Aurreko Albisteak

EUROKOPAN LOIUKO AIREPORTUAREN GAUEKO ORDUTEGIA LUZATZEKO ORDUAN TXORIERRIKO BIZTANLEEK ATSEDENALDIRAKO DAUKIEN ESKUBIDEA KONTUAN IZATEA ESKATU DABE BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK

Bilbao

  • Ganera, Batzarretako taldeek Bizkaiko Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordearen urteroko txostena jaso dabe.


(Bilbon, 2020ko zezeilaren 24an). Bilbo 2020ko Eurokoparen egoitzetako bat da, eta gaia barriro heldu da Bizkaiko Batzar Nagusietara gaur eguerdian. Gaur, Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordeak arauz besteko proposamen bi jorratu ditu, bat Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek alkarregaz aurkeztutakoa eta bestea EH Bildurena, lau partiduak jokatuko diran egunetan Loiuko aireportua gauez zabaltzeko aukeraren inguruan. Azkenean, Batzar Nagusiek Foru Gobernua eusten daben taldeen ekimena onetsi dabe, Talde Bereziaren (PP) aldeko botoagaz. Bertan, 2016ko urtarrilaren 27ko osokoan “aho batez hartu zan akordioaren indarraldia berresten da”.

Aire konpainia batek eskatuta gaueko ordutegia modu orokorrean luzatzeko aukerea aztertzeko AENAk eukan asmoak eragindako Bizkaiko Batzar Nagusien proposamen haretan esaten zan, Bilboko aireportuaren ordutegia luzatzeko edozein asmok, “derrigorrez” euki beharko leukela kontuan “aireportuaren eraginpeko biztanleen atsedenaldirako eta ongizaterako eskubidean izan eikezan eragin negatibo posibleak”, eta horren eragina jasoten daben Udalen eretxia eta adostasuna be kontuan euki beharko ebela. Ganera, Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez eskatu eutsien AENAri “eragina jasaten daben Udalakaz komunikazino egokia” ezarteko, eta gaueko aireko joan-etorriek bertako biztanleen artean eragiten daben “loaren alterazinoa” kontuan hartzeko.

Sozialistek iraganera, orain hiru urte baino gehiago hartu zan erabagira, itzuli izana justifikau dabe, “gaur egun ez dalako ezer aldatu. AENAk ez dau ezelango luzapenik eskatu. Ez dago aireportua gauez zabaltzea eskatzen dauen ezelango proposamen teknikorik”, azpimarratu dau Juan Otermin ordezkariak. Dana dala, argi itzi dau Eurokopa Bilbon jokatzea “ez ohiko egoerea” dala.

Jon Andoni Atutxa Euzko Abertzaleak taldearen bozeroaleak adierazo dauenez, bere taldeak “beti” euki dau eretxi berbera gai honen inguruan. Gauez zabaltzearen alde agertuko dira, “salbuespen moduan, eta beste alternatibarik ez badago bakarrik”. Alternatiba horreen artean Batzarretako talde guztiek aitatu dabe gaueko trafikoa egunean 24 ordu zabalik dagon Forondako aireportura bideratzeko aukerea.

Aukera hori ez da nahikoa izan EH Bildu taldearentzat. Izan be, arauz besteko bere proposamenaren bitartez defendidu dau, arrakasta handi barik izan bada be –Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak eta Talde Berezia (PP) taldeen kontrako botoakaz ez dalako onartu– Bizkaiko Batzar Nagusiek ordutegia luzatzeko planteamentuaren kontra agertzeko eskatzea Bizkaiko Foru Aldundiari, “herritarren ongizaterako gitxieneko baldintzak babesteko eta defendiduteko”. Raúl Méndez batzordekidearen eretxiz, “hiru klabe” euki behar dira kontuan: Txorierriko biztanleen atsedenaldirako eskubidea, aireportuko lantaldearen kontrako eretxia –ia botoen %96agaz– eta horren eragina jasango daben Udal ‘guztiakaz’ akordioa lortzea, eta koalizino abertzalearen berbetan hori ez da gertatzen, Larrabetzuko Udaleko Osokoa luzapen horren kontra agertu dalako.

Elkarrekin Bizkaia, bere aldetik, harrituta agertu da, Bilboko alkatetzea izan zalako UEFAk Loiu gauez zabaltzeko egin eban eskaria AENAri bideratu eutsana. Taldearen bildurra, Udalaren proposamena onartu ezkero, ganerako egunetan be “aireportua gauez zabaltzeko aurrekaria ezartea” da.

Onetsitako proposamenak, Eduardo Andraderen, PP taldeak Batzordean daukan ordezkari bakarraren, aldeko botoa jaso dau, “ordutegia malgutzeak milaka persona Bilbora eta Bizkaira heltzea” errazten dauelako.


GARDENTASUN ARLOKO ERREKLAMAZINOAK

Foru Aldundiak eskatuta, Bizkaiko Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordea Batzar Nagusietara etorri da, eta bere urteroko jardueraren Memoria aurkeztu dau. Holan, María Barrena presidenteak adierazo dauenez, igaz erakundeak “4 salaketa eta 4 erreklamazino” jaso ebazan. Horreetako bostetan Batzordeak “ez eukala eskumenik” adierazo eban, eta beste hirutan emondako txostenek ez ebezan eskatzaileen informazino proposamenak onartu. Kasu bakotxa laburbildu ostean, informazino hori Aldundiaren webguneko Gardentasunaren atalean dagola esan dau Barrenak.

Batzarretako taldeek Batzordeak Batzarretara etorri izana eta erakunde horrek egiten dauen beharra eskertu eta partaidetza mailak gero eta altuagoak izatea azpimarratu dabe, oraindino “bajuak” diran arren. Batzorde horren beharra “gehiago” ezagutuazoteko ahal dan guztia egitea eskatu dabe, partaidetza maila horreek altuagoak izan daitezan.