BIZKAIKO FORU ALDUNDIAK "140 ERREFUXIATURI" EMON DEUTSE ARRETEA 2016TIK
- Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko Foru Diputatua Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri da, Goihabe programaren ebaluazino txostena aurkezteko.
(Bilbon, 2020ko martiaren 11n). Bizkaiak, urtero, “140 errefuxiaturi” emon deutse arretea 2016tan Goihabe programea martxan jarri zanetik, Siriako gerrea dala eta Europan sortutako migrazino krisialdiari erantzuteko. Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko Foru Diputatuak emon dau datu hori gaur Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean egin dauen agerraldian. Bertan, “gerratik, indarkerietatik eta gosetik” iges egiten daben errefuxiatuak Bizkaian integretera zuzendutako programaren ebaluazino txostenaren balantzea egin dau.
Goihabe da Bizkaiak “gizarte aurreratuan eta solidarioan” integrauta dagon lurralde moduan emon eban erantzuna eta mundu osoan milioika herritarrek jasaten daben “giza eskubideen urraketaren aurrean erantzun duina emon beharra daukagu”. Erantzun “barritzailea, anitza eta diziplina anitzekoa” da, eta Gurutze Gorriagaz, CEAR-Euskadigaz, Caritasegaz eta Ellacuría Fundazinoagaz alkarlanean emoten da, hainbat motatako prozesuen eta esku-hartzeen bidez, bizilekutik diru-laguntzetara, hezkuntzatik eta gizarte eta lan arloko jarduketetatik pasauz.
Izaskun Duque EH Bilduko batzordekidearen eretxiz, erantzun hori “ez da nahikoa”, kontuan izanda 2016an inbertsinoa “316.000 eurokoa” izan zala, eta aurtongo aurrekontua “300.000 eurokoa” dala. CEAR-Euskadiren datuek erakusten dabenez, 2016an “285 personak” egin eben asilo eskaerea, eta 2019an “3.395” izan ziran. Batzordekideak DSBErako eskakizunak jaistea eskatu dau, persona horreek laguntzea jaso ahal daien.
Israel Escalentak (Elkarrekin Bizkaia), bere aldetik, Aldundiak arlo horretan ez daukala eskumenik egiaztau eta ekimenarengaitik foru erakundea zoriondu ostean, kritikau egin dau persona batzuek “bizilekua ziurtatuta ez eukitea”, eta itxaron zerrendaren eta Venezuelako kolektiboa programa horretan sartzearen ganean galdetu dau.
Aurrekontuei jagokenez, Laespadak zehaztu dauenez, beste urte batzuetan partidak handituz joan dira, egoera “aldakorra” kontuan izanda. “Batzuetan”, errefuxiatuen beharrak Estaduak emoten dituan zerbitzuakaz beteten dira, administrazino orokorra dalako harreraren lehenengo fasean eskumenak dituana. Aldundiak “zuhurtziagaz” jokatzen dau urteko partidak ezarteko orduan, errefuxiatuari emon beharreko arretea ez dalako Aldundiaren eskumena.
LAGUNDU BAKO GAZTEAK
Beste alde batetik, gizarte bazterketa egoeran geratzeko arriskua daukien gazte migratzaileek erakusten dituen beharrei erantzuteko Gizarte Inklusio sailak aurreikusten dituan neurrien ganeko azalpenak eskatuz Elkarrekin Bizkaiak egin dauen agerraldi eskarian, 2018ko garagarriletik 18 eta 23 urte arteko “826 gazteri” emon jakela arretea jakinarazo dau diputatuak.
Laespadak, 18 urte betetean haurtzaroko zerbitzuko ibilbidea bukatzen daben personei arretea emoteko bere sailak martxan jarri dituan neurriak azaldu ditu eta, adierazo dauenez, “kalean ez dago Aldundiaren babes sistematik urten dauen personarik”. Dana dala, Izaskun Duque EH Bilduko batzordekideak kontra egin deutso puntu horretan, eta esan dauenez, Eusko Jaurlaritzak egindako inkestaren datuak kontuan izanda, kalean dagozan personen “%21ak”, Bilbon eta Ezkerraldean batez be, Aldundiaren haurtzaroko zerbitzuetatik pasau zirala adierazo eben.
Neurri barriak martxan jarteagaz erlazionauta, Laespadak “1.250.000 euroko” zuzkidurea eukiko dauen programa barri bat iragarri dau. Gizartean baztertuta geratzeko arriskuan dagozan gazteen enplegagarritasuna hobetzera egongo da bideratuta, zeharkako izaeragaz, bere Sailak eta Gizarte Ekintzako sailak hartuko dabelako parte. Laguntza linea barri hori Lanberri programan egituratzen da, eta prestakuntza dual eskeman oinarritzen da, hau da, prestakuntzea eta “ordaindutako praktikak” enpresetan.