ALDUNDIAK "ZUHURTZIAZ" IBILTEKO MEZUA LUZATU DEUTSE UDALEI, ORAINDINO "ZALANTZAZ BETETA" DAGON COVID-19AREN ERAGINAREN AURREKO GASTUAN
- Iraskunde, Gobernamendu On eta Gardentasun Batzordea bigarrenez alkartu da egun bitan, “Covid” garaiko udalen finantzaketaren inguruan aritzeko.
- Gaur egun aurreikusten danez, diru-bilketea “%20” murriztuko da, eta toki erakundeen diru-sarrerak “185 eta 200 milioi euro artean txikiagoak” izan daitekez, Ibone Bengoetxeak adierazo dauenez.
- 2019ko Udalkutxa foru funtsaren “gerakinen 26 milioiak” Udalei bideratzeko eskatu deutso oposizinoak Aldundiari.
(Bilbon, 2020ko maiatzaren 21ean). Diru-bilketaren jatsiereak eta Udalen finantzaketan izango dauen eraginak “ardura handia” sortu dau Bizkaiko Batzarretako talde guztien artean. Holan, Iraskunde, Gobernamendu On eta Gardentasun Batzordea 24 orduren buruan bigarrenez alkartu da gaur, gai horren inguruko eztabaida monografikoa egiteko. EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak eskatuta batzordera etorri dan Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Diputatuak, gastuan “zuhurtziaz” ibilteko mezua luzatu deutse Udalei, Covid-19aren ondoriozko krisiak erakunde “guztietan” izango dauelako eragina, eta bere behin betiko inpaktua oraindino “zalantzaz beteta” dagolako.
Bengoetxeak Aldundiak une honetan esku artean dituan zifren barri emon dau. Zifra horreek Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontsejuaren bitartez bideratu jakezan toki erakundeei. Udalen finantzaketaren banaketarako eratuta dagon Bizkaiko udalerrien eta Foru Aldundiaren arteko partaidetzarako eta koordinazinorako organuak, udalerriek Udalkutxa foru funtsetik jasoko ebena “185 eta 200 milioi euro artean gitxiago” izango zala aurreikusi eban.
Zezeileko Finantzen Lurralde Kontsejuan egin zan udalen finantzaketaren funtsaren likidazinoa udalei 26 milioi euro ordainduta egin zan, 895,1 milioi eurora ailegau arte, aurrekontuetan aurreikusitakoa baino %3 gehiago. Diru “estra” hori, seguruenez negatiboa izango dan Udal bakotxaren 2020ko Udalkutxaren likidazinoaren emaitzea txikitzeko erabiliko da. Baina, “noiz egingo da?”, galdetu dabe oposizinoko taldeek. “Udalkutxa 2020” likidetan danean edo geroago hartu daitekezan akordioetan erabagiten danean”, esan dau Bengoetxeak. Dana dala, adierazo dauenez, jaso daikienaren –26 milioi– eragina oso “kopuru txikia” da, aurreikusten dan diru-bilketaren jatsieraren edo Aldundiaren esku dagon funtsaren aurrean, “%2 edo %3 ingurukoa baino ez”.
Foru diputatuak azaldu dauenez, krisiak “guztiongan” eukiko dau eragina. “Diru-bilketea jaisten danean, erakunde guztiek galtzen dabe” esan dau, lurraldeko erakundeen finantzaketea “partekatutako arriskuaren” printzipioan oinarrituta antolatzen dalako. Halanda be, Bengoetxeak zehaztu gura izan dau Bizkaiko Udalen zifrak “hobeak” dirala krisiari aurre egiteko. Araubide komuneko udalerriek baino “zorpetze txikiagoa” eta “maniobretako margen handiagoa” daukie, 5/2013 Foru Arauari esker, neurri batean.
EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak eskatu deutsien Ekarpenen Legearen aldaketeari jagokonez, Aldundiko arduradunak sistema guztiak “hobetu daitekezala”, baina Bizkaiak,“Araubide komuneko udalerriek baino abiapuntu hobea” daukala esan dau. Eta zifra batzuetan oinarritu da hori esateko. 2018ko datuak kontuan izanda, Bizkaiko udalerri bakotxak “773 euro jaso ebazan persona bakotxeko”, Estaduko ganerako udalerriek “377 euro” jaso ebezan bitartean. Eta 2017ko datu itxiek erakusten dabenez, bizkaitar bakotxaren batez besteko zorra “95,27 eurokoa” izan zan, araubide komuneko udalerriena batez beste “507 eurokoa” izan zan bitartean.
UDALEN AUTONOMIA ERRESPETETEA
Batzordeak arauz besteko hiru proposamen eztabaidatu ditu, EH Bilduren bi eta Talde Bereziaren (PP) bat. Horreetan, beste batzuen artean, Udalkutxaren 26 milioi euroko gerakin horren erabileran “malgutasun” handiagoa eskatzen zan, Udalek Covid-19ak eragindako ondorioei aurre egiteko. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek atzera bota ditue hiru ekimenak “udalen autonomia errespetau behar dala”, eta erabagiteko ahalmena EUDELek ordezkatuko dituan Udalen eta Aldundiaren esku itzi behar dala esanez. Horren ostean Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontsejuan hartu beharko da akordioa. Oposizinoak esan dauenez, penagarria da diru hori, momentuz, 2021eko zezeilera arte, “kajoi” batean geratzea.