Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK, BILBOKO UDALAK ETA ZORROTZAKO AUZOKIDEEN ELKARTEAK GERNIKAKO ARBOLAREN OINORDEKOAREN ONDOAN DAGON PLAKEA DESESTALDU DABE

  • Zugatza igaz landatu zan, egun honeetan, Zorrotza Auzo Elkartea sortu zanetik 50. urte bete ziranean.

(Bilbon, 2020ko zezeilaren 17an).- Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eta Moisés Arce Zorrotza Auzo Elkarteko presidenteak, Zorrotza auzoan dagon Gernikako Arbolaren oinordekoaren ondoko plakea desestaldu dabe gaur goizean. Egiazkotasun ziurtagiria daukan zugatza igazko zezeilean landatu zan Fray Juan kalean, udal liburutegiaren ondoan, auzo alkartearen 50. urteurrenagaz bat etorrita.

Ekitaldian, udaleko beste kide batzuk, auzokideen alkarteko ordezkariak eta Zorrotzako auzotarrak be egon dira.

Plakan hau irakurri daiteke gaurtik aurrera:

“Retoño del Árbol de Gernika, símbolo de las libertades vascas y del anhelo de Paz del Pueblo Vasco. Escenario, en 1937, del primer bombardeo masivo contra población civil a nivel mundial e inspiración de la obra “Guernica”, de Pablo Picasso.

Gernikako arbola da bedeinkatua, euskaldunen artean guztiz maitatua. Eman ta zabal zazu munduan frutua. Adoratzen zaitugu, arbola santua (Jose Maria Iparragirre 1820 - 1882)”.

XIX. mendearen amaieratik Gernikako Arbolaren bostehun oinordeko inguru bost kontinenteetako txokoetara heldu dira. Bilbon, adibidez, hainbat dagoz. Zorrotzako honez gain, Urian beste leku garrantzitsu batzuetan be badagoz, Begoñako Basilikan, Basurtuko Ospitalean, Arte Ederren Museoan edo Euskadi plazan, adibidez.

Gernikako Arbolak eta bere oinordeko guztiek euskal herritar guztiak ordezkatzen ditue, eta demokrazia, askatasuna, Euskal Herriaren eskubide historikoak eta bakea lortzeko guraria sinbolizetan dabe. Igaz, egun honeetan, Zorrotzan landatu zan oinordekoa Gernikako lehenengo Arbolaren leinukoa da. Mila urte baino gehiago dituan gure zugatz sagraduak indar eta gaurkotasun osoa dauka gaur egun.