BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK OSASUN ALERTATIK SORTUTAKO EZ OHIKO AKORDIOA HARTU DABE
- · Bizkaiko Batzarrek, marti honetan Osokoen eta Batzordeen saioak ez egitea erabagi dabe. Mahaiaren eta Bozeroaleen Batzarraren jarduerak aurrera jarraituko dau, eta Erregistroa be zabalik egongo da, Batzarretako taldeek euren ekimenak aurkeztu ahal daiezan.
(Bilbon, 2020ko martiaren 13an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaiak, Batzordeen Batzarragaz ados jarrita, martian Osokoen eta Batzordeen saiorik ez egitea adostu dabe, COVID-19 birusaren hedapena saihesteko osasun arloko agintariek emon dituen aholku orokorrak jarraituz.
Lurraldean bizi dan osasun egoerea kontuan izanda, Bizkaiko batzarrek hainbat neurri hartzea erabagi dabe. Aurreikusitako osoko biak eta hainbat batzorde ez egiteaz gain, akordioak, beste alde batetik, Ogasun eta Finantzetako Batzordearen jarduereagaz jarraitzea jasoten dau, bere eskumenen barruan dagozan hainbat foru arau proiekturen eta proposamenen tramitazinoagaz jarraitzeko. Saio horreetara batzarretako talde bakotxeko kide bakarra joango da, eta egin beharreko bozketetan botoaren ponderazinoa aplikauko da.
Mahaiak eta Bozeroaleen Batzarrak biltzen jarraituko dabe, euren egitekoak gauzatzeko, behar dan guztietan, egokitzat hartzen diran neurriak hartzeko. Halanda be, gaurtik aurrera Mahaian aurkeztuko diran ekimen barriak atzeratu egingo dira, jagokezan epeak zenbatzeari jagokonez, Batzar Nagusien ohiko jarduerea barriro hasi arte.
Bizkaiko Batzarrek, postu bakotxak emoten dituan aukeren arabera, euren beharra etxetik egiteko edo malgutasuneko neurriak hartzeko aukerea emon deutse bere beharginei, osasun arloko agintariek hartu dituen neurriakaz kontzialiazinoa errazteko eta kutsatzeko aukerak murrizteko. Erabagiaren helburua, kutsadurari eusteko neurriak indartzeaz gain, azkenengo egunetan hartu diran beste erabagi orokor batzuk eskatzen daben familiako kontziliazinoa erraztea da. Erakunde publikoei lan eredugarria egitea jagoke, eta osasun arloko agintaritzatik sektore pribaduari egiten jakozan eskarien lehenengo lerroan jarri behar dira.
Holan, Bizkaiko Batzar Nagusiek bat egin dabe agintariek jakinarazo dabenagaz, eta osasun arloko agintariek ezarten dituen prebentzinozko neurriak betetea eskatzen deutsie Bizkaiko gizarteari
GERNIKAKO BATZARRETXEA ETA ENKARTERRIETAKO MUSEOA
Mahaiak eta Bozeroaleen Batzarrak, Gernikako Batzarretxeko eta Abellanedan dagon Enkarterrietako Museoko bisitak be bertan behera iztea erabagi dabe, bestelakorik esan arte. Dana dala, herritarrek ohiko kanaletatik jaso ahal izango dabe informazinoa, edo kontsultak egin, egoitza bietako behargin batzuek euren ohiko ordutegian beharrean jarraituko dabe-eta.