Aurreko Albisteak

BATZARRETAKO TALDEEK EZ DABE ENPLEGURAKO ETA GIZARTE BAZTERKETA ARRISKUAN DAGOZAN PERSONEI LAGUNTZEKO NEURRIAK ALKARREN ARTEAN BULTZATZEKO AKORDIORIK LORTU

  • Bizkaiko Batzarrek, koronabirusaren garaian enpleguagaz, gizarte bazterketeagaz, emakumeakaz eta “guraso bakarra ama daukien” familiei zuzendutako laguntzakaz erlazionautako Elkarrekin Bizkaia taldearen arauz besteko lau proposamen eztabaidatu ditu gaur.

  • Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak zuzendu dau, Eduardo Andradek (PP), Israel Escalantek, (Elkarrekin Bizkaia), Begoña Gilek (PSE-EE), Izaskun Duquek (EH Bildu) eta Irene Edesak (EAJ-PNV) parte hartu daben eta Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasunerako Foru Diputatuaren partaidetzea be euki dauen Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasunerako batzordea

(Bilbon, 2020ko apirilaren 30ean). Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasunerako Batzordeak Elkarrekin Bizkaia taldeak aurkeztutako arauz besteko lau proposamen eztabaidatu ditu gaur. Ekimenen helburua, Aldundiari, enpleguagaz, gizarte bazterketeagaz, eta genero indarkeria jasaten daben edo “guraso bakarra ama daukien” familien buru diran emakumeakaz erlazionautako gaietan Covid-19aren krisiak euki leiken eragina arintzeko hogeta hamar hobekuntza inguru sartzeko eskatzea zan. Lau ekimenen artetik bakarrak be ez dau gainditu Bizkaiko Batzarren iragazkia, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeak kontra agertu diralako.

Foru Gobernua eusten daben taldeek egin daben balantzea ia bardin-bardina izan da. Irene Edesa jeltzalea eta Begoña Gil sozialista bat etorri dira ganerako taldeakaz krisi honetan hainbat kolektibok jasaten daben zaurgarritasun egoeraren ganeko diagnostikoa egiteko orduan, baina ez ditue onartu talde morearen arauz besteko proposamenak, Administrazinoko hainbat arlok, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek edo Udalek, proposamen horreetako “asko” daborduko martxan jarri dituelako. Lau ekimenak atzera bota arren, talde biek proposamenak aurkeztu dituan taldearen ahalegina eskertu dabe, “inoiz ahaztu behar ez doguzan” desbardintasunak nabarmentzeagaitik.

ENPLEGUA ETA EMAKUMEAK

Hasteko, Elkarrekin Bizkaiak, arauz besteko proposamen baten bitartez, lan arloan hainbat jarduketa martxan jartea eskatu dau, Bizkaiko merkadua, Covid-19a dala eta “aldatu” egin dan errealidadera egokitzeko. Israel Escalante batzordekideak esan dauenez, tamalgarria da Aldundiaren “Bizkaia Aurrera” programea ekonomia bizibarritzen zentrauta egotea, eta beste arlo batzuk ahaztea, “klimaren larrialdi egoerea” edo enplegurako plan “espezifikoak” behar dituen sektoreentzako laguntzak, adibidez. Horreen artean zainketen sektorea, lehen sektorea, kultur ondarea eta talentuaren erakarpena dagoz.

Holan, PP taldeko Eduardo Andradek, “Enplegurako Plan Estrategiko” bat proponidu dau. Plan horretan jaso beharreko “erreforma fiskalak”, Aldundiak planteau dauen zerga batzuen atzerapenera mugatu beharrean, beste pausu bat emon beharko leuke. “Zero zerga” filosofiagaz behar egitea, eta autonomoentzako neurri bereziak eta 45 urtetik beherakoentzako enplegu plan barriak ezartea, hain zuzen be.

EH Bilduko Izaskun Duquek, bere aldetik, “danok alkarregaz” arraun egitea eskatu dau, “politika, sindikatu eta gizarte” arloen ahotsa jasoko leuken “Krisiaren Kudeaketarako Mahaia” eratuz. Bat etorri da PP taldeagaz esatean zergen ordainketea atzeratzea “ez dala” krisitik urteteko behar diran “neurri fiskalak”.

EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek, euren aldetik, osotasunerako zuzenketa-eske bategaz heldu dira puntu horretara. Zuzenketa-eske horretan, erakundeen artean koordinauta egongo dan eta “enplegua defendidutea, eustea eta berreskuratzea” helburu izango dauen Enplegurako Plan Estrategikoa planteetan eben. Proposamenaren eukian, ardura bat: martian, Bizkaiko langabezia zifrak 5.793 personatan egin dau gora, eta Aldi Baterako Enplegu Erregulazino Espedienteak 60.000 beharginengan euki dabe eragina.

Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaia taldeak ez dau beste ekimen bat aurrera atarateko behar besteko laguntzea jaso. Ekimen horrek, Covid-19aren krisian “gizarte bazterketa egoeran dagozan personen eskubideak babesteko” 9 neurri jasoten ziran. Neurri horreen artean, Israel Escalantek 20 plazatik gorakoak izango ez diran egoitza unidadeak, kalean bizi diran personei arretea emoteko eguneko lekuak, udalerriei zuzendutako partida ekonomikoak zabaltzea, etxe bako personentzako gune sozio-sanitarioak zabaltzea, ikuskapen jarduketa bereziak, zentroetako lantaldeak handitzea eta indartzea, eta erabiltzaileen banakako jarraipena egitea eskatu dau.

Foru Gobernua eusten daben taldeek, euren ezezkoa justifiketako orduan, esan dabe Aldundiak daborduko jarri dituala indarrean neurri horreetako asko eta, aldi berean, beste batzuek Udalen eskumenak “zapaltzen” dituela kritikau dabe. EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek, kalean dagozan personentzako preminazko arreta zentroa edegi dala, eguneko guneak (eguneko zentroak) edegita eukitea erabagi dala, eta Covid-19ak kutsatutakoentzako egoitza barria edegi dala gogoratuazo dabe. Azken hori ez da oraindino erabili, orain arte ez dalako positiborik hauteman, adierazo dau Begoña Gilek.

EH Bilduko Izaskun Duquek, bere aldetik, kalean bizi dan persona kopuruaren hazkundea nabarmendu dau. Bilbon bakarrik, “250” persona izatetik, “676” persona izatera pasau da, egokitutako 18 gunetan. “Etxerik ezaren arazoari aurre egiteko moduaren ganean gogoeta sakona egiteko datuak dira”, esan dau.

EMAKUMEAK ETA “GURASO BAKARRA AMA DAUKIEN” FAMILIAK

Egungo Alarma Egoerak eragin dauen konfinamenduak “eragin handiagoa” euki dau emakumeengan eta, horregaitik, talde moreak emakumeen egoerea hobetzeko hainbat neurri planteau ditu, indarkeria matxistaren mehatxua jasaten dabenentzat eta “guraso bakarra ama daukien” familien buru diranentzat.

Israel Escalantek, barriro be, bere taldeak genero indarkeria jasaten daben emakumeentzat planteau dituan neurriak zorrotz aztertu ditu, jarraipenerako batzordea sortzea edo indarkeria matxistaren biktima diran emakumeei zuzendutako aparteko lan boltsak egokitzea, egoitzetan lan egiteko. Elkarrekin Bizkaia taldeak, laguntza eta larrialdi sistema berezia martxan jartea eskatu dau, euren etxeetan indarkeria matxistea jasaten egon leikezan emakumeei laguntzeko; bizitzeko alternatiba seguruak tratu txarrak jasaten dituenentzat; personen sal-erosketaren biktima diran emakumeen arteko hartu-emona errazteko protokoloak martxan jartea; edo etxeko beharginentzako ez ohiko subsidioa onartzea.

Oraingoan be, Foru Gobernua eusten daben taldeak proposamenaren kontra agertu dira, euren eretxiz, kolektibo horri laguntzeko mekanismo publikoak daborduko aktibauta dagozalako. Begoña Gilek gogoratuazo dauenez, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialagaz lankidetzan, bat egin dau indarkeria matxistaren biktimak babesteko “Maskara 19” kanpaineagaz, eta “bete ez dan” eta “20 plaza” gehigarri dituan egoitza baliabide barria jarri dau martxan.

Beste alde batetik, Covid-19aren osasun krisiak ekonomia eta gizarte arloko beste ondorio batzuk ekarri deutseez “guraso bakarra ama daukien” familiei. Holan, Elkarrekin Bizkaia taldeak, familia horreetako emakumeen enplegagarritasuna bultzatuko daben plan espezifikoak martxan jartea proponidu dau: kontziliazinorako laguntzak malgutzea; jardunaldia murriztea, ordaindutako baimenen bitartez; edo guraso bakarra ama daukien bi seme-alabako familiak familia ugarien parean jartea.

Laugarrenez, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek diagnostikoagaz bat datozala adierazo dabe, baina barriro be, neurri horreetako batzuk daborduko hartuta dagozala gogoratuazo dabe. Ekimenen artean, talde biek, Euskadiko Familiei Laguntzeko Erakundeen arteko IV. Planetik sortzen diran politikak eta ekintzak aitatu ditue. Plan hori bikoiztu egin da, “52 milioi eurora” heldu arte. Horrez gain, Foru Aldundiko enplegu planetan daborduko kontziliazinorako laguntzak jasoten dirala esan dabe. Puntu horretan, Talde Berezia (PP) abstenidu egin da, bere eretxiz, laguntzak ezarteko orduan ez dalako familiako buruaren sexuaren araberako alderik egon behar.

Lotutako estekak: