Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO OSOKOAK AP-68A ERABILTEKO "DIRU-LAGUNTZAK" EDO "GASTUAREN MUGAK" AZTERTZEKO ESKATU DEUTSO ALDUNDIARI

(Gernikan, 2020ko zezeilaren 19an). Gaur Gernikan egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak arauz besteko proposamen bat onetsi dau, “emakidea daukan enpreseagaz diru-laguntzen ezarpena aztertu daiala” eskatzeko Aldundiari, “gastuaren muga sistemea baztertu barik”, urtarrilaren 1etik Aldundia titular dan AP-68 azpiegituran.

Proposamena aurkeztu daben Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen aldeko botoakaz, EH Bilduren abstentzinoagaz eta Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia (PP) taldeen kontrako botoakaz onetsi dan ekimenak proponiduten dauenez, azterketa horrek, “beste batzuen artean, halan bada, aldeen artean adostutako sistemea ezarteko, egindako bidaien ganeko informazinorako prozedurea, iruzurra saihesteko beharrezkoak diran mekanismoak eta, inbertsinoa jaso beharko ditu”.

Jeltzaleek eta sozialistek, “Aldundiaren titulartasuna eta kudeaketea daukien eta ordaindu behar diran errepideko azpiegitura guztiak” gastuaren mugaren sistema barruan sartzea eskatu dabe ekimenean. Une honetan, AP-68 autopistaren kudeaketea enpresa baten esku dago 2026. urtera arte.

Bere ekimen propioa defendidu dauen EH Bilduren eretxiz, Aldundiak “ez dauka atxakiarik” Bizkaiko errepideetako ordainketa sistemea atoan ez homogeneizetako, urtarrilaren 1etik guztiak Aldundiaren esku dagozalako. “Ezin dogu akordioa gehiago luzatu”. Koalizino abertzaleko Raúl Méndez batzarkideak esan dauenez, akordio hori “maiatzean” lortu daiteke, 30 euroko gehieneko ordainsaria apliketako, A-8 autopistan, Artxandako tuneletan eta Supersur izenekoan 2017ko urtarriletik egiten dan moduan.

Kontxi Claver jeltzaleak, bere aldetik, denporea eskatu dau, beste alternatiba batzuk aztertzeko, ez diralako zertan izan behar Araban AP-68aren erabiltzaileakaz apliketan diran berberak.

Amaya Fernández PP taldeko bozeroaleak, bere aldetik, esan dau tamalgarria dala igazko apirilean Espainiako Gobernuak errepidea Euskadiren esku itzi behar ebala jakin zanetik galdu dan denporea, eta ondoko Lurraldearen adibidea jarri dau. 2012tik “beherapenak” ari da apliketan, 15 bidaiatik aurrera %60ko deskontua eginez.

Pauso barriak bardintasunean

Osokoak, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta EH Bildu taldeen zuzenketa-eske transakzionala be onetsi dau, datozan urteetan Emakumeen eta Gizonen arteko Bardintasunerako Foru Arauaren garapenean “pausuak emoten jarraitzeko”. Hiru taldeak ados jarri dira, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaria egin deioen Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailari: “ 4/2018 Foru Arauan definidutako bardintasuneko estrukturakaz alkarlanean, Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako Foru Araua garatzeko eta gauzatzeko beharrezkoak diran ekintzak diseinau daizala, sail eta Aldundiko sektore publikoko erakunde bakotxak egin beharreko jarduketak zehaztuz. Ekintza horreek eta euren kronogramea, Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasuneko Batzordean aurkeztuko dira”.

Batzarretako hiru taldeek autortu dabenez, akordioa lortzeko aurretik “zesinoak” egin behar izan dira. Izan be, 2018an aho batez onetsi zan Foru Arauaren aplikazinoa “ezin leiteke egun batetik bestera egin”, “goitik beherako” aldaketea eragiten dauelako Foru administrazinoan eta teknikarien eta funtzionarioen artean, Arantza Urkaregik onetsi dauenez. EH Bilduko batzarkideak mozino bat prestau dau, baina azkenean baztertu egin dau, akordioa lortu dalako. Mozino horretan, Sail bakotxak eta Aldundiaren esku dagon sektore publikoko erakundeek egin beharreko jarduketak eta kronogramea jasoko ebazan “Ekintzarako Plan” bat eskatzen zan Legealdi honetarako.

Elkarrekin Podemosetik eta Talde Berezitik (PP) kritikau egin da Bardintasunerako Foru Arauaren aplikazinoan eta garapenean erakutsi dan “gelditasuna”. Aldundiak pausuak emon dituala onartu arren, “makineria ez dala ailegetan hautematen da. Emakumeok ezin dogu gelditasun hori onartu”, salatu dau Elkarrekin Podemoseko Eva Cabornerok.

Onetsi ez diran ekimenak

Osokoan Laneko Arriskuen Prebentzinoaren, Barik txartelen iraungipenaren, Zaintzaileen Estatutuaren eta indarkeria matxistaren biktimen autortzaren ganeko beste ekimen batzuk be eztabaidatu dira, baina Osokoak ez ditu onartu.

