Aurreko Albisteak

ENKARTERRIETAKO MUSEOAK MARTITZENEAN, BAGILAREN 2AN, ZABALDUKO DITU BARRIRO ATEAK JENTEARENTZAT

  • Bizkaiko Batzar Nagusiak jabe diran Abellanedako zentroak bere areto bakotxerako jarduketarako protokolo espezifikoa jarri dau martxan, bisita segurua eta atsegina bermatzeko.

  • Edukierea %50era mugatuta egongo da, eta neurri higieniko zorrotzagoak jarriko dira.

(Bilbon, 2020ko maiatzaren 28an). Bizkaiko Batzar Nagusiak jabe diran Enkarterrietako Museoak, datorren martitzenean, bagilaren 2an, zabalduko ditu barriro ateak jentearentzat, Covid-19a dala eta aldi baterako itxierea agindu aurretik indarrean eukan ordutegi beragaz. Hori dala eta, Abellanedako Batzarretxean (Sopuerta) dagon kultur zentroa, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara egongo da zabalik, martitzenetik zapatura (garagarrilaren 1etik aurrera, arratsaldeko ordutegia 17:00etatik 19:00etara bitartekoa izango da) eta, 10:00etatik 14:00etara domeketan eta jaiegunetan. Sarrerea dobakoa da.

Enkarterrietako Museoko arduradunak, normaltasunera berme guztiakaz itzultzeko ibili dira beharrean azkenengo aste honeetan, bertako instalazino guztietan Bizkaiko Batzarretatik, Foru Aldunditik, Eusko Jaurlaritzatik eta Osasun Ministeriotik markau diran jarraibideen ildo nagusiak jarraitu dituan jarduketarako protokolo espezifikoa kontuan izanda.

Holan, beste ezer baino lehen, eta osasun arloko jarraibideak jarraituta, Enkarterrin dagon museoak %50era mugatuko dau edukierea. Barruan, areto bakotxean, gehienez 5 persona egongo dira, bisitarien artean metro biko distantzia bermatu ahal izateko.

Ganera, Enkarterrietako Museoak osasunagaz erlazionautako hainbat jarduketa jarri ditu martxan. Gel antiseptikoen banagailuak jarri dira museo osoan (sarreran, igongailuetan, aretoetan eta bulegoetan), eta baita alfonbratxo desinfektatzaileak be. Maskarak egongo dira maskara barik datozan persona guztientzat, derrigorrez erabili behar dira eta. Ganera, museoak garbiketa zerbitzuen behar egiteko ordutegi barria ezarri dau, gune komunen higienerako jarduketak sarriago egiteko.

Bertara doazan bisitarien mobikortasunari jagokonez, Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagon zentroak informazinoa emoten daben kartel barriak instalau ditu, ibilbide seguruagoak ezarteko eta personen arteko kontaktua murrizteko. Neurri horreen artean “arriskuko” elementuak kentzea be jasoten da, argitalpenak eta liburuxkak, adibidez.

Enkarterrietako Museoak Bizkaiko gizartea konbidau gura dau barriro, erakusketaren esperientziagaz, bertako behargin espezializauen azalpenakaz eta artearen eta ondarearen ikuspegitik balio handikoak diran pieza ugariakaz gozau daian. Igaz, 15.003 personak (2018an baino %15 gehiago) bisitau eben Abellanedako Batzarretxean dagon kultur zentroa.