Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK COVID-19AK EGOITZETAN DAUKAN ERAGINAREN GANEKO TXOSTENA BATZARRETAKO TALDEEI BIALTZEKO ESKATU DEUTSIE ALDUNDIARI

  • Bizkaiko Batzarrek Alarma Egoerak irauten dauen bitartean Aldundiaren esku dagozan gizarte zerbitzuak hobetzeko neurriak jasoten dituen arauz besteko bost proposamen eztabaidatu ditue gaur modu telematikoan.

  • Ana Otadui buru zala, Gizarte Ekintzako batzordean Eduardo Andradek (PP), Héctor Fernándezek, (Elkarrekin Bizkaia), Juan Oterminek (PSE-EE), Bea Ilardiak (EH Bildu) eta Jane Eyre Urkietak (EAJ-PNV) hartu dabe parte.

(Bilbon, 2020ko apirilaren 29an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako Batzordeak, gaur goizean bideo-konferentzia bitartez egin dan saioan, aho batez onetsi dau Elkarrekin Bizkaia taldearen ekimena. Ekimen horretan eskaria egiten jako Gizarte Ekintzako Foru Sailari, COVID-19ak lurraldeko egoitzetan daukan eraginaren ganeko txostena “publiko egin daian edo, bestela, Bizkaiko Batzar Nagusiak osotzen dituen talde politikoetako batzarkideei bialdu deien”, Osasun Ministerioak, ministerioaren apirilaren 3ko aginduan, “eskatzen dauen erregulartasunagaz”.

Bizkaiko Batzarretako oposizinoko taldeek “gardentasun handiagoa” eskatu deutsie barriro Aldundiari, “zorrotzagoa” izan behar dan informazinoa batzarretako taldeei transmitiduteko orduan, Lurraldeko egoitzetako beharginen eta erabiltzaileen osasun egoerari jagokonez batez be, eta, zehatzago esanda, hildakoen kopuruari jagokonez. Gaur, EH Bilduk, Elkarrekin Bizkaiak eta Talde Bereziak (PP) barriro azpimarratu dabe alderdi hori, talde morearen proposamenaren eukiagaz bat eginda. Foru Gobernua osotzen daben taldeek (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) eskari hori onartu egin dabe, Bizkaiko Batzarrak osotzen dituen taldeek “Foru Gobernuari egin behar deutsien kontrol egokiaren” barruan dagolako, baina datu horreek “kontuz”, “modu arduratsuan” erabiltea eskatu dabe, eta “ez alarmismoa sortzeko”.

Osasun Ministerioak, gai horren inguruan informazino “zorrotza” emoteko ezarten dauen betebeharra egoera horren zati bat bideratzeko “legezko euskarria” izan leiteke, Elkarrekin Podemoseko Héctor Fernándezek defendidu dauenez. EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen ulermena eskertu dau, datuak “paternalismo barik sozializetako”. Agindu horretan jasoten danez, Euskadiko erakundeek, egoitzetan dagozan personen artean Covid-19a dala eta hil diranen edo baieztuta edo baieztu barik dagozan gaixoen kopuruaren ganeko informazinoa emon behar dabe. “Bide formalak eta ez formalak erabilita Aldundiari eskatzen ari garan informazino guztia bideratzen ez badau be, informazino epidemiologiko horrek, COVID-19aren izurriteak gure lurraldean dituan eraginaren eta itxaropenen ganeko gogoetea lantzeko gitxieneko esparrua emongo leuke, eta gardentasun eta higiene instituzional handiagoa erakutsiko leuke”, adierazo dau.

