Aurreko Albisteak

ZALDIBARKO HONDAKINDEGIAREN JABEA DAN ENPRESARI ZEHAPEN ESPEDIENTEA EDEGIKO JAKOLA IRAGARRI DAU BIZKAIKO FORU ALDUNDIAK

  • Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurraldearen Garapenerako Foru Diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan gaur iragarri dauenez, foru erakundea “atzo bertan” aurkeztu zan akusazino partikular moduan Durangoko epaitegi batean edegita dagon kasuan.

(Bilbon, 2020ko zezeilaren 27an).– Azpiegitura eta Lurraldearen Garapenerako Sailaren eskumenen barruan, Imanol Pradales ordezkari nagusiak, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia (PP) taldeek eskatu daben agerraldian Bizkaiko Batzar Nagusietan gaur iragarri dauenez, Aldundiak zehapen espedientea edegi deutso Verter Recycling 2000 enpresari, AP-8 autopistako eta N-634 foru errepideko “elementuak kaltetuteagaitik”, kalte “larriak” eragin diralako errepide horreen funtzionaltasunean “eta, hori dala eta, bide segurtasuna arriskuan jarri dalako”. Espediente horrek ez dau baztertzen Foru Erakundea, “atzo bertan”, Pradalesek baieztu dauenez, Durangoko Epaitegian Zaldibarko hondakindegia jaustearen ondorioz edegita dagon epai prozesuan akusazino partikular moduan aurkeztu izana.

Bere berbaldian, diputatuak, Zaldibarko hondakindegia jausi zanetik Aldundiko zerbitzuak egunero egin daben beharraren barri emon dau, bere sailari jagokozan jarduketei jagokenez eta baita larrialdiko foru zerbitzuei jagokenez be. Azken puntu horretan, arlo horretako zuzendariak, Pedro Izagak, lagundu deutso.

Beste ezer baino lehen, hondamendia dala eta errepideko azpiegiturei jagokenez “ezein ezpondak ez dauela kalterik jasan” argitu dau Pradalesek. Autopistan 2 kilometroko “bypass” bat dago, eta holan jarraituko dau A-8 autopistako galtzadaren segurtasuna, Donostiako noranzkoan, bermatuta egon arte. Horren ondoan neurri bi ari dira gauzatzen, lurraren mobimenduei eusteko, eta “datorren astean” amaituko dira, aurreratu dauenez. Beste alde batetik, 8 metro altu eta 50 luze izango dan euspeneko horma bat eregiko da, “harrobiko 45 tonako 42 bloke erabilita, 200.000 euroko kostuagaz”; eta, bukatzeko, lur-jausien kontrako pantaila dinamiko bat instalauko da, 75 metro karratukoa, mendian gora, 10.000 metro kubiko lur hondeau eta gero.

Pradalesek esan dauenez, soluzino konbinatu horrek “lur-jausia gertatu ezkero metatzeko eta eusteko ahalmen handiagoa irabazteko” aukerea emongo dau; “lur-jausia7 zentimetrotan finkatu da zezeilaren 6tik”, eta horreek mobimendu “txikiak eta logikoak” dira, adituek adierazo dabenez. Horrek ez dau esan gura “hondakindegian hondakinen masa guztiz egonkortu arte lur-jausiren bat gertatzeko arriskurik ez dagonik”, euria egiten badau, batez be, adierazo dauenez.

Larrialdietako foru zerbitzuei jagokenez, Eusko Jaurlaritzako Larrialdien Arretarako Zuzendaritzaren jarraibideei jarraituz jarduten dabela esan dau Pradalesek, eta euren egitekoa desagertuta dagozan persona biak bilatzeko lanetan laguntzera, “horrek dauka lehentasun osoa”, eta hondakindegian piztu izan diran suteak itzaltzera mugatzen ari dala. Taldeen erantzun-eskeen aurrean, Pradalesek behin eta barriro esan dauenez “Aldundiaren esku dagozan enpresek eta beharginek zorroztasun osoz bete ditue higiene eta segurtasun neurri guztiak, arriskuen prebentzino zerbitzuek gainbegiratuta”.

