ALDUNDIAK 140 HEKTAREAKO "SEGURTASUNEZKO GUNEA" DISEINAU DAU ARTXANDAN, EHIZEA MUGATZEKO
· Elena Unzueta Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian jakinarazo dauenez, Gaztelugatxeko San Joanerako bisita protokolo barria aztertzen ari da Aldundia.
(Bilbon, 2020ko bagilaren 1ean). Elena Unzueta Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan gaur adierazo dauenez, Artxandako biztanleek hasieran planteautako diseinuaren desbardina izango dan “diseinu barria” egingo dau Aldundiak, Artxanda mendian “137,78 hektareako segurtasunezko gunea” sortzeko, gune horretan ehizea mugatzeko. Lur horreek Bilboko eta Sondikako udalerrietan dagoz, BI-3741 errepidearen ardatzaren eta San Rokeko baseleizaraino zabaltzen dan beste azalera baten inguruan.
Elkarrekin Bizkaia taldeak ekarri dau gai hori Bizkaiko Batzarretako Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako Batzordera, Artxanda Plataforma izeneko Auzokideen Alkarteak, Bizkaiko Batzarretako informazinozko batzorde batean egin ebazan eskarien ostean Bizkaiko Batzar Nagusiek hartu eben konpromisoa zein egoeratan dagon jakiteko. 2018ko martiaren 5ean, Bizkaiko Batzarretako osokoak aho batez onetsi eban Foru Gobernuari Artxandan “segurtasunezko gune” bat sortzea eskatzen eutsan arauz besteko proposamena. Gune horretan ehizea debekauta egongo litzateke, izan be, iraganean, auzokideek behin baino gehiagotan adierazo eben “bildurra pasetan” ebela, inguru horretan egiten ziran ehizaldiak zirala eta.
Aldundiko arduradunak azaldu dauenez, Aldundiak indarrean dagon legetasunera doituko dau segurtasunezko gune horren sorrerea, 1388/2020 foru aginduaren bitartez. Inguru horrek ez ditu izango auzokideek hasieran planteetan ebezan ezaugarri berberak. Dana dala, alarma egoera dala eta bat-batean geldik geratu dan Aldundiaren proposamena aste honetan bertan “aktibauko da barriro”. Helburua hasierako proposamenaren berbera da: Artxanda inguruan dagozan “personen eta ondasunen segurtasuna bermatzea”.
Oposizinoko taldeak pozik agertu dira neurriaren aurrean, baina foru agindua “berandu” ailegetan dala esan dabe, auzokideak “2016tik” ari diralako jarduketa hori eskatzen, Elkarrekin Bizkaiako Xabier Benitok gogoratuazo dauen moduan. Iratxe Arriola EH Bilduko ordezkariak adierazo dauenez, Artxandako biztanleek “babes faltea eta kasurik egin ez izana” jasan dabe Aldundiaren aldetik. “Ulergarria” da administrazino arloko izapideak luzatzea, “baina ezin leiteke justifikau emoten ari diran pausuen ganeko informazinorik ez emotea herritarrei”. Unzuetak ukatu egin dau hori. “Denpora horretan guztian hartu-emonak eta bilerak euki doguz”, esan dau.
ZUGATZAK MOZTEA JATAKO HONDAKINDEGIAREN ONDOAN
Beste alde batetik, Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, Jatako hondakindegiaren ondoan dagozan lurzati bitan zugatzak mozteko baimena “geratu” egin da. Elkarrekin Bizkaia taldeko Xabier Benitok gogoratuazo dauenez, maiatzaren erdian Ekologistak Martxan alkarteak, lindanearen kutsadurea dala eta salaketa jasan dauen hondakindegi horren inguruko lurren mobimendurako eta zugatzen mozketarako lanek eragiten eben “ingurumen arloko arriskuaren” barri emon eban. Batzordekidearen berbetan, talde ekologistak adierazo ebanez, gai kutsatzaile horren presentziak eragina euki eikean egurra mozten, manipuletan, garraiatzen eta ondorengo erabileretan arituko ziran beharginengan.
Unzuetak azaldu dauenez, bere Sailak aurretiazko txostena eskatu deutso Eusko Jaurlaritzari, une honetan “geldik” dagozan beharrak egiteko enpresek “babes neurriren bat” hartu behar ete daben jakiteko; “gaur egun, txosten hori oraindino heldu barik dau”.
BISITETARAKO MUGA BARRIAK GAZTELUGATXEN
Elkarrekin Bizkaia taldeak egindako galderari erantzunez, Elena Unzuetak iragarri dau Aldundiak ez dauela aplikauko alarma egoerea ezarri aurretik bere sailak iragarri eban “eguneko 3.024 personako” bisiten mugea. Gizarte arloko distantziaren ganeko neurriak dirala eta, Aldundiak neurri hori “balio barik” itzi behar izan dau, eta agintzen diran osasun arloko neurriak errespetauko dauen Gaztelugatxeko San Joango Baseleizara sartzeko beste planteamentu bat aztertzen ari da. Unzuetak aurreratu dauenez, teknikariak aztertzen ari diran neurriak “mugatzaileagoak” izango dira.
Horrez gain, Unzuetak esan dau, baita be, alarma egoerea dala eta, Aldundiak nekazari profesionalak lehenetsi behar izan dituala profesionalak ez diranen aurrean, basurdeek Bizkaiko ustiapenetan eragin dituen kalteen ziurtapenerako eta estaldurarako ohiko prozeduren balorazinoetan. Halan da be, adierazo dauenez, normaltasuna berreskuratzen dogunean, aurkeztu diran salaketa “guztiei” emongo jake arretea, “baina horrek ez dau esan gura ustiapen guztiek Aldundien laguntzen onuradun izango diranik”.