ALDUNDIAK "%1EKO" EZ BETETZEAK BAINO EZ EBAZAN HAUTEMAN 2019AN, GIZARTE ARLOKO PRESTAZINOAK AZTERTU EBAZANEAN
- Sergio Murillo Gizarte Ekintzako Foru Diputatuak 2019ko Ikuskapenerako eta Kontrolerako planaren eta Covid-19a dala eta martxan jarri diran plan “berezi” bien balantzea egin dau.
- Igaz, Aldundiak 54.575 ikuskapen egin ebazan.
- Gizarte Ekintzako Batzordean, Aldundiaren esku dagozan gizarte arloko zerbitzuen egoeraren barri be emon dau.
(Bilbon, 2020ko maiatzaren 29an). Bizkaiko Foru Aldundiak, 2019ko Gizarte Zerbitzuen eta Prestazinoen Ikuskapenerako eta Kontrolerako Plan Orokorraren eta Covid-19a dala eta aktibau diran ikuskapenerako plan “berezi” bien balantzea egin dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan. Sergio Murillo Gizarte Ekintzako Foru Diputatuak, pandemia dala eta eten diran gizarte zerbitzuen jarduereari barriro ekiteko ildo nagusiak be aurreratu ditu.
Berak eskatuta egin dauen lehenengo agerraldian, Aldundiak emon ebazan eta 119 eurora heldu ziran gizarte arloko prestazinoei jagokenez 2019an izandako betetze maila altua azpimarratu dau diputatuak. Aldundiaren ikuskapenak hautemandako irregulartasunak “ia” ez ziran “%1era” heldu, eta, hori dala eta, laguntzen onuradunek “1,4 milioi euro” itzuli behar izan ebezan, adierazo dau. Aldundiak prestazinoen %100 aztertu ebazan, hau da, onartutako “47.162” laguntzak, hau da, “aurreikusitakoak baino 13.000 gehiago”.
Horrez gain, Gizarte Ekintza Saileko kontroleko zerbitzuek ikuskapeneko beste lau “bloketan” be egin dabe behar. Gizarte arloko prestazinoak aztertzeaz gain, Aldundiak lurraldeko gizarte zerbitzuetako zentroak, 2019an martxan jarritako programak, etxean egiten diran zainketak eta hirugarren sektoreko erakundeakaz adostutako hitzarmenak eta horreei emondako diru-laguntzak aztertu ditu. Jarraipenaren esfortzua “ikuskapeneko 54.575 ekintzatan” zentrau da. Guztira “prestazinoetara eta diru-laguntzetara zuzendutako 140 milioi euro baino gehiago ikuskatu dira, 47.162 prestazino aztertu dira, etxeko 4.683 eta zentroetako 2.308 jarraipen egin dira eta 422 zentro aztertu dira”. “Inoiz baino gehiago”, jarduketa horreek argi eta garbi erakutsi dabe gizarte zerbitzuen finantzaketea “ondo bideratuta dagola eta heldu behar dan lekura ailegetan dala”, laburbildu dau Murillok.
Homologautako zentro guztietan arautegia beteten dala bermatu gura izan dau Aldundiak, hau da, gizarte arloko 389 zentroetan. Igaz, Aldundiak, 29 zentrotan izandako “48 gertakizun” hauteman ebazan. Irregulartasunak egon ziran adinekoentzako 4 egoitzatan, 12 etxebizitza komunitariotan eta tutelautako apartamentu bitan, eta 9 gertakizun izan ziran adinbakoen zentroetan.
Personek aurreikusitako arretea jasoten dabela egiaztetako programetan egin diran kontrolerako ekintzez gain, Murillok argitu dauenez 2019an, “2.308 persona” egoera onean dagozala zaindu dau Aldundiak. Horreetatik erdia baino gehiago adinekoak (630) eta umeak (1.078) izan dira.
Horrez gain, proponidu zan moduan, igaz Aldundiak aurrera jarraitu eban etxean zaintzeko laguntzak jasoten dituen 18.577 personen %25aren ikuskapenagaz. “4.683 onuradun” ikuskatu ziran. Arlo horretan, Aldundiak “126 intzidentzia” edegi ebazan; horreetatik “73tan” zaintzaileen “gainkargak” hauteman ziran, eta “13tan” “amore emoteko arriskua” ikusi zan. “Ez zan tratu txarren kasu bakar bat be” hauteman.
