BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK %50EKO SALBUESPEN FISKALA ONETSI DABE EKINTZAILETZAGAZ ETA BARRIKUNTZAGAZ ERLAZIONAUTAKO KANPOKO INBERTITZAILEEI APLIKETAN JAKEN PFEZ-AN

· Ogasun eta Finantzetako batzordeak Osokoak bete behar eban egitekoa bete dau gaur, koronabirusaren krisia eta onetsi dan arautegiaren “preminazko” izaerea dirala eta.
· Osasunagaz erlazionautako kontuak dirala eta, talde bakotxeko ordezkari bakarrak hartu dau parte, baina Batzarretan daukien ordezkaritzari jagokon boto ponderauagaz.
(Bilbon, 2020ko martiaren 18an). Bizkaiko Batzar Nagusiek behin betiko onespena emon deutsie Persona Fisikoen Errentaren ganeko Zergaren (PFEZ) grabamen tasaren aldaketeari, “ekintzailetzagaz, barrikuntzagaz eta ekonomia jardueraren garapenagaz” lotutako inbertsino funtsen kudeatzaileei jagokenez. Osoko bilkura bilakatu dan Ogasun eta Finantzetako Batzordearen saio berezian Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Bereziak (PP) onartu daben aldaketa horrek, %50eko salbuespen fiskala jasoten dau, Europako beste herrialde batzuetakoen eta Euskadiko ganerako lurraldeetakoen “pareko” zerga esparrua ezarteko.
Ogasun eta Finantzetako Batzordeak Osokoaren egitekoa bete dau gaur, koronabirusaren krisia dala-eta. Prebentzinozko neurri moduan, eta aldi baterako, Bizkaiko Batzarrek joan dan astean batzorde horri “preminazko” izaerea eukien arauzko hainbat proiektu onartzeko eskumenak emotea erabagi eban, horreen artean egoan gaur onetsi dana. Saiora Batzarretako talde bakotxeko kide bakarra joan da, boto ponderauaren bitartez Bizkaiko Batzarretako ganerako ordezkariak ordeztuz.
EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeen kontrako botoakaz onartu dan lehenengo arauzko ekimenak, “inbertsino funts alternatiboak” izenekoetarako PFEZn jasoko dan tributu arloko tratamentu “espezifikoaren” ezarpena erreguletan dau. Zerga arloko salbuespena jaso ahal izateko, funts horreen kudeatzaileek “zergadun barri” izan behar dabe, eta gitxienez bost urtetan egon beharko dabe lurraldean, gogorarazo dabe Foru Gobernua eusten daben talde biek. Ekain Rico sozialistak zehaztu dauenez, arau horrek “ez dauka ezelango zerikusirik” Aldundiak abuztuan aurkeztu ebanagaz. “Bizkaia, gitxienez, parekidetasun egoeran jarriko dau” beste herrialde eta lurralde batzuen aurrean, gehitu dau Jon Andoni Atutxa jeltzaleak.
EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeek, euren aldetik, osotasuneko zuzenketa-eskeak aurkeztu ditue, euren eretxiz neurriak “ez dauelako eragin ekonomiko positiborik” eukiko Bizkaiko produkzino sarean. Talde biek, zuzenketa-eske parzialen bitartez, salbuespeneko mugak ezartea eskatu dabe: 150.000 eurokoak, talde morearen proposamenean; eta 100.000 eurokoak, EH Bildurenean.
Eneritz de Madariaga talde morearen bozeroalearen eretxiz, proposamena “lotsagarria” da, “aberastasuna gehien daukienen artean kontzentretan lagunduko dauelako”. Aldaketea “onartuezina izateaz gain, ez da eraginkorra”, esan dau EH Bilduko Arantza Urkaregik, “gaurko ogia eta biharko gosea” dala gehituz. “PFEZren progresibidadea apurtzen dau”, azpimarratu dau.
Ekain Rico sozialistak txanda erabilgarri bakarra erabili dau oposizinoko talde bien ezezkoa kritiketako, aldaketa hori EH Bildu eta Podemos taldeen kontrako eretxi barik onartu zalako Gipuzkoan, eta Podemosen zuzenketa-eske barik Araban.
PORTU AGINTARIEN TRIBUTAZINOA
Batzorde berean beste foru arau proiektu bat onetsi da, EH Bildu taldearen kontrako boto bakarragaz. Proiektu horretan, Soziedadeen ganeko Zergea Europako Batzordeak 2019ko urtarrilaren 8an hartutako Erabagira egokitzen da. Bertan ezarten danez, zerga hori ordaintzetik salbuetsita egozan Espainiako Portu Agintariek, ordaindu egin beharko dabe. Europako erakundeak ezarri ebanez, zerga hori, azpiegituran egiten diran inbertsinoen gastuen ondoriozko kuotaren murrizketeagaz ordainduko da
Horrez gain, Bizkaiko Batzarrek argi berdea emon deutsie Aurrekontuen ganeko 5/2006 Foru Arau Orokorrean beste atal bat sartzeari, hemendik aurrerako lurraldeko Kontu Orokorrek, aurrekontuen gauzatze maila azaltzen dabenek, genero ikuspegian egindako aurrerapenak sartu daiezan eta, zehatzago esanez, genero ikuspegiagaz egindako gastu programen ebaluazino txostena. Talde guztiek aldeko botoa emon dabe, abstenidu egin dan Talde Bereziak (PP) izan ezik.