BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK BIZKAIKO FUTBOL FEDERAZINOKO PRESIDENTEAREN AGERRALDIA ESKATU DABE
- Batzarretako talde guztiak agertu dira EH Bilduk planteau dauen agerraldi proposamenaren alde, abstenidu egin dan Talde Berezia (PP) izan ezik.
- Iñaki Gómez Mardonesi aurrerago egingo dan Euskera, Kultura eta Kirolerako Batzorde batera etorteko eskatuko jako.
(Bilbon, 2020ko zezeilaren 12an). Iñaki Gómez Mardones Bizkaiko Futbol Federazinoaren ordezkari nagusiari Bizkaiko Batzar Nagusietara deituko jako, beste gauza batzuen artean, erakunde horrek Foru Aldunditik jasoten dauen diru publikoa zelan inbertiduten dauen azaldu daian. Holan gura izan dabe Bizkaiko Batzarretako talde guztiek, abstenidu egin dan Talde Bereziak (PP) izan ezik. Mardones Bizkaiko Batzarretara etorteko ekimena EH Bildu taldeak planteau dau.
Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetzarako hitzarmenak sinatzen ditu Bizkaiko kirol federazinoakaz, hainbat jarduera gauzatzeko, horreen artean Eskolako Kirolaren kanpainan sartuta dagozanak. Federazino horreen artean dago Bizkaiko Futbol Federazinoa eta, horregatik, koalizino abertzaleak Gómez Mardonesek, “betebehar publiko eskuordetuak dituan enpresa pribadu horrek” aurrera daroazan “ildoak, jarduerak eta proiektuak” azaltzea eskatu dau.
“Olentzero eta Iratxoen Jauntxoa” filmerako laguntzak
Talde Bereziak (PP) eskatuta, Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kirolerako diputatua batzordera etorri da, Euskadiko ekoiztetxe bati “Olentzero eta Iratxoen Jauntxoa” filmaren sarrerak erosi izana azaltzeko. Eduardo Andrade PP taldeko batzordekideak gogoratuazo dauenez, Eduardo Barinaga ETBko zuzendariak kudeatzen zituan Baleuko eta Talape ekoiztetxeek Aldundiaren dirua jaso eben filma ekoizteko.
Popularrek esan dabenez, foru erakundeak herritarrei milaka sarrera “oparitzea” erabagi eban, filmak “saldutako 30.000 sarrerak gainditu eizan, hori dalako Kultura Ministerioak diru-laguntza publikoak jasoteko eskatzen dauen gitxieneko kopurua”. Andradek esan dauenez, diru-laguntza horreek 400.000 eurokoak izan ziran.
Diputatuak, 2011n Baleuko ekoiztetxeagaz sinatu zan akordioan oinarrituta sarrerak erosteko Aldundiak aurrera daroazan erespideak azaldu ditu. Beste ezer baino lehen, “ez dirala ekoizpenerako laguntzak” argitu gura izan dau. “5.000 sarrera” erosi ziran, Bizkaiko eskualde guztietako umeek “euskal kulturan oso sustraituta eta euskeraz eginda dagon ikuskizuna” ikusteko aukera izan eien. Bere eretxiz “arrakastatsua” izan zan ekimen horren helburua, “urteko oso garai berezian, Gabonetan, euskal kulturaren arlo bat sustatzea” izan zan, gehitu dau.
Bilbaok argitu dauenez, sarrera bakotxak “3,20 euro” balio izan ebazan, eta horreei esker, Lurraldeko udalerrietako hainbat aretotan goizeko saioak emon ahal izan ziran, “Getxon, Santurtzin, Bilbon, Gernikan, Ondarroan, Zornotzan, Mungian, Lekeition…”, “ordutegi komertzialetatik aparte, lehiarik ez sortzeko”, argitu dauenez.