Aurreko Albisteak

ALDUNDIAK URBAIBAIKO BESTE LEKU BATERA EROANGO DAU OMAKO BASOKO ARTELANAREN "ESANAHIA"

  • Koronabirusaren krisiak gelditu egin ditu Jose Ibarrolak eta EHUko margolariek “beste” baso animau bat sortuko daben leku barria aukeratzeko lanak.

  • Ganera, Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kiroletako foru diputatuak, koronabirusaren krisiari aurre egiteko Bizkaiko kultur sektorea “indartzeko eta babesteko” neurriak iragarri ditu Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian.

(Bilbon, 2020ko maiatzaren 13an). Bizkaiko Foru Aldundiak Urdaibaiko Erreserbako beste arbola gune batean, une honetan hartzen dauen lekutik gertu, erreplikauko dau Omako Basoa, Agustin Ibarrolaren artelana, artelan horren “esanahiak” bertakoak eta kanpotik datozanak harritzen jarraitu daian. Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kiroletako foru diputatuak, koronabirusaren krisiak leku barria aukeratzeko lanak baldintzatu dituela berretsi dau gaur, berak eskatuta Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian. Foru erakundeak ahalik eta arinen hasiko ditu barriro lan horreek, beste gauza batzuen artean, behin betiko leku barria eta ideia artistikoa aukeratzeko eta aurrekontua aurkezteko.

Ibarrolaren basoaren kontzeptu artistikoa lekuz aldatzeko erabagia, une honetan margoak jasoten dituen pinuak “euren bizitza zikloaren amaierara gerturatzen” ari zirala eta “banda marroia” izeneko gaixotasunak jota egozala egiaztau ostean hartu zan, azaldu dau Bilbaok. Gogoratuazo dauenez, erabagi hori zezeilean jakinarazo eban Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Jose Ibarrolak, margolari bizkaitarraren semeetako batek, lagunduta emon eban prentsa agerraldian. Prentsa agerraldia alarma egoera agindu baino aste batzuk lehenago izan zan, eta egoera berriak aldatu egin ditu Aldundiak hasieran eukazan planak.

Gaur, Lorea Bilbaok Aldundiak familiagaz daukan konpromisoa bideratu deutse Batzarretako taldeei, baina, hori bai, Ibarrolak Kortezubiko basoan egin eban artelanaren erreplika zehatza egitea “ezinezkoa” dala esan dau. Hori dala eta, margolanen erreprodukzinoa baino gehiago, helburua “kontzeptua lekuz aldatzea” izango dala adierazo dau. Elkarrekin Bizkaiak, artelana lekuz aldatzeko ez daitela pinudi bat aukeratu eskatu deutso, izan be, espezie horrek basoaren kudeaketa eredu “zaharkitua” irudikatzen dau, eta gura dana artelan barriaren “iraunkortasuna” hobetzea da, azaldu dau Héctor Fernándezek.

Bere agerraldian, artelana eskuratu ebanetik Aldundiak egin dauen beharra defendidu gura izan dau Bilbaok. Behar hori “artelana eta basoa zaintzea eta babestea” izan da, segurtasun errazoiak zirala eta itxi behar izan zan arte. Holan, adierazo dauenez, gaur egun basoa “arrisku erreala” da bisitarientzat, eta itxiera errespetetea eta baso animaura ez sartzea eskatu dau.

Omako Basoa Kortezubin dago, Santimamiñeko Kobazulotik eta Agustin Ibarrola artistaren etxebizitzatik gertu. “Land art” izenez ezagutzen dan joera garaikidearen adierazpena da, Meritxell Elgezabal EH Bilduko bozeroaleak gogoratuazo dauenez. Sorkuntzako korronte hori hirurogeiko hamarkadaren amaieran sortu zan, eta bere helburua lan artistikoa naturara eroatea izan zan, paisaia esparru, euskarri eta lehengai moduan erabiliz. Elgezabalek, zugatzen enborretan margotzean artelanak eukan izaera “iragankorra” gogoratuazo dau, baina bere eretxiz “interesgarria” da artistaren lana beste leku batean kontserbetea.

KULTURARI LAGUNTZEKO NEURRIAK

Beste alde batetik, diputatua EH Bilduk eskatuta be joan da Bizkaiko Batzarretara, birusak eragindako larrialdi egoeraren ondorioz Bizkaiko kultur jardueraren inguruan hartu diran neurrien eta erabagien barri emotera. Diputatuak iragarri dauenez, Aldundiak laguntzarako hainbat lerro aktibauko ditu: enpresa txikiei eta autonomoei zuzendutako “mikro-kredituak”, “neurri fiskalak”, kultur-txartela, eta gastu estrukturalak diruz laguntzeko beste laguntza lerro bat. Horreei guztiei, barrikuntzarako laguntzak eta udal antzokietako programazinoa bultzatzeko beste ekintza batzuk gehituko jakez.

Batzarretako talde guztiak bat etorri dira kultura koronabirusak “gehien zigortu” duen sektoreetako bat izan dala, eta krisitik “urtengo dan azkenetakoa” izango dala esatean. Hori dala eta, talde guztiek inplikazino “handiagoa” eskatu deutsie Aldundiari, kultur sektoreak gaixotasunaren erasoari aurre egin deion, eta enpresak ixtea eta urtean zehar programauta egozan mota guztietako ikuskizunak bertan behera geratzea saihesteko.

Bilbaok banan-banan erantzun deutse EH Bilduk bere agerraldi eskarian planteautako hamabi gaiei. Holan, Bilbaok argitu dauenez, bere sailak modu berezian babestuko dau euskeraz egindako kulturea, eta Aldundiak artistakaz, enpresakaz eta beste erakunde batzuekaz, kultur jarduerea bermatzeko eta kultur azpiegitura barriak eregiteko, sinatuta dituan konpromisoak, akordioak eta finantzaketak “luzatu” egingo ditu. Baina, hori bai, “urtearen amaieran merkadua lar bete barik”.

Bilbaok mezua luzatu deutso Bizkaiko gizarteari, kulturea kontsumidu eta Bizkaiko kultur sektorea eusten lagundu daian, danon ardurea dalako. Holan, diputatuak baieztu dauenez, Aldundiak laguntza “guztiakaz” jarraituko dau, baina “zuhurtziaz” jokatu beharko da museoak eta kirol instalazinoak edegiteko orduan, helburu nagusia “personen osasuna zaintzea” dalako.