Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ALDATU EGIN DABE BATZORDEAN EKINTZAILETZARAKO PROIEKTUAK FINANTZATZERA ZUZENDUTAKO FUNTSETARAKO ZERGA TRATAMENTUA

Bilbao

  • Osokoak berresten badau, PFEZn jasoko dan aldaketak %50eko salbuespena izango dau

(Bilbon, 2020ko martiaren 5ean). Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako Batzordeak argi berdea emon deutso oinarri teknologikoa daukien enpresen ekintzailetzara zuzendutako inbertsino funtsen kudeatzaileen Persona Fisikoen Errentaren ganeko Zerga (PEFZ) tasaren aldaketari. Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Bereziak (PP) onetsi daben aldaketaren helburua finantzen arloan dabilzan enpresa horreek erakartea da “Brexitari begiratuta, batez be”, eta “%50eko salbuespena” jasoten dau, EBko beste herrialde batzuekaz “lehiatzeko”, Foru Gobernua eusten daben taldeek azaldu dabenez. Aldaketea Osokoak berretsi beharko dau.

“Preminazko” izaerea daukan ekimena, testuak adierazoten dauenez “jarduera ekonomikoaren ganeko ekintzailetzagaz, barrikuntzagaz eta garapenagaz erlazionautako” funtsen kudeaketan parte hartzearen ondoriozko ordainketa moduan jasoten diran euki ekonomikoko eskubide bereziek PFEZn daukien zerga tratamentu “espezifikoa” ezarten dauen foru arau proiektuan dago araututa.

Ordezkari jeltzaleek eta sozialistek adierazo dabenez, salbuespenak “ez dau eraginik izango” une honetan Bizkaian dagon ezein funtsetan, lurraldera etorriko diran eta ekintzailetza teknologikoa finantzatzera zuzenduta dagozan barrietan baino.

EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeek osotasuneko zuzenketa-eskeak aurkeztu ditue, euren eretxiz neurriak ez dauelako eragin ekonomiko positiborik izango Bizkaiko produkzino egituran. Zuzenketa-eske bietako bat be ez da onartu. Talde biek, zuzenketa-eske parzialen bitartez, muga kuantifikauak ezartea eskatu dabe: 150.000 eurokoak, talde morearen proposamenean; eta 100.000 eurokoak, EH Bildurenean. Eneritz de Madariaga talde morearen bozeroaleak, “epe laburreko irabaziak” bilatzen dituen “finantza arloko marraixuei atea edegiten jakela” salatu dau. Aldaketea “arinegi eta bat-batean” egin da, gehitu dau EH Bilduko Arantza Urkaregik, eta ez dau aurkitu preminazko tramitazinorako justifikazinorik. “Esperpento” hori “errenta altuenen mesederako izango da”, esan dau.

Ekain Rico sozialistaren eretxiz, gaur ekarri dan arauak “ez dauka ezelango zerikusirik” igaz planteau zan eta bere taldeak baztertu ebanagaz. Adierazo dauenez, oraingoaren helburua “kalidadeko enpleguak eta zergadun barriak erakartea” da, eta kritikau egin ditu oposizinoko taldeen jarrerak, gai hori Gipuzkoan kontrako boto eta zuzenketa-eske barik eta Araban Podemosen zuzenketa-eske barik arautu zalako.

Arauzko aldaketaren helburua “inbertitzaileen eta ekintzaileen arteko loturak indartzea” da, eta onartuko ez balitz “desabantaila nabarmena” eragingo leuke Europako beste herrialde batzuen aurrean, oso une “egokian”, Brexitean, hain zuzen be, gehitu dau Jane Eyre Urkieta jeltzaleak.

Batzorde berean, EH Bilduko kontrako botoakaz, beste foru arau proiektu bat onetsi da, Soziedadeen ganeko Zergea Europako Batzordeak 2019ko urtarrilaren 8an hartutako Erabagira egokitzeko asmoz. Bertan ezarten danez, zerga hori ordaintzetik salbuetsita egozan Espainiako Portu Agintariek, ordaindu egin beharko dabe. Europako erakundeak ezarri ebanez, zerga hori, azpiegituran egiten diran inbertsinoen gastuen ondoriozko kuotaren murrizketeagaz ordainduko da.

HERRI-DIRUBIDEEN EUSKAL KONTSEILUAREN BILEREA

Beste alde batetik, Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordean, Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak, joan dan zezeilaren 13an egin zan Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren bileraren eukiaren barri emon dau. Bertan, Foru Aldundiek kontzertautako zergengaitik izan eben bilketa finkatua onetsi zan. 15.469,6 milioi eurokoa izan zan, hau da, aurreko urtean baino %3,3 gehiago. Kopuru horren %59,7 Bizkaian batu zan, hau da, 7.995.116 euro, 2018ko kontuetan baino %1,6 gehiago.

Zergen ondoriozko diru-sarrerak zehaztu ostean, Bizkaiak Doikuntzako Funts Orokorrari eta Ez Ohiko Funtsari egiten deutsan ekarpena azaldu dau Rementeriak. Horreetan, lurraldearen ekarpena 20,7 milioi eurokoa eta 1,4 milioikoa izan da, hurrenez hurren. Funts horreen onuradunak alboko lurralde biak izan ziran.

Larrialdien finantzaketarako erakundeen arteko funtsari jagokonez, Ahaldun Nagusiak jakinarazo dau joan dan zezeilaren 21ean lehenengo bilera teknikoa izan zala, eta Aldundiak 75 milioi euroko gehieneko zuzkidurea proponidu ebala barriro. “Larrialdi horreek zeintzuk diran zehaztu behar da”, esan dau, eta horren ostean, “ahalik eta arinen” martxan jarri gura dala baieztu dau.

PP taldetik, Eduardo Andradek Ekarpenen Legea atoan barrikusteko eskatu dau, une honetan Eusko Jaurlaritzaren “larregizko finantzaketea” dagolako. Elkarrekin Bizkaia taldetik, bozeroaleak esan dau Bizkaiak “Europa osoko zerga presino bajuenetakoa” daukala, eta EH Bildugaz batera, Soziedadeen Zergaren diru-bilketea “%17,5” txikiagoa izatearen ganeko azalpenak eskatu ditu. “Jaitsierea enpresek 2018an kontura egindako entregaren ondoriozkoa da. Kuota diferentzialak erakusten dauenez, 2019an kopuru bera batu dogu”, erantzun dau Rementeriak.

2020ko urte honi begira, Ahaldun Nagusiak “zuhurtziagaz jardutea” eskatu dau, “kanpoko faktoreek eragina eukiko dabelako diru-bilketan” –koronabirusa eta Estatu Batuetako presidentea aukeratzeko hauteskundeak aitatuz–.

EZ DA ALOKAIRUAREN PREZIOAN NEURRIAK APLIKETAKO ADOSTASUNIK LORTU

Beste alde batetik, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia taldeen kontrako botoakaz eta Elkarrekin Bizkaia taldearen aldekoakaz, batzordeak ez dau onartu etxebizitzen alokairuaren prezioa murrizteko neurriak eskatzen eban EH Bilduren arauz besteko proposamen bat, parke publikoa handituz, hutsik dagozan etxebizitzak mobilizauz eta alokairurako prezio mugatuak ezarriz.