Aurreko Albisteak

ALDUNDIAK BATZAR NAGUSIETAN ADIERAZO DAUENEZ, TEST "MASIBOAK" EGIN DIRA BIZKAIKO EGOITZEN %87AN

  • Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatua Bizkaiko Batzarren aurrera etorri da gaur, oposizinoak eskatuta, Covid-19ak eragindako krisiaren aurrean bere sailak egin dauen beharraren ganeko informazinoa emoteko.

  • Murillok ezeztu egin dau birusak egoitza publikoetan eta pribaduetan modu desbardinean jokatu dauenik, kutsaduraren ehunekoa “bera” izan dalako.

  • Dagozan “155” egoitzetatik “135ean”, test masiboak, PCRak edo serologikoak, egin dira pandemia hasi zanetik.

  • Oposizinoak, barriro be, Aldundiaren “gardentasun faltea” kritikau dau, eta Bizkaiko egoitza bakotxean pandemiak izan dauen eraginaren ganeko xehetasun eta informazino gehiago eskatu dau.

(Bilbon, 2020ko maiatzaren 7an). Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da, Talde Bereziak (PP) eta EH Bilduk eskatutako hiru agerraldi eskaerari erantzuteko. Eskari horreetan, beste gauza batzuen artean, Bizkaiko adinekoen egoitzetako erabiltzaileei eta beharginei Covid-19a dala eta egindako testen informazino “zehatza” eskatzen zan. Horrez gain, Gizarte Ekintzako Sailak krisi honetan indarrean jarri dituan neurrien barri emoteko be eskatu dabe, horreen artean Birjinetxen, Unben eta Santurtzin egokitutako baliabide berezien ganekoa.

Beste ezer baino lehen, Murillok Bizkaiko egoitzetan egindako testen ganeko azkenengo datuak aurkeztu deutsiez Batzarretako taldeei. “Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailaren eskumena dan arren”, jakinarazo dauenez, diagnostikoko test masiboak (PCRak eta serologikoak) egin dira lurraldean dagozan 155 egoitzetatik “135ean”. Behar hori Bizkaiko bost Erakunde Sanitario Integrauetan (ESI) egiteko orduan, agintariek lehentasuna emon gura izan deutse “Covid-a eukien egoitzei”. Murillok egiaztau dauenez, eremu horreetako lautan –Barakaldo-Sestao, Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta, Bilbo-Basurtu eta Uribe–, probak “ia egoitza guztietara heldu dira”, eta Arabako parte bat be hartzen dauen Barrualde-Galdakao ESIan, barriz, bertan dagozan 47 egoitzetatik “%66an” egin dira testak.

Eduardo Andrade ordezkari popularrak baloia Eusko Jaurlaritzaren teilatuan jarri izana kritikau dau, izan be, bere eretxiz, diputatuak ez dau Bizkaiko egoitza bakotxean “kutsatutakoen edo hildakoen ganeko” daturik emon. Azkenengo egunetan prentsan argitaratu diran informazinoetan oinarrituta, Bea Ilardia EH Bilduko bozeroaleak, egoitza horreetako “311 behargin” kutsatu dirala adierazo dau, horreetatik “9”, GUFEko egoitzetan izan dira, egoitza horreetan 481 behargin dagozan arren. Bere eretxiz, horrek argi eta garbi erakusten dau birusak “kudeaketa publikoa edo pribadua bereizten dituala”. Baina, datu berberetan oinarrituta, kutsaduraren ehunekoa “berbera” dala esan dau Murillok, eta, hori dala eta, “ez dagola foru edo udal egoitzen, kontzertauen edo pribaduen arteko bereizketea erakusten dauen ebidentzia nahikorik”.

JARDUKETARAKO ZAZPI ILDO

Horren ostean, “zezeilaren 25etik bertatik”, Alarma Egoerea aldarrikatu baino 17 egun lehenagotik, Bizkaian oraindino kasu positiborik ez egoanetik, lehenengo bileraren ostean lehenengo neurriak hartzen hasi ziranetik, bere sailak aktibau dituan jarduketa nagusiak azaldu ditu. Bere sailak edegi dituan “jarduketarako zazpi ildoetan”, Murillok hainbat arlori jagokozan datu eguneratuak emon ditu: komunikazinoak egoitzakaz eta familiakaz, egindako ikuskapen eta test kopurua, egoitzen garbiketea, behargin sozio-sanitarioentzako ostatuak, laneko boltsea eta babeserako ekipoen banaketea.

Holan, Aldundiak, Su-hiltzaile zerbitzuaren eta Basalanen bitartez, eta apirilaren 8tik baimendutako enpresakaz batera, “1.023 garbiketa eta desinfekzino jarduketa” gauzatu ditu. Horrez gain, joan dan maiatzaren 4ra arte, egoitzetako profesionalei “1.190 test PCR” egin jakez, eta Covid zentroetan “82 ikuskapen fisiko”, eta baita “ikuskapeneko 294 jarduketa” be. Murillok zehaztu dauenez, bere sailak hotelak egokitu ditu Bizkaiko behargin sozio-sanitarioentzako ostatu moduan erabilteko, eta, holan, “42 profesionalek 740 egotaldi” egin ditue.