Foru Gobernua eusten daben taldeek (EAJ-PNV eta PSE-EE), Talde Bereziagaz (PP) batera, atzera bota dabe EH Bilduren aldeko eretxia jaso dauen Elkarrekin Bizkaiaren mozinoa, Aldundiak Laneko Ikuskaritzaren Lurraldeko Ordezkaritzagaz lan egin daian, Bizkaiko enpresetan kontrolerako egin behar dan lana hobetzeko. Erakundeak “ez dauka arlo horretan eskumenik”, esan dau laburbilduta Ekain Rico batzarkide sozialistak, Foru Gobernua eusten daben taldeen ezezkoa justifiketako.

Bizkaiko Batzarrek talde morearen beste ekimen bat be atzera bota dabe, Barik txartelen iraungipenaren ganekoa, hain zuzen be. Iraungipen hori “eragozpenak” ari da sortzen erabiltzaileen artean, “ikumenik bako” lehenengo txartelak, 7 urtetan erabili eta gero, iraungiten hasi diralako. Bere ekimenean, Elkarrekin Bizkaia taldeak Barik txartela barriztetea kostetan dan 3 euroak itzultzea, txartela doban izatea, bezeroaren arretarako bulegoetan behargin gehiago egotea eta komunikazino txarragoa daukien udalerrietan barriztetako puntuak jartea eskatzen eban bere ekimenean.

Eztabaidea txartelen iraungipenaren (7 urte) ingurukoa izan da. EH Bilduren eta Talde Bereziaren (PP) aldeko botoak jaso dituan ekimena atzera bota daben talde biek (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak), txartelak barriztau beharra baldintza teknikoek eragiten dabela defendidu dabe, enpresa hornitzaileek gehienez be 10 urteko epea aurreikusi ebelako. EH Bildutik txartelen iraungipena luzatzea eskatu da, sortutako arazoa konpontzeko eta jasangarriagoak diran eta ezelango kosturik ez daukien “ticketing” moduetarako “trantsizinorako” aukerea emoteko.

Bizkaiko Batzarrek, EH Bilduk, Mozino baten bitartez, Zaintzaileen Estatutuaren alderdi batzuk aldatzeko egin dauen ahalegina be ez dabe onartu. Aldaketa horreen artean, Aldundiaren esku dagozan egoitzetan aldi baterako egotaldiak eskaini ahal izateko behar beste plaza egotea bermatzea, zaintzaileen atseden epealdietan prestazino ekonomikoa ez etetea edo senidetasun eskakizuna ez eskatzeko aurreikusitako salbuespena aztertzea egon dira.

Euzko Abertzaleak taldearen ustez, arlo horretan Estatutua “hedatzeko eta sendotzeko” fasean dago. Urtarrilaren 1etik Aldundiak neurri barri bat jarri dau martxan, zaintzaileen zaintzapean dagozan personak gehienez be 15 egun egon ahal daitezan egoitzetan. Jeltzaleek esan dabenez, neurri horreek “kasuistika barrietara” egokituko dira, zaintzaileek atsedenerako daukien eskubidea handitzeko.

Batzarretako taldeak, Elkarrekin Bizkaiak indarkeria matxistaren biktimen autortzarako aurkeztu dauen arauz besteko proposamena onartzeko be ez dira ados jarri. Neurriak Talde Bereziaren aldeko botoa jaso dau; EH Bildu abstenidu egin da; eta Foru Gobernua eusten daben taldeak kontra agertu dira. Proposamenak, beste gauza batzuen artean, “lurraldeko udalerri guztietan” oroimen espezifikora zuzendutako politika publikoak martxan jarri, eta lurraldean antolatutako sentsibilizazinorako jarduerak aurrekontuen bitartez lagundu gura ebazan.

Saioa amaitzeko, ez da onartu Talde Bereziak (PP) aurkeztu dauen arauz besteko proposamena, Gaztelugatxeko San Joan inguruetan 51 aparkaleku eta instalazinoak eregiteagaz erlazionautako “jarduketa guztiak” gelditzeko. Neurriak aldeko 17 boto eta kontrako 27 izan ditu, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeenak, hain zuzen be. Kontrako botoa azaltzeko esan dabenez, aparkalekua, inguru horretan turismoaren eta ingurunea babestearen arteko “orekea” bilatzeko Aldundiak planteau dituan neurrien artean dago. Beste hainbat neurriren arteko “azkenengo aukerea” da. Neurri horreen artean, autobusek bira egiteko plataforma bat instaletea, sarbideak berrantolatzea, 200 ibilgailu baino gehiagok modu desegokian aparketea saihesteko seinale horizontalak eta bertikalak jartea eta horren eragina jasoten daben udalakaz (Bermeo eta Bakio) eta Ertzaintzagaz batera egingo diran trafiko arloko beste jarduketa batzuk dagoz.