Emondako azalpenen ostean, oposizinoko taldeek zuzenean jo dabe erakundeen kudeaketea eta erakundeen arteko koordinazino faltea kritiketera. Talde Bereziko (PP) Eduardo Andraderen berbetan, “ardura bakoa” izan da, baina berba onak izan ditu diputatuarentzat, bere sailari jagokonez kudeaketea “zuzena izan dalako, danen artean onena”. Halanda be, kritikau egin ditu persona biak aurkitzeko baliabide “gitxiegi” egotea eta hondakindegian ikusi dan kontrol faltea, eta baita su-hiltzaileentzako jarduketa-protokolorik ez egotea be.

Modu berean, Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroaleak, lehenengo esku-hartzeetan laneko osasun arloko “behar besteko” prebentzinorik egon ez izana tamalgarria dala esan dau, Aldundiko beharginak “dioxinen, furanoen eta amiantoaren” aurrean egon ziralako. Erakundeen eta sailen arteko jarduketarako protokoloak hobetzea eskatu dau. Emilio Lobato bere taldekideak, hondakinak lekuz aldatzeko dagozan alternatiben ganean galdetu deutso diputatuari.

EH Bilduk, bere aldetik, larrialdiaren kudeaketea kritikau ostean, eskua luzatu deutso Aldundiari, “gure eretxiz tragedia hau danon artean konpondu behar dogulako”, adierazo dau Onintze Oleagak, eta, horretarako, “datu ofizial objektiboak guri helduazotea” eskatu dau. Bere txandea amaitzeko, hondakindegian zer dagon eta hondakinak nora eroango diran dakien galdetu deutso diputatuari.

Foru Gobernua eusten daben taldeek (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) eskertu egin dabe emondako informazinoa. Francisco José Fernández sozialistak, desagertuta dagozan persona biak aurkitzeari lehentasuna emoteko eskatu dau, eta beharginen segurtasuna eta uraren eta aidearen kalidadea bermatu, arriskuak gitxitu eta, amaitzeko, erantzukizunak garbitu behar dirala be esan dau. Jon Andoni Atutxa jeltzaleak, bere aldetik, “lehentasuna Alberto eta Joaquín aurkitzea dala” azpimarratu dau.

ARTXANDAKO BIZTANLEEN KEXEA

Beste alde batetik, Artxanda Plataforma Auzokideen Alkarteko kideek, 2015eko azarotik salatzen ari diran kexea ekarri dabe Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordera. Hilebete horretan erreklamazino formala aurkeztu eben Aldundian, ehiztari batzuek Artxanda auzoan daukien jarrerea salatzeko. José María Larrañaga alkarteko presidenteak, Iñaki Larrañaga zuzendaritza taldeko kideak lagunduta, gai horren inguruan jarduteko Aldundiagaz izandako idazkien eta hartu-emonen barri emon ostean, azkenengo ehiza denporaldian “gertakariak” errepikau egin dirala, eta auzokideen eta ehiztarien artean “istiluak” be egon dirala esan dau.

Auzo alkartearen ordezkariak, Bizkaiko Batzar Nagusien agindua beteteko eskatu deutso Aldundiari, EH Bilduk aurkeztu eta Euzko Abertzaleak taldearen zuzenketa-eskea jaso eban arauz besteko proposamena, aho batez onartutakoa. Bertan, “Artxandako Gune Librean” ehizan ibilteko debekua betearazoteko eskatzen jakon Aldundiari. Auzokideek adierazo dabenez, gune hori Berriz auzoaren eta Abril mendiaren arteko 400 metroko zabalerakoa izango litzateke.

Batzordeko talde guztiek ulertu dabe Artxandako biztanleen “haserrea”, eta “ahalik eta arinen” konponbidea bilatu behar dala esan dabe. Oposizinoko taldeek esan dabe tamalgarria dala Aldundiak kasu horretan “ez dauela egin beharrekoa egin”.