Aurreko Albisteak

AZPIEGITURA DIPUTATUAK, 2020AN "125 MILIOI EUROKO" INBERTSINO PUBLIKOARI EUSTEA DEFENDIDU DAU BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN

  • Azpiegitura eta Lurraldearen Garapenerako Batzordean egin dauen agerraldian Imanol Pradalesek gogoratuazo dauenez, une honetan inbertsino publikoa “behar-beharrezkoa” da, “ekonomia berrindartzeko eta enpleoari eusteko”.

  • Baztertu egin ditu EH Bilduk eskatu dituan “moratoriak” moduan, bere sailetik urtetan dauen inbertsinoak “1.400 lanpostu eusten ditualako”.

  • Bizkaiko errepideek trafikoa berreskuratu dabe, baina trafikoak “%50eko” kotatan jarraitzen dau, apirileko bigarren hastean “%80” murriztu eta gero.

(Bilbon, 2020ko maiatzaren 15ean). Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurraldearen Garapenerako foru diputatuak 2020an Aldundiaren inbertsino publikoari eustea defendidu dau, “ekonomia berrindartzeko eta enpleoa defendiduteko” neurri moduan, koronabirusa dala eta ekonomia arloa zalantzaz beteta dagon une honeetan. Holan, gogoratuazo dauenez, 2020an bere sailak Bizkaiko ekonomian “125 milioi euro” inbertidutea aurreikusten dau. Holan, bere sailak inbertsinoak egiteko daukan ahalmenak “1.400 lanpostu” eusten edo sortzen lagunduko dau, Bizkaian “28.300 persona baino gehiagori” beharra emoten deutsen eta lurraldearen BPGren “%6” hartzen dauen eraikuntzaren sektorean.

Holan, Pradalesek, Covid-19ari aurre egiteko bere sailak gauzatu dituan neurrien ganeko informazinoa eskatzeko EH Bilduk eskatu dauen agerraldian, une honetan lurraldean egiten ari diran “18 obretatik bakarra be” geratu ez izana azpimarratu dau. Jakinarazo dauenez, lan horreek funtsezkoak ez ziran jarduerak etenda egon ziran epealdian baino ez ziran geratu, eta geldialdi puntualak euki ebezan, beharginentzako segurtasun baldintza egokiak bermatu arte.

Oposizinoak, bere aldetik, obra batzuetan “moratoriak” eskatu ditu, une honetan ez diralako “funtsezkoak”, Bizkaiko gizarteak “beste lehentasun batzuk” ditualako. Raúl Méndez EH Bilduko ordezkariak, “50 milioi euroko” kostua eukiko dauen Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarraren fase barriaren edo “5 milioi euro” balioko dituan Ezkerraldeko parke teknologiko barriaren sarbidearen eraikuntza lanak baztertzeko eskatu dau. Eduardo Andrade popularrak be etorkizunean egin behar diran obrak aitatu ditu, Lamiakoko ibai azpiko errepidearen aurretiazko lanak edo Getxoko egoitzaren eraikuntza, besteak beste.

TRAFIKOAREN JATSIERA “HANDIA”

Covid-19aren ondorioen artean, Pradalesek trafikoaren jatsiera “handia” identifikau dau. Hori dala eta, gorabeherak eta istripuak gitxitu egin dira. Foru sarean, trafikoaren jatsiera hori “%80koa” izan zan apirilaren 6ko astean, baina ordutik apurka-apurka berreskuratzen joan da. Holan, aste honetan, trafikoa, alarma egoera aldarrikatu aurreko trafikoaren “%50era” heldu da. Apirilaren 6ko astean jatsierea %84koa” izatera heldu zan ibilgailu arinetan, eta “%69koa” ibilgailu astunetan.

Pandemiak Aldundiko eta haren esku dagozan enpresetako eta emakidadunetako beharginen artean izan dauen eraginari jagokonez, Covid-19aren aurreko “positibo bakarra” hauteman da, eta “daborduko sendatuta eta beharrean dago”, eta “18 persona” isolatu ziran, badaezpada.

LAN ARLOKO GATAZKAK HEGOALDEKO SAIHESBIDE METROPOLITARREAN ETA MEAZTEGI GOLFEN

EH Bilduk, Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarreko (HSM-VSM) beharginen egoeraren ganean itaundu deutso Aldundiari. Izan be, hainbat greba jardunaldi iragarri ebezan martitik aurrera Transbisa enpresa emakidadunak ez ebazalako bere betebeharrak beteten. Raúl Méndez batzordekideak gogoratuazo dauenez, sindikatuek salatu dabe bertako beharginek ez daukiezala Artxandako Tuneletako lankideen “lan baldintza berberak”. Aldundia jaube dan bi azpiegituratan, “behar bardinerako, baldintza bardinak”, eskatu ditu Batzarretako EH Bildu taldeko batzordekideak.

Pradalesek Interbiakek eta bere sailak lan arloko gatazka horretan daukien jarrerea defendidu dau, lan arloko hartu-emonen arloan dagolako. Aldundiak “negoziazinorako esparrua” errespetauko dau, eta “aldeek akordioa lortu arte zain egongo da”. Bitartean, “gure jarrerea, errepide horretako erabiltzaileei zirkulazino librea eta segurua bermatzea da”, esan dau.

Modu berean, Pradalesek lan arloko beste gatazka bat aitatu dau, Meaztegi Golfeko beharginek bizi izan ebena. Pradales pozik agertu da beharginek eta enpresa emakidadunak normaltasunera itzultzeko akordioa lortu dabelako, “baina 4 emakume kaleratuta”, zehaztu dau Raúl Méndezek.

EH Bilduk mahai ganean jarri dauen beste gai bati erantzunez, Pradalesek zelaiaren alderdi “positiboen” barri emon dau, bazkideei, urteerei, bonuei eta umeentzako eskolako partaidetzari jagokenez. “Abonu kopuruak %5,1 baino gehiago egin dau gora; 2019ko martian 574 ziran, eta 2020ko martian 603. Eta abonau kopurua %6,4 baino gehiago hazi da; 2019ko martian 698 ziran, eta 2020ko martian 743”, zehaztu dauenez. Aldundiak instalazinoetan hobekuntza “orokorra” emon dala hauteman dau, hainbat makina barriztu egin diralako, horreen artean 10 buggie barri alokatu dira.

Batzordea, EH Bilduk aurkeztu dauen arauz besteko proposamen baten eztabaideagaz itxi da. Proposamen horretan, lurraldean bizikletaren erabilerea bultzatzeko “preminazko” sei neurri “merke” eskatzen eutsazan Aldundiari. Elkarrekin Bizkaia proposamenaren alde agertu da, baina azkenean ez da onartu, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia (PP) kontra agertu diralako. Foru Gobernua eusten daben taldeek zuzenketa-eske bat aurkeztu dabe, neurri horreek “atzerapen barik, baina premina barik” indarrean jarteko, “errealidadean oinarritutako” plangintzagaz, baina proposamena aurkeztu dauen taldeak ez dau onartu.