Aurreko Albisteak

BIZKAIKO FORU ALDUNDIA AKUSAZINO PARTIKULAR MODUAN AURKEZTUKO DA ZALDIBARKO HONDAMENDIAN

  • Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak neurri horren barri emon dau Batzar Nagusietako Kontroleko Osokoan, foru erakundeak eta herritarrek “kalteak” jaso dituela ulertzen dauelako.

  • Bizkaibusek bikoiztu egingo dau Gaztelugatxera heltzeko zerbitzua San Joseko eta maiatzaren 1eko zubietan eta Aste Santuan.

(Gernikan, 2020ko zezeilaren 26ean).– Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Gernikako Batzarretxean egindako kontroleko osokoan gaur iragarri dauenez, Bizkaiko Foru Aldundia “akusazino partikular moduan aurkeztuko da” Zaldibarko hondamendian, foru erakundeak eta Bizkaiko herritar guztiek hondakindegia jaustearen “kalteak” jasan dituela ulertzen dauelako.

Rementeriak, foru erakundea ikuspegi juridikotik proaktiboa izan behar zan argitzeko eskatzen eutsan Batzarretako EH Bildu taldeak egindako itaunari erantzunez iragarri dau hori. Aldundiko arduradun nagusiak argitu dauenez, “dana argitu beharko da. Dana: nork baimendu eban hondakindegi hori edegitea, zeinek izan dauen hondakindegiko udal mailako ardurea urte honeetan, nork ez dauen kontrolau, edo kontrolau dauen, bertara botaten zana, nor aritu izan dan ondo edo txarto. Dana sakon ikertu eta erantzukizunak argitu beharko dira, jakina baietz”, esan dau.

Beatriz Ilardia EH Bilduko bozeroaleak, bere erreplikako txandea baliau eta kasuagaz erlazionautako galdera barriak sartu ditu eta, zehatzago esanez, inguru horretan bestelako lur-jausirik gertatu ete daiteken, Zaldibarko hondakindegian zer dagon dakien ala ez, eta jausitako hondakindegitik urteten daben hondakinak nora ari diran eroaten dakien ala ez azaltzeko eskatu deutso Rementeriari.

Bere erantzunean, Ahaldun Nagusiak esan dau tamalgarria dala koalizino abertzaleak “zaratea” eta “polemikea” bilatzea, eta “gauzak zenbat eta okerrago, nire alderdiarentzako hobeto” horretan ezkutatzea, “danok batera” behar egin beharrean, 2016ko martian Ondarroako hegala jausi zanean egin zan moduan. Orduan “ez jakon kolore politikoari begiratu”, erantzun dau.

Zaldibarko kasuan, lur-jausia gertatu zanetik Aldundiak gauzatu dituan jarduketa guztiak azaldu ditu Rementeriak, eta oraindino “behar asko dagola egiteko” adierazo dau. Aurretik, bere berbaldiaren hasieran, alkartasuna agertu dau oraindino desagertuta dagozan behargin bien familiakaz, eta eskerrak emon deutsez lur-jausia gertatu zanetik bertan beharrean dabilzan profesionalei.

Horrez gain, gogoratuazo dau lurraren ezegonkortasunak “etsaia” izaten jarraitzen dauela, eta lurra egonkortzeko “behar eta denpora asko, hilebeteak” beharko dirala iragarri dau.

Rementeriak autortu egin dau erakundeetako ordezkariak egiten ari diran beharra, “lehenengoa Lehendakaria, hasieratik krisi egoera honen buru izan dalako”. Baina, gertatutakoaren ostean “alderdi batzuek” erakutsi daben jarrerea zalantzan jarri dau.

EH Bilduko bozeroaleak, bere aldetik, “Aldundiak arduraz jokatzeko ordua dala” adierazo dau. Aldundiak emon dauen pausua “positiboa” dala esan dau, Aldundiak badaukalako “loturea” gertatutakoagaz eta, ganera, gertatutakoaren atzean “milaka kaltetu dagozalako”. Bere taldeak eta Podemos Bizkaiak, ahozko erantzun-eske baten bitartez, erakundeen arteko “koordinazino faltea” aurpegiratu deutsie, baina Rementeriak hori ez dala holan esan dau. “Beti egin leitekez gauzak hobeto”, baina koordinazinoa “ona eta emonkorra” izan da. Koordinazinoa “ez da ari arazoa izaten, aliaua izaten ari da”, gehitu dau.

Rementeriaren berbak entzun ostean, Eneritz de Madariaga Podemos Bizkaia taldearen bozeroaleak, hondakinak nora joango diran argitzeko eskatu deutso Aldundiari, eta “aldaketak” eskatu ditu krisi horretan Aldundiak aurrera daroan kudeaketan, “zeozer txarto egin dabela autortzea, jarduketako protokoloak barrikustea eta hondakinen kontrola eta tratamentua barriro planteetea”, besteak beste.

BESTE BARRIKUNTZA BATZUK

Urteko kontroleko bigarren Osokotik beste barrikuntza batzuk be sortu dira, Miguel Ángel Gómez Viar Bizkaiko Lurraldeko Garraio, Mugikortasun eta Kohesiorako foru diputatuak, Bakio eta Bermeo artean Gaztelugatxera joango dan zerbitzu berezia iragarri dau, EH Bilduri erantzunez. Autobus bik bidaiak egingo ditue ordu erdirik behin, goizeko 09:00etatik arratsaldeko 20:00etara, datozen zubietan. Ezarri diran egunak martiaren 19tik 22ra (San Jose zubia); apirilaren 4tik 19ra (Aste Santua) eta maiatzaren 1etik 3ra (Maiatzaren 1eko zubia) dira.

Elkarrekin Podemos taldeak ikusmen urritasuna daukien personen irisgarritasuna hobetzeko moduaren ganean egin dauen beste erantzun-eske bati erantzunez, Gómez Viarrek persona horreei “aginte” bat emoteko proiektua iragarri dau. Aginte horrek autobus geralekuen barri “kantauko” dau autobus barruan.

Teresa Laespada enplegurako diputatuak, bere aldetik, 45 urtetik gorako langabetuei eta zaurgarritasun egoeran dagozan gazteei zuzendutako enplegu eta prestakuntza programa mistoa martxan jarri dala iragarri dau, “104 personari” zuzendutako prestakuntza dualeko esperientzia pilotua, “persona horreek lan merkaduan jarteko. Programea eraginkorra bada, arlo gehiagotara zabalduko da”, adierazo dau.

Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak, bere aldetik, etxean zainketa lanak egiten dituen personei zuzendutako prebentzino arloko prestakuntzako neurriak iragarri ditu, Lanbidegaz alkarlanean. Izaskun Duque EH Bilduko batzarkideak adierazo dauenez, kolektibo hori “21.000 personak osatzen dabe, horreetatik %80 emakumeak”.