Aurreko Albisteak

ALDUNDIAK HARTU-EMONAK HASI DITU BEDERATZI ENPRESAGAZ, EKINTZAILETZAREN NAZINOARTEKO ZENTROA OKUPETAKO

Bilbao

  • Berak eta oposizinoak eskatuta Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri dan Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapenerako diputatuak jakinarazo dauenez, hasera batean Bizkaia Torrearen proiektua kudeatzeko interesa erakutsi eben 4 enpresakaz eta hautagai moduan “identifikau doguzan” beste bostegaz jarri da BEAZ hartu-emonetan, hautagai onena aukeratzeko martxan jarri dan eta publizidadea daukan prozedura negoziauan.

  • Beste batzorde batean, Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurraldearen Garapeneko diputatuak Itsasadarraren azpiko tunelaren proiektuaren eta Gaztelugatxeko aparkalekuaren xehetasunak emon ditu; uda ostean erabagiko da azken hori gauzatu ala ez.

(Bilbon, 2020ko zezeilaren 10ean). – Ekonomiaren Sustapenerako batzordearen eta Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako batzordearen saio bi egin dira gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan. Horreetan, Ainara Basurko eta Imanol Pradales foru diputatuei zuzendutako hainbat agerraldi eskaera gauzatu dira.

Lehenengoan, Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapenerako diputatuak, Aldundiak Bizkaia Torrean jarri gura dauen Ekintzailetzaren Nazinoarteko Zentroaren kudeaketea erabagiteko deitu dan lehiaketa edegiaren egoerea azaldu deutse Batzarretako taldeei. Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, bere saila, BEAZen bitartez, bederatzi enpresagaz jarri da hartu-emonetan, proiektua azaltzeko eta “publizidadea daukan prozedura edegi negoziaura” konbidetako. Azkenean prozedura horren bitartez erabagiko da nork kudeatuko dauen zentroa. Kontratazinorako mekanismoa aldatu ostean, soziedade publikoa hartu-emonetan jarri da hasera batean proiektua kudeatzeko interesa erakutsi eben 4 enpresakaz eta hautagai moduan “identifikau doguzan” beste bostegaz.

Diputatuak kontratazino prozesua zelan egingo dan zehaztu dau. Hasteko, beste bideragarritasun plan bat egingo da, aurrekoak hautagai posibleek atzera egitea eragin ebalako, aukeratutako formatu “barria”, “inbertsino publikoak, inbertsino pribaduaren kaltetan, eukan babes maila handia” eta kontratuaren 15 urteko indarraldian “gitxiagotik gehiagora” joian ordainketa zatitua zirala eta, Basurkok azaldu dauenez, hautagaien euren eretxiak jasoz.

Baldintzen plegu barria argitaratu ostean, hautagaiek 30 eguneko epea eukiko dabe dokumentua aztertzeko eta parte hartuko daben ala ez erabagiteko, beste 25 egun behin behineko eskaintzak aurkezteko eta, negoziazinorako azkenengo fasearen ostean, enpresek azkenengo epealdia eukiko dabe behin betiko eskaintzea aurkezteko. Basurkok esan dauenez, prozedura hori “6 eta 8 hilebete artean” luzatu daiteke.

Ekintzailetzaren Nazinoarteko Zentroa, ekintzailetza tasea handitu eta Bizkaiko barrikuntza bultzatu gura dauen Biscay Startup Bay estrategiaren barruan dago. Zentroa estrategia horren “lau hanketako bat” izango litzateke. Joan dan irailaren 25ean, Aldundiak espazioa dinamizauko leuken kudeatzailea kontratetako lizitazino publikoa deitu eban BEAZen bitartez, baina lehiaketea hutsik geratu zan, operadore bakar bat be ez zalako aurkeztu.

Oposizinoak adierazo dauenez, “inprobisazinoaren” ondorioz gertatu zan hori. Elkarrekin Podemosek “denporea galdu izana” penagarria dala esan dau. Amaya Fernández Talde Bereziko (PP) bozeroaleak, “Hutsik dagon Babeleko Dorre” baten proiektura bideratu diran milioiak kritikau ditu, eta lehiaketara inor aurkeztu ez izana “plegu onegiak” egiteagaitik izan zala esan dau, ironia erabilita. “Etxea teilatutik hasi dozue, dirudienez, garrantzitsuena izen handiko kudeatzailea eukitea zalako”, gehitu dau Bea Ilardia EH Bildu taldeko bozeroaleak, eta hurrengo lehiaketarako “ezein aukerari aterik ez ixtea” eskatu dau.

