “Eredua egun batetik bestera aldatu gura da”.

Izan be, aurtengo urritik aurrera, “egokitzen joateko” borondatezkoa izango dan BATUZ ereduak, aldaketa garrantzitsuak ditu. Azpimarragarriena, zergadunek neurri teknologiko aurreratuak erabili behar izatea da. Horrek, salmentak ezkutetea saihesten dau, jarduera ekonomikoen errendimenduen kontrolerako TicketBAI izeneko sistema integralaren bitartez.

Arauzko testuaren aurkezpenean, Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak azaldu dauenez, jarduera ekonomikoak egiten dituen persona guztiek, fisikoek edo juridikoek, TicketBAI eskakizunak beteko dituan fakturazinorako softwarea erabili beharko dabe. Hiru foru ogasunek eta Eusko Jaurlaritzak garatu daben software horrek enkriptauta dagon eta salmentak ezkutetea saihesten dauen QR kode bat sartuko dau faktura bakotxean. Kode horren bitartez, kontsumitzaileak bere fakturea Ogasunean aurkeztu dan ala ez jakin ahal izango dau.

BATUZ sistemea 140 eta 240 ereduetan be oinarrituko da. Une honetan autonomoek zezeilean bete behar daben lehenengoa “hiru hilebetez behin” bialdu beharko da 2022tik aurrera. Eta barria izango dan 240 eredua enpresa guztiek aurkeztu beharko dabe, “egunero, hilero edo hiru hilebetez behin”, enpresaren tamainuaren arabera.

IRUZUR FISKALA

Iruarrizaga, 2019an iruzur fiskalaren kontra aurrera eroandako burrukaren balantzea egiteko be etorri da batzarretara. Ogasun eta Finantza Sailak “504 milioi euro” azaleratu ebazan Iruzur Fiskalaren kontrako Burruka Planaren barruan egin diran “milioi erdi jarduketaren” bitartez. Aurreko ekitaldian “baino iruzur handiagoa” azaleratu da, 2018an “488 milioi euro” azaleratu ziran eta. Azaleratutako zati nagusia, “hiru lauren”, BEZaren tributazinoan emondako irregulartasunei jagoke, eta “handiagoa da urtez urte”. Hori dala eta, oso garrantzitsua da “erosketaren tiketa eskatzea”.

Bizkaiko Ogasuna “ezelango zalantza barik” gauzatzen ari dan lan hori, bere jarduketaren “ardatz nagusietakoa” da, eta bere helburua, zergadun fisikoak edo juridikoak “jagokona ordaintzea” da, holan “ongizate egoerari laguntzeko”. Iruarrizagaren eretxiz, Bizkaiak “aurrera jarraitzen dau” iruzur fiskalaren kontrako burrukan, iruzurgileek “gero eta gatxago daukielako”.

Batzarretako taldeen eretxiz, Foru Ogasunak aurkeztu dituan zenbakiak “albiste ona” dira. Elkarrekin Bizkaiak, Aldundiak, Bizkaiagaz alkartasun faltea erakusten daben zergadunak erakusten dituan zeozelango “errepikapen tasarik” daukan galdetu dau.

Beste alde batetik, fiskaltasunaren, elusino fiskalaren kontrako burrukaren, eta Europar Batasunaren barruan auzi fiskalen ebazpenerako mekanismoaren hobekuntzaren arloetan informazinoa modu automatikoan eta derrigorrez truketeagaz erlazionautako Europa mailako hainbat arteztarauen transposizinoaren ganeko Foru Arau proiektuaren barri be emon dau.

52 MILIOI, COVID-19AK ERAGINDAKO NEURRI FISKALEN KOSTUA

Iruarrizagak, EH Bilduren galderei erantzunez azaldu dauenez, Covid-19aren krisia dala eta martxan jarritako neurri fiskalek “52 milioi euroko” kostua eukiko dabe. Aldundiak kopuru hori jasotzeari itziko deutso, Bizkaiko enpleoa eta ekonomia bultzatzea bilatzen daben kenkariak dirala eta.

Foru Ogasunaren arduradunak aurreikusi dauenez, Soziedadeen Zergea dala eta, Ogasunak “26 milioi” gitxiago batuko ditu, kuota efektiboaren ez ohiko kenkaria dala eta (%60); beste “3 milioi” “1.200 lanpostu arte” sortzeko kenkariengaitik. Eta, PFEZn egingo diran kenkariak dirala eta, Ogasunak kalkulau dauenez, eragin gehien eukiko dauenak ohiko etxebizitzea barriztetako lanak dirala eta egongo dan kenkari fiskala izango da, eta horren eragina “20 milioi eurokoa” izango dala kalkuletan da.

EH Bildu kexau egin da kenkari horreek diru-bilketan izango daben eragin handia dala eta. Arantza Urkaregik zalantzan jarri dau Aldundiak enpresek diru horri ekonomia barrindartzera bideratuko ete daben “bermerik” daukanik. Bere eretxiz, foru administrazinoa izan beharko litzateke diru hori batu eta inbertidu beharko leukena, bere erespideetan oinarrituta. EAJ-PNVk eta PSE-EEk onartu ez daben arauz besteko proposamen batean, foru gobernuak “zergatan dagozan hobariak eta kenkariak barriro aztertzeko eta beharrezkotzak joten diranakaz bakarrik jarraitzeko proposamen bat aurkeztea” eskatzen eban koalizino abertzaleak.