Aurreko Albisteak

ALDUNDIAK TALKA PLAN BAT JARRI DAU MARTXAN, ENPLEOAREN JATSIEREA MURRIZTEKO NEURRI BARRIAKAZ

  • Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Foru Diputatuak, Enpleoa Defendituteko 2020-2021 Plana aurkeztu dau Bizkaiko Batzar Nagusietan, Bizkaiko enplegagarritasuna defindiduteko eta lan eta ekonomia sarea bultzatzeko eta barriro indartzeko programa barriakaz.

(Bilbon, 2020ko ekainaren 3an). Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Foru Diputatua Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri da, berak eskatuta, pandemia indarrean egon dan hilebete honeetan bere Sailak, Bizkaiko langabezia murrizteko diseinau dauen Enpleoa Defendiduteko 2020-2021 Plana aurkezteko. Planak bederatzi programa garatuko ditu hiru ildo estrategikotan: enpleoa defendidutea eta kontserbetea; enpleoa bultzatzea eta barriro indartzea, eta datuen azterketan eta bilketan zentrautako hirugarren ildoa. Neurriak, erakundeen beste ekintza batzuen “osagarriak dira, eta “5 milioi euro baino gehiago” inbertidutea aurreikusten da.

“Langabeziaren jatsierea murrizteko” eta “egoera zaurgarriagoan dagozan personentzako babesa aktibetako” “kontingentzia” planak, Sailak daborduko oso aurreratuta eukan Enpleorako 2020-23 Esparru Plana “barriro planteetea” eskatzen dau, eta Bizkaian enpleoaren alde ari diran erakundeakaz eta eragileakaz aurretiazko diagnostikoa egin eta gero egin da. “Atoan” jarriko da martxan, prestau dan dekretua laster egingo dan Gobernu kontsejuan onetsi eta gero. Laespadak adierazo dauenez, “irailetik edo urritik” aurrera dekretuaren eukia proposamen barriakaz aldatu ahal izango da, plana “dinamikoa eta aldaketen aurrean edegia” dalako; dagozan beharrizanak kontuan izanda “diru gehiago injektetako” aukerea be aztertu ahal izango da.

“Enpleoa defendidutea eta kontserbetea” lehenengo ildo estrategikoari jagokonez, planak, pandemia aurretik egoan enpleoari laguntzera zuzendutako MANTEN programea aurreikusten dau. Programa horrek “2 milioi euro” aktibauko ditu, “600 eta 800 persona artean” kontratetako aukerea emoteko. Horrez gain, Demaren eskutik etorriko dan REEMPRESA programari jagokonez, 2021eko urtarriletik aurrera “negozioen transmisinoa errazten” lagunduko dau.

“Enpleoa bultzatzeari eta barriro indartzeari” jagokon bigarren ildoan, Aldundiko Enplegu Sailak beste lau programa sartuko ditu. “Milioi bat euroko” aurrekontua daukan KONTRATA izeneko lehenengoak, krisian euren lanpostua galdu daben “300 eta 400 persona artean” kontratetea bultzatuko dau. Programa horri, enpleoa bilatzen ari diran eta 1.000 persona baino gehiagori laguntzeko Udalakaz eta “behargintzakaz” batera, aurrera eroango dan 3R programa gehituko jako. Programa horrek “2 milioi euro” izango ditu. Ildo horri, “755.000 euro” izango dituan lanbakoei laguntzeko Prestakuntzarako eta Enpleorako programa Mistoa gehituko jako, eta baita Aktibazinorako programa Digital bat be. Azken horren bitartez, “90 personek” sei enpleo anezka birtualen onurak jasoko ditue, online kanala sortuta.

Horrez gain, planak izaera analitikoa eta estadistikoa daukien beste hiru ekintza aurreikusten ditu, plataforma digital bat sortzea, Aldundiaren eta beste administrazino guztien programa guztiak jasoko dituan enpleorako atari bat, eta datuak biltzeko eta programen azterketea eta ebaluazinoa egiteko aukerea emongo dauen sistemea, hain zuzen be.

