Aurreko Albisteak

"BIZKAIA GARA" ALKARTASUNEZKO OLATUA PANDEMIAK EUKI DAUEN "TXAR GUZTIAREN ARTETIK ONENA" IZAN DA, REMENTERIAK ADIERAZO DAUENEZ

  • Unai Rementeria Ahaldun Nagusia Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuagaz batera etorri da, boluntarioen “Bizkaia Gara” sarea garatzeko eta “Bizkaia Aurrera” plana ezarteko Foru Gobernuak gauzatu dituan jarduketak azaltzeko.

  • Bizkaiko Batzarrek ez dabe onetsi Elkarrekin Bizkaiak Bizkaitar guztiei koronabirusaren diagnostikoaren testa egiteko aurkeztu dauen ekimena.

(Bilbon, 2020ko maiatzaren 20an). Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak aintzatespen berezia erakutsi dau gaur goizean boluntariotzako “Bizkaia Gara” sarean parte hartu daben “3.985 personen” aurrean. Adierazo dauenez, pandemiak euki dauen “txar guztiaren artetik onena” izan dira.

Elkarrekin Bizkaiak eskatuta Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian, martiaren 14an, alarma egoerea ezarri zan egun berean, martxan jarri zan boluntariotzako sare horren zerbitzuaren ganeko datuak emon ditu. Botiken “1.362 entrega” egin dira, “eguneroko 721 erosketa” eta “18.568 dei” persona nagusiei, laguntasuna emoteko. “Personek personentzat” martxan jarritako zerbitzu horrek beste gauza batzuk be egin ditu, garraio publikoan musturrekoak banatzea edo harrerako etxeetan laguntasuna emotea, adibidez.

Batzarretako taldeek bat egin dabe aintzatespen horregaz, Bizkaiko gizarteak egoera zaurgarrienean dagozanakaz erakutsi dauen konpromiso “indartsua” balioan jarrita. Halanda be, Elkarrekin Bizkaiak “lankidetza handiagoa” eskatu dau herrietako sareakaz eta oposizinoko taldeakaz eurakaz. Israel Escalante batzordekideak Bizkaia Garak 2019-2023rako daukan “200.000 euroko” aurrekontua barriro aztertzeko eskatu dau, osasun arloko krisiaren aurreko aurrekontua dalako. Bea Ilardia EH Bilduko bozeroaleak, aintzatespenei Bizkaian “daborduko existiduten dan sare komunitarioari” egiten jakozanak gehitu deutsaz , “kritikoa ez dan boluntariotzatik” aparte, “auzoz-auzo oso behar handia” egin dauelako, “egoereari erantzuten jakin dauelako” eta beste persona batzuen alde “narrua itzi dauelako”.

Foru Gobernua bultzatzen daben taldeetatik, sare hori “ez daitela osasun alertea bukatzen danean bukatu” eskatu dabe. Bizkaia Gara, “lagundu gura daben eta laguntzea behar daben personen arteko topalekua” izan da, eta “beharrezkoa izango da gure lurraldea gizartearen ikuspegitik garatzeko”, azaldu dau PSE-EE taldeko Juan Oterminek. “Alkartasunaren eta besteakaz izan beharreko konpromisoaren eredu izan da”, gehitu dau Jon Andoni Atutxa jeltzaleak, eta ez ditu ahaztu gura izan pandemiako garai honeetan euren alkartasuna zabaltzearen aldeko apustua egin daben “beste erakunde eta persona batzuk”.

BIZKAIA AURRERA PLANA EGOKITZEA

Elkarrekin Bizkaiak eskatuta, koronabirusak eragindako “erabateko” geldialdiaren ondorioak gehien jasan dituen personei laguntzeko “orain 9 egun” martxan jarri zan “Bizkaia Aurrera” talka plana justifikau dau Rementeriak Iraskunde, Gobernamendu On eta Gardentasun Batzordearen aurrean. Planak, “95,5 milioi euroko” inbertsinoa daukien eta “662 milioiko” eragin ekonomikoa sortzea bilatzen daben 12 neurri jasoten ditu. Abenduaren 31ra arte indarrean egongo dan “preminazko” plan hori, krisiaren hasieran Aldundiak martxan jarri ebazan eta enpresen likidezia “538 milioi eurotan” handitzeko aukerea emon daben neurri fiskalei gehituko jake.

Horrez gain, Rementeriak azaldu dauenez, plana egoerearen bilakaerara egokitzen joango da, baina urteko bigarren hiruhilekoko datu ekonomikoak ezagutu arte itxaron beharko dala aitortu dau, “erabagi zorrotzagoak” hartzeko. Momentuz, apirilera arte Bizkaiko ogasunak diru-bilketan euki dauen jatsierea “%14,8koa” izan da.

