ALDUNDIAK ADIERAZO DAUENEZ, 1.500 PERSONAK OSOTZEN DABEN BIZKAIBUSEKO LANTALDE OSOAN "POSITIBO BAKARRA" EGON DA
- Miguel Ángel Gómez Viar Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko foru diputatua, EH Bilduk eskatuta etorri da Bizkaiko Batzarretara, pandemia hasi zanetik bere sailak gauzatu dituan jarduketen barri emoteko.
- Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek ez dabe onartu “funtsezko” beharginentzat garraio publikoa dobakoa izatea eskatzen eban eta oposizinoko ganerako taldeen aldeko eretxia jaso dauen arauz besteko proposamena.
(Bilbon, 2020ko maiatzaren 8an). Miguel Ángel Gómez Viar Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da gaur, EH Bilduk eskatuta, bere sailak Covid-19aren krisian hartu dituan neurriak azaltzeko. Ekintza horreek, momentuz, “500.000 euroko” kostua izan dabe. Raúl Méndez koalizino abertzaleko batzordekideak, Euskadiko Garraioaren Agintaritzaren (EGA-ATE) Koordinazinorako Mahaian Aldundiak egin dauen beharraren ganean galdetu deutso, eta Bizkaibuseko beharginentzako maskaren banaketaren eta behin behineko komunen instalazinoaren ganeko interesa erakutsi dau. Horrez gain, eta lantaldeari jagokonez, EH Bilduk koronabirus positibo kopuruaren ganean itaundu deutso. Horri jagokonez, Gómez Viar pozik agertu da, enpresa emakidadunen lantaldea osotzen daben 1.500 personen artean “positibo bakarra” egon dalako.
Lehenengo unean, Garraio diputatuak, agerraldiko testuan jasoten ziran puntuen ganeko datuak emon ditu, koalizino abertzaleko batzordekideak gidoian ez egozan beste gai batzuk be planteau dituan arren, Metro Bilbaoren eta Bizkaibusen defizita zelan ordaindu behar dan edo etorkizun laburrean garraio publikoaren maiztasunak zelan hobetuko diran, besteak beste. Ekain Rico sozialistaren berbetan, azken puntu hori “gogoetarako gai orokorra” da Estadu osoan.
Beste ezer baino lehen, Bizkaibus izan zan “tren arlokoetatik kanpo” EGA-ATEren Koordinazinorako Mahaira joan zan lehenengo operadorea” esan dau Gómez Viarrek. Mahaia astero alkartzen da, Covid-19aren krisian garraio publikoaren kudeaketa orokorra baloretako. Ganera, argitu dauenez, Aldundiak ez eban maskararik eskatu, maskarak Ministeriotik etorri ziralako. Balmasedan, Galdakaon eta Galdamesen gidarientzako “hiru komun eroangarri” instalau dirala esan dau. Horrez gain, sareko beste puntu batzuetan beste komun batzuk erabilteko aukerea be zabaldu da, hainbat erakunde publikogaz eta pribadugaz lortu diran akordioei esker.
Horrez gain, diputatua “pozik” agertu da, Bizkaibuseko lantaldea osotzen daben “1.500 personen” artean “positibo bakarra” egon dalako; behargin horreen lan baldintzetan ez da aldaketarik egon. Halanda be, “hamasei behargin” berrogeialdian egon dira, arriskuko personakaz bizi diralako, baina “guztiak” itzuli dira daborduko euren lanpostura.
Garraio zerbitzuari jagokonez, Gómez Viarrek azaldu dauenez, kontu hori Alarma Egoeraren fase desbardinetara egokitzen joan da. Autobus zerbitzuek “%50eko” murrizketak izan ditue, eta apirilaren 4tik 14ra, zerbitzua “%35era” murriztu zan. Egun batzuetan, autobusek ohiko bidaien “%8,9a” baino ez dabe izan.
Erabiltzaileen eta beharginen artean kutsadurak saihesteko neurrien artean, foru diputatuak autobusetan instalau diran bereizketarako elementuak, edukieraren mugaketa, autobusak eta uriko altzariak garbitzeko eta desinfektetako kanpoko zerbitzuak kontratau izana, markesinetako komunikazinoa edo billeteak saltzeari eta eskudirua erabilteari uko egitea eta Barik txartela erabili beharra nabarmendu ditu.
