Aurreko Albisteak

ALDUNDIAK ETA GETXOKO UDALAK, ADINEKOAK ETA GAZTEAK ALKARREGAZ BIZIKO DIRAN ZENTRO "AITZINDARIA" ZABALDUKO DABE ERROMON

Bilbao

· Azpiegiturak ia 13 milioi euro balioko ditu, eta Administrazino bien artean ordainduko dabe.

(Bilbon, 2020ko zezeilaren 21ean). Berak eskatuta, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako Foru Diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako Batzordera etorri da, Bizkaia Egiten dokumentuan jasoten dan “Getxoko Belaunaldien Arteko Zentroa” egitea helburu dauen proiektuaren aurrerapenak azaltzeko. “Adinekoen eta gazteen artean belaunaldien arteko alkarbizitzea bultzatuko dauen zentro barritzailea eta aitzindaria”, diputatuaren berbetan.

Azpiegiturea, azkenean, Getxoko Erromo auzoan eregiko da, 7.000 metro karratuko lur-sail batean. Bertan, gazteentzako 40 apartamentu dotazional eta mendekotasun egoeran dagozan personentzako egoitzako 100 plaza egongo dira, aurreko astean Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Getxoko Udalaren artean lortu zan akordioaren ostean.

Ekimen “barria, desbardina eta aitzindaria” da Estaduan, eta helburua, “adin desbardinetako personak alkarregaz bizitzeko eredua” garatzea da. “Espazio komunak konpartiduko ditue eta alkarregaz aritu ahal izango dira, gizarte arloko belaunaldien arteko isolamendua saihestuz”. Helburua “gizarte inklusiboagoa eta kohesionatuagoa” lortzea da, azpimarratu dau.

Diputatuak, une honetan funtzionetan ari dan Deventerreko (Holanda) zentroa aitatu dau jarraituko dan eredu moduan. Abuztuan bisitau eban bere saileko ordezkaritza batek, eta joan dan astean udaleko teknikariek. Komunidadearen aurrean “zabalik” dagon azpiegiturak “200 boluntario baino gehiago ditu, mendekotasuna daukien 150 personari emoten deutse arretea eta 30 proiektu pilotu jarri ditu martxan”, aurreratu dau.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Getxoko Udalaren laguntzagaz eregiko eta martxan jarriko dauen azpiegitura barriak 13 milioi euroko inbertsinoa eskatuko dau. Ia 10 milioi –9.980.000 euro– foru erakundeak jarriko ditu, hiru urtetan banatuta (2021, 2022 eta 2023), eta ganerakoa udalerriak jarriko dau. Hori da proiektuaren barrikuntza nagusietakoa, “erakundeen arteko lankidetzatik” sortuko dala. Hitzarmena Foru Erakundeko Gobernu Kontsejuak onetsiko dau datorren martitzenean, zezeilaren 25ean.

Ekimen horrek, “gizarteak dituan behar garrantzitsu biri” batera erantzun gura deutsen alkarbizitzako eredu barritzailea gauzatzea aurreikusten dau. Alde batetik, “udalerriko gazteei gurasoen etxea izten laguntzeko tresna alternatiboa da”, oso beharrezkoa, kontuan izaten badogu Euskadin “30 urtetik beherako gazteen %17 baino ez dirala emanzipetan”; eta, bestetik, Getxoko biztanleriaren zahartze prozesuari eta Aldundiak, gizarte zerbitzuen kartera hedatzeko esparruan identifikau dituan beharrei erantzun gura jake.

Erakunde bien artean lortu dan akordioan oinarrituta, udalak une honetan Nagusien Etxea dagon lur-saila lagako dau 75 urterako, Aldundiak, Azpiegiturak foru soziedadearen bitartez, ekipamendua eregi daian, aurreikuspenak beteten badira, “xehetasunen proiektua” amaitu eta gero “2021. urtearen erdialdean” bukatuko dan prozedura administratiboaren ostean.

Orokorrean, Batzarretako taldeek “modu positiboan” jaso dabe albistea, baina “xehetasun gehiago” eskatu dabe. EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeetatik, proiektua egiteko orduan komunidadea kontuan hartzea eskatu dabe, oraindino ez dalako holangorik egin. Koalizino abertzaleak, Arantza Urkaregi batzordekidearen bitartez, eredua ez dala barritzailea esan dau, Gipuzkoako Usurbilen badagolako belaunaldien arteko proiektu bat.

Foru Gobernua eusten daben Batzarretako taldeek (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) eskertu egin dabe agerraldia, eta Administrazino biak zoriondu ditue, “mendekotasuna daukien personen arretan pausu garrantzitsua emoteagaitik”, Juan Otermin sozialistak adierazo dauenez. Getxoko udalerrian, batez be, “bertan egoitzetako plazen faltea egoalako”, gehitu dau Elena Coria jeltzaleak. Zentroa “oso leku egokian” dagola azpimarratu dau, “metroa gertu, eta horrek familien irisgarritasuna erraztuko dau”.

Beste alde batetik, Batzarretako Elkarrekin Bizkaia taldeak Gizarte Ekintzako Foru Diputatuaren agerraldia eskatu eban, umezaroko sareko izaera espezializauko egoitza zerbitzuaren jarraipenaren barri emoteko. Eneritz de Madariagak esan dauenez, zerbitzu hori kudeetan dauen enpresak indarrean dagon hitzarmenari uko egiteko asmoa adierazo eban, eta foru diputatuak baieztu egin dau hori, baina ostean “hitzarmena alde bien adostasunagaz luzatu dala” esan dau. Horrez gain, adierazo dauenez, bere sailak “barriro dimentsiona ditu” sarea eta baliabideak, “hilero” egiten dan moduan, “une bakotxean egongo dan umeen babes faltea aurreikustea ezinezkoa jakulako”.

Modu berean, talde moreak Murilloren agerraldia eskatu dau, Bizkaiko umeak eta nerabeak babesteko sistemako adinbakoak 18 urte beteten dituenean arretea eta babesa emoten jarraituko dala bermatzeko mekanismoak ezagutzeko. “Asko dira urtero, adinez nagusi egiten diranean, babeseko sistematik urtetan daben eta etxe bako persona bilakatzen diran nerabeak, eta batzuentzat gertakari traumatikoa izan daiteke”, esan dau Eneritz de Madariagak. Murillok adierazo dauenez, Aldundiaren eskumenak adinez nagusi egiten diranean amaitzen dira eta, halanda be, Umezaroko Zerbitzuak, salbuespen moduan, “gaixotasun bat gertatzen danean”, Teresa Laespadak zuzentzen dauen sailagaz gertatzen dan moduan, persona horreek babesten jarraitzeko tresnak ditu, baina kontuan euki behar da gehienetan gai hori Aldundiaren eskumenetatik kanpo geratzen dala.

Bukatzeko, EH Bilduk, egoitza eta plaza kontzertauak daukiezan enpresek emon behar daben informazinoaren ganean galdetu dau, oraindino ez dalako holangorik egin. Diputatuak esan dauenez, “Baterazintasunen Arauak eta zergaiti administratiboek” eragindako atzerapena dago, baina hurrengo asteetan, “martiaren erdialdean”, 2019ko abenduaren 31ko datuak jasoten dituan txostena argitaratuko da.