Foru Gobernua eusten daben taldeak, euren aldetik, hautagaiaren kalidadean zentrau dira, bertako hautagaiei aterik itxi barik. Mikel Bagán jeltzalearen berbetan zentroak izango dituan kudeatzaileak “nazinoartean erreferentziazkoak diran eragileak” izatea eskatzea ez da “nazinoarteko eragileak” izatea eskatzea. Modu berean, Francisco Fernández PSE-EEko ordezkariak, “esperientzia daukien operadoreak” bilatzea defendidu dau.

Beste alde batetik, Ekonomiaren Sustapenerako diputatuak Enkarterrirako Pizgarri Planaren eta Ezkerralderako-Meatzalderako eta Enkarterrirako diseinau diran Plan Estrategikoen gaur egungo egoeraren barri emon dau. Lehenengoari jagokonez, Aldundiko arduradunak azaldu dauenez, azkenengo urte bietan 12,5 milioi euro inbertidu dira eskualdean, eta horren eragin zuzena euki dau inguruko enpresak sortzeko eta hobetzeko prozesuan eta eskualdearen konektibidadearen hobekuntzan. Inbertsino horri esker 62 lanpostu sortu dira, eta 42 ETEk enpresako eraldaketa proiektuetan parte hartu dabe, beste batzuen artean. Planari esker, eskualdetik kanpoko enpresa bi erakarri dira, eta Enkarterriren konektibidadea hobetu da, Bizkaibuseko lineatan jarduketak eginez, industrialde guztietan banda zabala jarriz eta BI 630 errepidea hobetuz.

Gaztelugatxeko aparkalekua eta itsasadarraren azpiko tunela eregiteko proiektua

Berak eskatuta, Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako diputatuak, Sestao eta Artatzako biribilgunearen artean itsasadarraren azpitik joango dan eta Avanzadako eta Errontegiko zubiko trafikoa arintzeko balioko dauen tunel bikotxaren eraikuntza lanen inguruan hartu diran azkenengo erabagien barri emon dau ondoren egin dan batzordean.

Bideragarritasuneko azterlanaren barruan egin dan azterlan geoteknikoak tunelerako trazau egokiena definidu dau. 3 kilometro izango da luze, eta tunelak eregiteko material egokienak erabiliko ditu. Zati nagusia harkaitzean zulatuko da, baina 240 metro beste lur mota baten ganean egongo dira, eta horrek zundaketa gehiago egitea eskatuko dau, tarte txiki horren “ezaugarriak hobeto ezagutzeko”, azaldu dauenez.

Artatzako eta Ballontiko biribilguneak lotuko dituan tunelak 337 eta 403 milioi euro arteko inbertsinoa eskatuko dau, eraikuntza lanetan erabilten dan metodoaren arabera (tunelagailua, metodo austriarra edo kaxoi bidezkoa). Hori izango da 10,5 milioi euroren truke lizitau dan proiektuan definidu beharko dan alderdietako bat, eta baita lotune nagusi biak be. Esleitu ostean, eraikuntza proiektua 33 hilebetetan amaituko da. Gidariek 2027ra arte itxoin beharko dabe, seguruenez, itsasadarra azpitik kurutzetako.

Talde Mistoak (PP) Eduardo Andraderen berbetan aurreratu dauenez, azpiegiturea “eskasa” izango da ahalmen handiko errepideen trafikoaren arazoa konpontzeko. Elkarrekin Bizkaia taldeak, bere aldetik, azpiegitura horrek Aldundiaren kutxatan eragingo dauen zorra kritikau dau. Eta EH Bilduk konponbide “garestia eta ez oso jasangarria” dala azaldu dau. Raúl Méndez batzordekidearen eretxiz badagoz herritarren mobikortasuna hobetzeko alternatiba “merkeagoak eta eraginkorragoak”, “garraio publikoa indartzea, txartel bakarra sortzea edo itsasadarraren alde biak lotzeko oinezkoentzako igarobideak eregitea”, adibidez. Horrenbeste milioi eskatuko dituan azpiegiturea gauzatu aurretik errepideko beste jarduketa batzuk baloretea eskatu dau, Kukularrako gurutzagunean egiten ari diranak, adibidez.

Horren ostean, foru diputatuak Gaztelugatxeko aparkalekuaren ganean egin dau berba. Bisitarien iritsierea ordenetako Foru Aldundiak prestau dituan hainbat jarduketaren barruan dagola azaldu ostean –orain arte 500.000 euro inguru inbertidu dira–, Pradalesek esan dau uda ostean, eta haserako neurri zuzentzaileak aztertu ostean, bere sailak aparkalekua eregiko dan ala ez erabagiko dauela. “Neurriak baliagarriak izan dirala ikusten badogu, ez dogu aparkalekua egingo”, esan dau. Adierazo dauenez, egitekotan autobusek erabilteko izango litzateke.