Azalpenen ostean, oposizinoko taldeek zalantzan jarri dabe diagnostikorako testak egin ete jakezan gidariei. Kutsadura bakarra egon dala dinoen datuak “ez dauka baliorik, zenbat test egin diran ez badakigu”, aurpegiratu deutso EH Bilduko Raúl Méndezek. “Oso larria eta arriskutsua da. Futbolariek testak ditue, baina ez dakigu gidariei probak egin jakezan ala ez”, kritikau dau gero Eduardo Andrade ordezkari popularrak.
Gobernua eusten daben taldeak (EAJ-PNV eta PSE-EE) pozik agertu dira, Bizkaibuseko lantaldean koronabirus positibo bakarra egon dalako. Maskarei jagokenez, Ekain Ricok esan dauenez, Espainiako Gobernuaren protokoloak ezarten eban moduan heldu dira. Enpresa emakidadunak Ministerioak egokitutako plataformaren bitartez eskatu ditue. Halanda be, EH Bilduko Raúl Méndezek esan dauenez, “gitxi dagoz”. “Behargin eta 8 orduko zerbitzu bakotxerako maskara bakarra” dago.
EZEZKOA “FUNTSEZKO” BEHARGINENTZAT BIZKAIBUS ZERBITZUA DOBAKOA IZATEARI
Beste alde batetik, Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako batzordeak ez dau onetsi Elkarrekin Bizkaia taldeak apirilaren 6an erregistrau eban arauz besteko proposamen bat. Proposamen horretan, beste gauza batzuen artean, Egoera Alarmak irauten eban bitartean “funtsezko zerbitzuetako behargin guztiei” Bizkaibuseko garraio publikoa dobakoa izatea eskatzen jakon Aldundiari. Ezarten zan baldintza bakarra, persona horreek, autobusera igoteko unean, gidariari “enpresaren ziurtagiri” bat erakustea zan. Proposamena ez da onetsi, kontrako 9 boto (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) eta aldeko 6 (Elkarrekin Bizkaia, EH Bildu eta Talde Berezia) jaso ditualako.
Foru Gobernua eusten daben batzarretako taldeek aurkeztu beharreko dokumentu horretan oinarritu dabe euren ezezkoa. “Arazo” bat inpliketan dau, hau da, “eredu ofizial” bat egitea, edozeinek, billetea ordaindu barik garraio publikoa erabilteko aukerea emongo deutsan idazki bat egitea saihesteko, adierazo dau Ekain Rico sozialistak. Ganera, neurri hori ezartea, “garraio publikoko beharginentzat diseinau diran babeserako neurrien kontra” joango litzateke, izan be, une honetan, gidariak eta erabiltzaileak bereizteko elementu fisikoak dagoz, erabiltzaileak unidadeen atzeko atetik sartu behar dira, egon daitekezan kutsadurak murrizteko.
Ekimenak, ia oposizinorik izan ez dauen beste puntu bat be baeukan, garraio publikoko ordutegiak hobetzera zuzendutakoa. Bertan eskaria egiten jaken Bizkaiko Batzar Nagusiei, “metroko garraio zerbitzua ez daukien udalerrietan” Bizkaibuseko lineen maiztasuna barriro ezarteko eskatu deioen Aldundiari, leku horreetan bizi diran eta funtsezko zerbitzuetan behar egiten dabenek garraioa “bermatuta” euki daien. Holan, Foru Gobernua eusten daben batzarretako taldeek krisiaren haseran “akatsak” egon zirala onartu dabe, neurri guztiak koordinetako egozan gaiztasunak dirala eta, baina gero Aldundiak Bizkaiko ospitaletako beharginen eskarien aurreko “sentsibilitatea” erakutsi eban.
Emilio Lobato Elkarrekin Bizkaia taldeko batzordekideak bere eskariari emon jakon ezezkoa tamalgarria dala esan dau. Bere esanetan, apirilaren 3tik, hainbat udalerri garraio publiko barik geratu ziran, eta osasun arloko hainbat behargin etxera itzultzeko Bizkaibuseko “linea barik”. Kasu batzuetan, “isunak” jarri jakezan lantokira euren bikoteen bila joiazanei. PPko Eduardo Andradek be bat egin dau kexa horregaz, eta eskari horren aurrean “sentsibilitatea” eskatu dau, izan be, oraindino “dobako” zerbitzuak ezarteko “denporea” dago, Madrilgo edo Valentziako Autonomia Erkidegoetan egin dan moduan.