Bea Ilardia EH Bildu taldeko bozeroalea pozik agertu da jeltzaleek eta sozialistek oposizinoaren kontroleko beharra errazteko erakutsi daben erespide aldaketea dala eta, eta Josune Gorospe jeltzaleak Diputatuen Kongresuan, erabagiak hartzeko orduan Gobernu zentrala erakusten ari zan “iluntasuna” eta “aldebakartasuna” salatuz esan ebazan berbak gogoratuazo ditu. “Gauza bera eskatzen deutsagu Foru Gobernuari”, esan dau. Eduardo Andradek (PP) gehitu dauenez, informazino hori “behar-beharrezkoa” da gobernuak egiten dauena kontroletako, eta pozik agertu da, Bizkaiak beste lurralde edo Autonomia Erkidego batzuk daborduko egiten ari dirana egingo dauelako.

Jane Eyre Urkietak (EAJ-PNV) bere aldetik, Foru Gobernuak komunikazinoaren arloan egin dauen beharra defendidu dau, birritan emon dauelako egoitzen egungo egoeraren barri, eta une oro, eten barik, jakinarazo deutseezelako egoitzen egoeraren ganeko xehetasunak erakunde arduradunei: “Fiskaltzari, Eusko Jaurlaritzari eta osasun arloko agintariei”. Egoera barriaren aurrean, derrigorrezkoa izango da Batzarretako taldeak “arduratsuak” izatea datu horreekaz, eta kontroleko lanagaz erlazionauta ez dagozan “beste helburu batzuetarako” ez erabiltea.

ONARTU EZ DIRAN EKIMENAK

Beste alde batetik, Bizkaiko Batzarrek ez ditue onartu Elkarrekin Bizkaia taldearen arauz besteko hiru proposamen. Proposamen horreetan, taldeak urritasuna daukienei, adinekoei eta mendekotasuna daukienei zuzendutako zerbitzuetan, eta baita Aldundiak umeak eta nerabeak babesteko dituanetan be kalidadeko arretea bermatzeko hainbat neurri eskatzen ebazan, Alarma Egoerak irauten dauen bitartean. Hiru ekimenak onartu barik geratu dira, aldeko 6 botogaz (EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia) eta kontrako 9gaz (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak).

Talde moreak planteau dituan proposamen gehienak, Foru Gobernua azkenengo asteetan “indarrean jarten joan dan” ekimenak dira. Gobernua osotzen daben taldeek horreetako batzuk azaldu ditue, lurraldeko gizarte zentroetan senideen eta erabiltzaileen arteko komunikazinoa erraztera zuzendutakoak, ikuskapen plan espezifikoak, EPIak edo beharrei erantzuteko aldi baterako beharginak hartzea, azken ikasturteko ikasleak kontratauz edo lan-boltsa bat sortuz, esate baterako. Arlo horretan, adinekoen arretarako atalean bakarrik, “1.600 persona inskribidu” dira. Urritasuna daukien personei jagokenez, “780 personari” banakako jarraipena egin jake, eta daborduko kontrol horren “bigarren itzulia” egiten ari da.

EH Bilduk, bere aldetik, baztertu egin dau batzordera ekarri dauen proposamen bakarra. Proposamenaren xedea, adinekoen eta aniztasun funtzionala daukienen egoitzetako beharginentzat ostatuak egokitzea zan. “Behargin horreek, euren beharra amaitzean eta etxeetara itzultzean beste persona batzuk kutsatzeko arriskua daukie”, defendidu dau Bea Ilardiak, eta proposamena eztabaidetako itxoin behar izan dan denporea kritikau ostean, baztertzea erabagi dau. Zuzenketa-eske batean, Elkarrekin Bizkaiak, banku erakundeek daukiezan etxebizitza hutsak herritarren esku jartea eskatzen eban.

EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek ez dabe proposamena eztabaidatzea onartu, izan be, euren berbetan, Aldundiak ostatu sarea egituratu dau, kutsatzeko arriskuak murrizteko. Azken domekara arte, Birjinetxeko eta Unbe Mendiko zentroek “600 egotaldi eta 43 profesional” baino gehiago hartu ditue, Juan Otermin sozialistak esan dauenez.

Lotutako estekak: