ETE-ENTZAKO ETA AUTONOMOENTZAKO ALDUNDIAREN MIKRO-KREDITUAK ETA INDUSTRIARAKO LAGUNTZAK HILEBETE HONEN AMAIERARAKO EGONGO DIRA PREST
- Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapenerako diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da gaur, EH Bilduk eskatuta, bere sailak koronabirusaren krisiaren ondorioak arintzeko gauzatu dituan neurriak azaltzeko.
- Ekonomiaren Sustapenerako batzordeak aho batez onetsi dau Bizkaiko ekonomia sarea hobetzeko beste neurri batzuk jasoten dituan Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen zuzenketa-eske transakzionala.
(Bilbon, 2020ko maiatzaren 14an). Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapenerako diputatuak, “krisi ekonomiko sakoneko” agertokia margotuz hasi dau gaur EH Bilduk eskatuta Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldia. Agertoki horrek “inpaktu handia eukiko dau enpleoan”, eta “sektore gehienetan izango dau eragina”. Bizkaian, zenbakiek erakusten daben eragina oso esanguratsua da: “15.343 autonomok” eta “3.347 enpresak” euren jarduerea eten behar izan dabe, alarma egoerea dala eta, eta “10.000 persona baino gehiagok” euren lanpostua galdu dabe. Horreetako askorentzat, Ekonomiaren Sustapenerako Sailak 7.500 euro arteko mikro-kredituak egokituko ditu “bi edo hiru astetan”. 5 behargin baino gehiago ez dituen enpresa txikientzat pentsauta dagozan laguntza horreei, “hilebetearen amaieran” industriaren berrindartze ekonomiko “adimentsurako” laguntza zuzenak gehituko jakez. Neurri bi horreek Bizkaia Aurrera! programan dagoz aurreikusita.
Diputatuak azaldu dauenez, 15 milioi euro dituan mikro-kredituen programak 7.500 euroko laguntzak aurreikusten ditu Bizkaiko edozein sektoreko autonomoentzat eta 1 eta 5 behargin arteko enpresa txikientzat. Mailegu horreek ez dabe interesik ezta komisinorik eukiko, eta itzultzeko epea 5 urtekoa izango da, urtebeteko gabezialdiagaz.
Neurri horren iragarpenak zalantzak sortu ditu oposizinoan. Eduardo Andrade PPko ordezkariak esan dau tamalgarria dala autonomoak behargin bat kontratauta euki behar izatea horreek jaso ahal izateko, eta EH Bilduko Iker Raholak adierazo dauenez, neurriak “murriztu” egin leikez, kopurua kontuan hartzen badogu hartzaile “asko” egongo diralako. Horri jagokonez, mikro-kreditu horreek “osagarriak” dirala argitu dau Basurkok, eta horreen onuradunek ezin izango dituela Elkargiren edo ICOren laguntzak jaso. Horrek, Lurraldean behar egiten daben “7.318 mikro-enpresetatik” “2.490 enpresarira” murriztuko dau “hartzaile objektiboen” kopurua.
Beste alde batetik, Ekonomiaren Sustapenerako Saila, industriara lotutako ETEen eta bost eta ehun behargin arteko enpresen berrindartze ekonomiko “adimentsurako” laguntza zuzenak be aste gitxitan, “maiatz honen bukaeran”, aktibau daitezan ari da beharrean. Beharginekaz erlazionautako barruko gastuak, kanpoko gastuak eta ibilgetu materialetan egindako inbertsinoak lagunduko dira diruz, eta %50eko diru-laguntzea eukiko dabe, 15.000 euroko mugeagaz. Inbertsinoa 4 milioi eurokoa da.
Neurri bi horreek, Ainara Basurkok zuzentzen dauen sailak Bizkaia Aurrera! programarako bultzatu dituan beste bost neurriri gehituko jakez. Horreen artean, egoera kritikoenean dagozan persona eta sektore ekonomikoei laguntzeko ekonomia arloko hamabi neurri jasoten dira: autonomoak, euren beharra galdu daben personak eta mikro-enpresak, ETEak eta enpresa handiak.
Aldundiko arduradunak azaldu dauenez, Elkargik abalautako maileguen interesen ordainketetan atzerapenak apliketea erabagi dabe. Horrez gain, Aldundiak “sustautako prezioa” daukien bonuak aktibauko ditu merkataritza txikirako eta turismo sektorerako (5 milioi), eta baita merkataritza txikia digitalizetako laguntzak be (10,4 milioi), “online” salmentea bultzatzeko eta bezeroekin izan beharreko hartu-emonak hobetzeko.
Ainara Basurkoren sailetik bultzatu dan azkenengo neurrietako bat barruko turismoa sustetako neurria da. Horretarako, Aldundiak, Bizkaiko eskualdeetako turismo erakundeakaz lankidetzan, “50 - 100 aisia jarduera eta plan” jasoko dituan webgunea egokituko dau, bizkaitarrak eta kanpotik datozanak gure lurraldean egunak emotera animetako. Ekimen hori da Bizkaiko herrietan mobimendua, jarduerea, kulturea eta kontsumoa bultzatzeko barruko turismo planean jasoko dan neurrietako bat, eta 300.000 euro bideratuko dira horretara.
Bukatzeko, enpleo planean jasoten diran neurriak eta zerga arlokoak aitatzeaz gain, bere saila, urtearen bukaerara eroango diran ekitaldien plangintza barria ari dala prestetan esan dau Basurkok. Horreen artean Viventur, Startup Campus eta Design Week aitatu ditu.
ONETSI DIRAN BESTE NEURRI BATZUK
Arauz besteko hainbat proposamenen bitartez, Elkarrekin Bizkaiak eta Talde Bereziak (PP) krisi ekonomikoari aurre egiteko beste ekimen batzuk planteau ditue. Ekonomiaren Sustapenerako batzordeak ez dau onetsi Bizkaiko merkataritza eta ostalaritza bultzatzeko hainbat neurri jasoten ebazan PP taldearen arauz besteko proposamen bat. Jeltzaleak eta sozialistak kontra agertu dira, daborduko “gaindituta” dagozan ekintzak planteetan ebazalako. Halanda be, batzordeak aho batez onetsi dau Foru Gobernua eusten daben taldeek aurkeztutako zuzenketa-eske transakzional bat. Zuzenketa-eske horrek talde morearen arauz besteko proposamen bat lau neurrigaz “aberastu” dau.
Adostutako neurrien lehenengo puntuan, Seed Capitaletik eta Seed Capital Mikrotik kapitala sartzeko tresna bat egokitzea eskatzen jako Aldundiari, aurrekontuetako partida “barri” baten kargura, edo arrisku eragiketetarako planifikauta dagozan funtsen kaltetan. Kapital hori, krisiaren ondoren ateak itxi beharko dituen enpresetara bideratuko da.
Bigarren puntuan, Batzar Nagusiek, krisiaren eragina gehien jasan daben eskualdeetan, Meatzaldean, Ezkerraldean eta Enkarterrin, daborduko martxan dagozan eskualde mailako plan estrategikoak “ahalik eta arinen” ezarteko eta zabaltzeko eskatzen deutsie Bizkaiko Foru Aldundiari, covid-19aren aldagaia sartuta. Horrez gain, Bizkaia Orekan Sakonduz estrategiaren garapenean aurrera egitea eskatzen da.
Hirugarren puntuan, Bizkaiko Batzar Nagusiek, erosketa eta kontratazino publiko prozesua sinplifiketako bidean “aurrera” egiteko eskatzen deutsie Aldundiari, Bizkaiko enpresa txikiak, mikro-enpresak eta autonomoak kontratazino publikoan lehiakortasunezko baldintzakaz parte hartu ahal deien, gizarte edo ingurumen arloko klausulek emoten dituen aukerak baliauta.
Eta, bukatzeko, Bizkaiko Batzar Nagusiek, km0ko produktuen kontsumoa sustetako planak “ezarteko” eskatzen deutsie Aldundiari, “Denda bonuak”, adibidez.