Oposizinoko taldeak bat etorri dira Laespadagaz, Covid-19aren eraginak ekarri dauen osasun, ekonomia eta gizarte arloko krisiaren aurrean aparteko neurriak jarri behar dirala indarrean esatean. Dana dala, Amaya Fernándezek (PP) zalantzan jarri dau programa horreetako batzuk benetan barriak diranik. “Horreetako batzuk daborduko funtzionetan dagoz”. Elkarrekin Bizkaiatik, Israel Escalante batzordekideak eskualdeen artean “orekea” egotea eskatu dau, eskualde batzuk langabeziaren zigorra beste batzuk baino gehiago ari diralako jasaten. EH Bilduk Izaskun Duqueren eskutik, Batzarretako beste talde batzuek euren soluzinoak aurkezteko “espazio zabalagoak” edegiteko eskatu dau. Eta EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen aldetik, Irene Edesak eta Juan Oterminek, koronabirusak “oso erronka handia” planteetan dauela esan dabe, eta “Bizkaia Aurrera” ekimenaren barruan dagon plana “beharrezkoa” eta beste administrazino publikoen ekimenen “osagarria” dala azpimarratu dabe.

AKORDIOA SOSAGAZ

Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaia taldeko Israel Escalantek, Aldundiak Israelgo SOSA erakundeagaz sinatu dauen hitzarmena “bertan behera iztea” eskatu dau. “Deigarria da” Foru Gobernuaren “inkoherentzia politikoa”, izan be, erakunde hori, Israelgo Gobernuagaz proiektu teknologikoak eta armen ganekoak dituen enpresek “eusten dabe”, HPk eta RAFAELek, besteak beste. Bere berbetan, akordio hori, Gernikan, Osoko bilkura batean, 2016ko abenduaren 26an, onetsi zan arauz besteko proposamen baten “kontra dago”. Proposamen horretan, Israelek egiten eban “Giza Eskubideen eta nazinoarteko legediaren edozein zapalketa” deitoratzen zan, eta Palestinako Estaduari jagokonez Nazino Batuen Erakundeak emondako ebazpenakaz bat egiten zan.

Ekonomiaren Garapenerako Sailak sinatutako hitzarmena dan arren, Teresa Laespadak azaldu dauenez, akordio horren helburua “startupak” azkartzeko eredu barriak “aztertzea” da, izan be, SOSA, gizarte arloko barrikuntzan mundu osoan dagon plataforma nagusietakoa da, “15.000 startup” baino gehiago ditu, eta bere eredua baliagarria izan leiteke “Bizkaian enpleoa sortzeko”. Ukatu egin dau hartu-emon horrek ezelango erlazinorik daukanik Israelgo Gobernuak giza eskubideak zapaltzeagaz. Hori holan balitz, “Sirian edo Txinan dagozan enpresa guztiakaz hartu-emonak apurtu beharko geunkez”, euren gobernuek ez dituelako giza eskubideak errespetetan.

ETORKINAK

Beste alde batetik, batzordeak ez dau onartu EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeek, talde abertzaleak aurkeztu dauen arauz besteko proposamenaren aurrean, etorkinen administrazino egoera irregularra bideratzeko aurkeztu daben zuzenketa eske transakzionala. Ekimenean, beste gauza batzuen artean, persona horreei egoitza baimena emotea eskatzen jakon Gobernu Zentralari, baina ez da onartu, EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeen kontrako botoakaz. Foru Gobernua eusten daben taldeek zuzenketa eskea aurkeztu dabe, baina proposamena aurkeztu dauen taldeak ez dau onartu. Zuzenketa eske horretan, Bizkaiko Batzar Nagusiek “ez ohiko abaguneak dirala eta, egoitza eta lan baimena jasotzeko arauzko eskakizunak malgutzeko” eskatzen eutsen Espainiako Gobernuari, “gaur egun etorkinek modu erregularrean egoteko eta laneratzeko daukiezan aukerak handitzeko”.