Eta, bukatzeko, bosgarren blokearen helburua, beste erakunde batzuekaz adostutako hitzarmenetan eta horreei emondako diru-laguntzetan irregulartasunak hautematea izan da. “22,2 milioi euro” aztertu dira. Diru-laguntza nominatiboen %100aren justifikazioa aztertu da, lehiaketa bitartez edo modu sinplean emondakoak, 15,9 milioi euro guztira. Azkenean, 31.013 euro itzuli behar izan dira, zenbateko osoaren %0,2a.
IKUSKAPENAK COVID-19AREN GARAIAN
Beste alde batetik, diputatuak osasun krisi honetan martxan jarri diran “plan berezi bien” laburpena be egin dau. Horreetako bat, egoitzen, egoiliarren eta senideen arteko komunikazinorako Aldundiaren politikea egiaztetara egon da bideratuta. Eta bestea, osasun arloko neurriak beteten diran ala ez testatzera.
Horri jagokonez, Aldundiak banakako mila kontaktu baino gehiago egin ditu pandemian: “294” lehenengo fasean, apirilaren 23ra arte; beste “65” bigarren fasean; eta beste “170” maiatzaren 5etik 22ra.
Ganera, Aldundiak Covid-19an positiboak izan dituen egoitzen kontrolerako plan berezia ezarri dau, faltau daitekezan baliabide materialak hautemateko eta bertako egoiliarrak guneetan banatzeko egoitzei laguntza emoteko. Martiaren 30etik apirilaren 7ra, Aldundiko beharginek 14 ikuskapen egin ditue. Horreen ostean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko beharginak be horretan aritu ziran, eta beste 85 bisita egin ebezan maiatzaren 15era arte.
Oposizinoaren eretxiz “ausarta” izan dan keinuan, “egoitza txikietan” zonakatzea modu egokian egitea “gatxa” izan dala eta, pandemiaren lehenengo asteetan, batez be, zentroei babeserako ekipo egokiak emotea ez dala “erreza” izan onartu dau Murillok. Autortu dauenez, “kasu batzuetan ez egozan homologauta”, edo “behin baino gehiagotan” erabili ziran.
ALDUNDIAREN ZERBITZUAK EDEGITEA
Saioko beste puntu batean, Aldundiko zerbitzuetan arintze prozesua zelan ari dan egiten azaldu dau Sergio Murillok. Holan, adinbakoen zentroei jagokenez, “dagozan 56 zentroetatik 55 martxan dagoz, eta falta dana astelehenean hasiko da”, esan dau. Datu horreei mendekotasuna baloretako 17 ekipoak aktibo dagozala, eta daborduko 1.079 balorazino egin dirala batu behar jake. “Datorren astelehenean” beste 5 ekipo aktibauko dira, aurreikusita dagon asteko 400 balorazinoko erritmora ailegetako. Mendekotasunari jagokonez, urritasunari egunez arretea emoteko 28 zentro martxan dagoz daborduko, eta erabiltzaileak apurka-apurka ari dira horreetara joaten.
Ganera, aste honen hasieran, adinekoentzako eguneko 4 zentro euren jarduereagaz hasi dira. “Astelehenean, bagilaren 1ean, beste 11 edegiko dira, eta bagilaren 8an beste 3 edegiko dirala baieztau da”. Adinekoen egoitzetara bisitak egiteari jagokonez, aste honetan horretarako aukerea emongo da, “kasu guztietan, bizi amaierako zainketak diranean, edo hori eskatzen daben egoera kognitiboetan edo psiko-emozionaletan”.
EH BILDUREN PROPOSAMENAK
Diputatuaren agerraldiaren ostean, Gizarte Ekintzako batzordeak EH Bildu taldeak aurkeztu dituan arauz besteko proposamen bi eztabaidatu ditu, Eguneko Zentroetan hartutako neurrien eta adinekoen egoitzetan “isolamendua amaitzearen” ganean. Proposamena aurkeztu dauen taldeak lehenengoa baztertu egin dau, “akordio bat lortzeko” helburuagaz, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek ez dabe bigarrena onartu. Elkarrekin Bizkaia alde agertu da eta Talde Berezia (PP) abstenidu egin da. “Daborduko arintze prozesuan beharrean ari dan gizarte eta osasun arloko batzorde teknikoa dago, eta foru aginduak aste honetan bertan argitaratuko dira”, iragarri dau Jane Eyre Urquieta jeltzaleak. EH Bilduko Izaskun Duquek, batzorde horrek, oposizinoko taldeen “gizarte eta osasun arloko proposamen batzuk, eta ez proposamen politikoak”, jasotea eskatu dau.