Medikuntza eta erizaintzako unibersidadeko graduetako eta LHko azkenengo ikasturteko ikasleakaz edegi dan laneko boltsak “1.684 persona” ditu gaur egun, horreen artean “15 sendagile, 34 DUE eta 1.403 zaintzaile”. Boltsa horrek “37 egoitzaren” eskariari erantzun deutse, profesional horreen artetik “254” hartuz. Bukatzeko, Aldundiak “milioi bat maskara, amantal eta bisera baino gehiago” banatu ditu, “25 plaza bakotxeko 500 banatzera helduz”.

Horrez gain, Murillok birusak adinbakoen egoitzetan izan dauen eragina be aitatu dau. Erabiltzaileen artean ez da “kasu positiborik” hauteman, baina une honetan “adinbako bat isolatuta” dago. Beharginei jagokenez, egindako probetan “9 beharginek” koronabirusean positibo emon dabe.

“947 erabiltzaile” dituen 10 plaza baino gehiagoko aniztasun funtzionaleko zentroei jagokenez, sailak “24 erabiltzaile” eta “18 profesional” kutsatu hauteman ditu, eta beste “6 erabiltzailek” eta “45 profesionalek”, birusagaz bateragarriak izan daitekezan sintomak izan ditue.

Datu horreek emon ostean, Murillok Bizkaiko gizarte sareko profesionalek “une gogorrenean” egin daben beharra aintzatetsi dau, baina datuen bilakaerea ikusita, “txarrena igaro dala” emoten dau. “Oso denpora laburrean” martxan jarri diran neurriek “birusaren hedapenari aurre egiteko eta ahaztuta eta baztertuta geratu ezin eitekezan pertsonei funtsezko arretea emoten jarraitzeko” balio izan dabe.

Halanda be, EH Bilduk zalantzan jarri dau Aldundiak krisialdian emon dituan jarraibideak kontrolau dituanik, izan be, “lehenengo unetik Norberaren Babeserako Ekipoak ez dira ailegau”. “Nork kontroletan dau jarraibide horreek beteten diran ala ez? Egoitza batzuetara koronabirusa ez da heldu, eta beste batzuetan birusak bertako egoiliarren %25 hil dau. Aperribain, ehunekoa are handiagoa izan da. Zein kontrol egon da egoitza horreetan? Ez bada kontrolik egon, sistema aldaketea aztertzeko unea da”, adierazo dau Bea Ilardia bozeroaleak. Bere eretxiz, pandemiak “argi eta garbi” erakutsi dau Bizkaiko egoitzen sistemak “hutsuneak dituala alde guztietatik”. “Noiz zehaztuko jakuz egoitzaz-egoitzako datuak?”, galdetu dau.

Horrez gain, koalizino abertzaleak, koronabirusak kutsatutako erabiltzaileak bereizteko erabili diran sareko unidade espezializau bilakatutako Birjinetxeko, Unbeko eta Santurtziko egoitzen egoeraren balorazinoa eskatu dau. Foru diputatuak baieztu dauenez, batez beste “56 plaza” beteta izan dituan eta “22 alta” emon dituan Birjinetxeko “96 profesionalek”, “112 personari” emon deutse arretea. Unberi jagokonez, “48 profesional” “111” gaixoz arduratu dira, eta “22 alta” emon dira, eta batez besteko okupazinoa “47 personakoa” izan da. Bukatzeko, Santurtzin, “16 behargin” aritu dira apirilaren 18tik aurrera Eusko Jaurlaritzagaz batera kudeetan dan unidade horretako batez besteko “8 plazei” arretea emoten.

Bea Ilardiak galdetu dau “egoitzetako erabiltzaile gaixo horreek zergaitik ez daben jaso osasun sarera joan diran kutsatutako personek jaso daben arreta bera”. “Ospitalera joan behar izan badau, ospitalera joan da. Inor ez da ospitalera joan barik geratu egoitza horreetara joateko”, erantzun dau Murillok.

ONETSI EZ DIRAN PROPOSAMENAK

Gaurko saio luzea, arauz besteko proposamen bi onetsi barik bukatu da. Lehenengoan, EH Bilduk hau eskatzen eutsan Aldundiari: egoitzetako arreta zuzena handitzea, SARS-CoV-2a hautemateko probak egitea egoitza horreetako beharginei eta erabiltzaileei; ikuskapen zerbitzua segiduan indartzea, eta zentro pribaduetan jarduketarako arauak beteten dirala bermatzea. Ekimena ez da onetsi, aldeko 5 boto (EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia), kontrako 9 (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) eta abstentzino bat (Talde Berezia) izan ditualako. Jeltzaleek eta sozialistek zuzenketa-eskea aurkeztu dabe testuaren aurrean, baina ez jake onartu.

Foru Gobernua eusten daben taldeek Talde Bereziaren (PP) beste ekimen bat be atzera bota dabe, agertokia “aldatu egin dala” eta planteetan ziran gauza asko gizarte zerbitzuen bitartez konpontzen eta bideratzen ari dirala esanez. Idazkian, beste puntu batzuen artean, Norberaren Babeserako Ekipoen behar besteko hornidurea bermatzeko, adinekoen egoitzetako profesional eta erabiltzaile “guztiei” COVID-19aren test diagnostikoak egiteko, eta egoitzetan laguntza psikologikoa sartzeko eskatzen jakon Aldundiari