Erantzunen txandan, Elkarrekin Bizkaiak talde ekologisten edo komunidade zientifikoaren eretxietara edegiteko eskatu deutso Aldundiari, eta “enpleo publikoa sortzearen” aldeko apustua egin ez izana tamalgarria dala esan dau. PP taldearen eretxiz, Aldundia “berandu” ailegau da neurri gehienetan, horreetako “asko” hilebete barru sartuko diralako indarrean, eta “orain behar dana preminazkoa da”.

EH Bilduk, bere aldetik, Bizkaiak behar dauena “plan integral bat, eta ez puntuala” eta “danon arteko gogoetea” dala azaldu dau. Bizkaiak “ez ditu betiko errezetak aplikau behar”, “barriro pentsau” behar ditu, ahaztuta dagon ekonomiaren ganean berba egiteko, etxeko zerbitzuaren ganean, adibidez. Ilardiak kritikau egin dau enpleoa sortzen daben enpresei aplikauko jaken Soziedadeen Zergaren %60ko murrizketea, Aldundiak batuko ez dituan aktibo horreek “esku pribaduetan itziko diralako”. “Ez da hobea izango Aldundia bera izatea erabagi horreek hartuko dituana? Barriro pentsauko ditu Bizkaiko Torrea, “Supersur” errepidea, edo ekitaldi handiak ekarteko asmoa?”, galdetu dau.

Euskal Sozialistak eta Euzko Abertzaleak taldeak bat etorri dira Ahaldun Nagusiagaz, plana “beharrezkoa” dala eta beste erakunde batzuek planteau dituen laguntzen aurrean “batzeko” balio dauela esatean. Egoera horrek “begirada luzea eta epe laburreko ekintzak” behar ditu. Ganerako taldeei “gatazka politikoetatik urruntzeko” eskatu deutse, “danok alkarregaz” arraun egiteko. “Politikea letra larriz egitea”, Juan Oterminen berbetan. Jon Andoni Atutxak, “hau lasterketa luzea dala, eta ez sprint-a” eta plan horrek ez dauela beste neurri batzuk gehitzeko aterik izten azpimarratu dau.

ONARTU EZ DIRAN PROPOSAMENAK

Iraskunde, Gobernamendu On eta Gardentasun Batzordeak arauz besteko proposamen bi eztabaidatu ditu. Horreetako batean, Elkarrekin Bizkaiak, konfinamenduko neurriak apurka-apurka altxatzen ari dirala ikusita, “Bizkaian bizi diran guztientzako” test masiboak eskatu ditu, proba horreen lehentasuna “osasuneko sektorean” eta “supermerkaduetan eta elikadurako saltokietan, logistikan eta industrian” behar egiten daben beharginetan jarriz. Aldundiaren esku dagozan beharginen kasuan, “su-hiltzaileengan eta euren lanpostuetara itzultzen diran personengan” zentrau beharko litzateke.

Bizkaiko Batzarrek ez dabe onartu test masiboak egiteko aukerea. Proposamenak aldeko 6 boto (Elkarrekin Bizkaia, EH Bildu eta PP) eta kontrako 9 (EAJ-PNV eta PSE-EE) izan ditu. Jeltzaleek eta euskal sozialistek bat egin dabe osasun arloko agintarien aholkuakaz. Aholku horreetan, “gaur egun”, test horreek “sendagileak aginduta” egin behar dirala esaten da, hau da, koronabirusaren sintomatologia daukien personei egin behar jakez. Une honetan, diagnostikorako proba horreek zabaltzea “ez dago Aldundiaren esku”, adierazo dau Jon Andoni Atutxa jeltzaleak.

Beste alde batetik, EH Bilduk, alarma egoerea dala eta Euskadiri eta Lurralde Historikoei “mugatu” jakezan eskumenak eta gaitasunak “berreskuratzeko” eskatzen eutsan Aldundiari. “Bere errealidadea eta lehentasunak nagusituz”, “ganerako indar politikoakaz eta sozialakaz adostuta” normaltasuna berreskuratzeko plangintza “propioa” diseinauz jarduteko eskatzen jakon Aldundiari. Modu berean, eskaria egiten jaken Udalei, euren jarduketetan “lehentasuna” herritarren interesari emoteko.

Kasu honetan be Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen kontrako botoakaz, ez da onetsi oposizinoko talde nagusiaren proposamena, baina oraingoan Elkarrekin Bizkaiak eta Talde Mistoak be eurekaz bat egin dabe. Jeltzaleek eta sozialistek osotasunerako zuzenketa-eskea planteau dabe, euskal osasun sistema publikoa “balioan jarteko”, Euskadiko erakunde guztiek covid-19aren kontra egiteko “koordinazinoa indartzeko” eta “berreraikuntzan aurrera egiteko” alderdi politikoakaz eta erakundeakaz “alkarrizketarako espazioak eregiteko”.