Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK, COVID-19ARI AURRE EGITEKO ALDUNDIAK INDARREAN JARRI DITUAN NEURRI FISKALAK BERRETSI DITUE

  • Ogasun eta Finantzetako Batzordeak kontrako boto barik onetsi dau Covid-19aren ondorioz sortutako preminazko zerga neurrien ganeko martiaren 17ko Foru Dekretu Arauemoilea.

  • EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia, abstenidu egin diran arren, ez dira ados agertu jokoaren ganeko zergetatik sortutako zorrak atzeratzea planteetan dauen artikuluagaz.

  • Bizkaiko Batzarrek Bilboko egoitza administratiboan egiten ebezan saioak berreskuratu ditue, alderdi politikoen ordezkarien partaidetza murriztuagaz, osasun arloko segurtasun neurriak beteten dirala bermatzeko.

(Bilbon, 2020ko maiatzaren 4an). Martiaren 16tik egoitza administratiboan egin daben lehenengo saioan, Bizkaiko Batzar Nagusiek, Covid-19aren krisiari aurre egiteko Aldundiak aurkeztu dauen zerga arloko preminazko neurrien ganeko Foru Dekretua berretsi dabe. Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia (PP) taldeen aldeko botoakaz eta EH Bilduren eta Elkarrekin Bizkaiaren abstentzinoagaz, Aldundiak bidea libre dauka Alarma Egoerea hasi eta segiduan koronabirusak ekonomian sortutako eragin negatiboari erantzutera bideratu ziran neurrien lehenengo paketea apliketako.

José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak azaldu dauenez, zerga arloko neurriak Bizkaiko personen “likidezia hobetzera” dagoz zuzenduta, “mikro-enpresena, enpresa txiki eta ertainena eta autonomoena”, batez be, eta baita ekonomian egoera zaurgarriagoan dagozan sektoreetan ekonomia arloko eragin negatibo handiagoa prebenitzera be. Zergen arloan daukazan eskumenen barruan, Aldundiak “mugatu, eten edo atzeratu” egin ditu martiaren 16tik bagilaren 1era bitartean sortu daitekezan zerga arloko betebeharrak, zergen ordainketea edo auto-likidazinoen eta aitorpenen aurkezpena, beste batzuen artean.

Foru dekretuak Batzarretako talde guztien aldeko botoak jaso ditu, baina oposizinoko taldeek ñabarduraren bat edo beste egin dabe. EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia ez dira ados agertu jokoaren ganeko zergetatik sortutako zorrak atzeratzea planteetan dauen 5. artikuluagaz. Talde bien eretxiz, “ez da zuzena” jokoaren inguruko enpresa handiei aukera hori emotea. Jon Andoni Atutxa bozeroale jeltzaleak gero argitu dauenez, atzerapen hori, euren ostalaritzako establezimenduan jokorako makina bat daukien autonomoei kargak saihestera dago zuzenduta.

Talde Berezitik (PP), Amaya Fernández bozeroaleak adierazo dau neurri horreek “beharrezkoak” zirala lehenengo unean, “zergadunei ezer parkatzen ez jaken arren”. Dana dala, bere eretxiz une honetan “ez dira nahikoak” eta “ez ditue itxaropenak beteten”. “Zergen parkamen parzialak” planteau ditu, izan be, “diru-sarrerak zero badira, zergak be zero izan behar dira”.

Puntu horretan, batzordeak ez dau onetsi EH Bilduk egin dauen eskaria, berretsi dan dekretua Bizkaiko Batzarretan foru arau proiektu moduan tramitetako. Elkarrrekin Bizkaiak aldeko botoa emon dau, PP abstenidu egin da eta EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen kontrako botoei esker, azkenean proposamena ez da onartu.

ALDUNDIAREN OBREN ATZERAPENA

Horren ostean, EH Bilduk eskatu dauen agerraldian, Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak, COVID-19 birusak eragin dauen egoerea dala eta indarrean jarriko diran beste neurri batzuk aurreratu ditu. Gastuak murrizteko xedez, bere sailak alde batera itziko dauela Ogasuneko eraikina hobetzeko proiektua iragarri dau Iruarrizagak. Horrez gain, jakinarazo daunez, Aldundiaren Gobernu Kontsejuak neurri barriak jasoko dituan beste dekretu bat onetsiko dau bihar, eta Aldundiak “2021eko urtarriletik aurrerako bigarren agertokia” planteauko dau. Agertoki horretan, “neurri estrukturalagoak” hasiko dira apliketan.

Lurraldeko “azpiegitura handien” proiektuen ganean galdetuta, Iruarrizagak adierazo dau Aldundia “ez dagola daborduko lizitauta dagozan azpiegituren inbertsinoak eteteko prest”, ezta Aldundiaren eretxiz “estrategikoak diran proiektuei” jagokozanak be, baina esan dau “beharbada” horreetako batzuk gauzatzeko epeak aztertu egin ahal izango dirala. Panoramak ez ditu beste alor batzuk kaltetuko. “Ez deutsagu gizarte arloko gaietan gasteteari itziko”, adierazo dau. Ildo horretan, 2020ko aurrekontua “egokitzen” ari da daborduko, “Bizkaia Aurrera” ekimenean jasoten diran neurri ekonomikoen plana gauzatzeko eta Gizarte Ekintza Saila baliabidez hornitzeko, pandemiatik sortutako gastuei aurre egiten jarraitu daian. Ganera, Iruarrizagak adierazo dauenez, datorren urtetik aurrera Aldundia zorpetu egingo da, gastuen eta transferentzien atalari erantzuteko, Bizkaiko lehenengo eragina “1.500 milioi eurokoa” izango dala baieztu eta gero.

Horrez gain, batzordeak Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu taldeek adostu daben arauz besteko proposamen transakzionala aztertu dau, Herri-Dirubideen Euskal Kontseilua “ahalik eta arinen” alkartu daiten, Covid-19a Euskadin sortzen ari dan krisi sakonari erantzuteko. Talde biek eskari honeek egin ditue: Aldundiak koronabirusaren “eraginaren” ganeko txostena aurkeztea Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean; eta Batzarretako taldeakaz eta gizarteko eragileakaz eta sindikatuakaz alkarrizketea hastea, “neurri eraginkorragoak” planteetako, horreen artean “gastua bermatzeko diru-sarrerak zelan handitu, herritarren eskubideak murriztu barik”.

Arauz besteko proposamena ez da onetsi, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia (PP) taldeek kontrako botoa emon dabelako. Neurri “zehatzak eta estrukturalak hartzeko agertoki argiagoa euki behar dogu”, erantzun dau Ekain Rico sozialistak. “Garagarrilera arte” ez dogu argazki bat eukiko, zehaztu dau Jon Andoni Atutxak.