Aurreko Albisteak

GERNIKAKO ARBOLAREN OINORDEKO BAT HAZTEN ARI DA DABORDUKO ZORNOTZAKO KARMENGO AMA IKASTETXEAN

  • Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria buru izan dauen ekitaldia, hezkuntza proiektuaren 70. urteurrena dala.


Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak, Karmengo Ama Ikastetxeko (Amorebieta-Etxano) leku garrantzitsuan Gernikako Arbolaren oinordekoa landatzeko ekitaldian hartu dau gaur parte. Ekimena bat dator bere hezkuntza proiektuaren 70. Urteurrena dala.

Ikastetxeko arduradunek ondoen ikusten dan lorategiko txokoa aukeratu dabe, bakearen, demokraziaren eta askatasunaren ikurra hezkuntzako komunidade osoaren eta Karmengo Ama Ikastetxea bisitauko daben persona guztien aurrean ondo baino hobeto ikusi daiten.

Landaketaren ekitaldiak hezkuntzako komunidadearen partaidetza zabala euki dau. Bertan, adin guztietako ikasleak, ikastetxeko beharginak, ikasle ohien ordezkariak, IGEko ordezkariak eta ikastetxeko arduradunak egon dira, horreen artean Kristina González zuzendaria eta Karmeldar Misionari Teresiarren Kongregazinoaren Probintziako Kontsejua ordeztu dauen Mª Carmen Arroyo ahiztea. Andoni Agirrebeitia Amorebieta-Etxanoko alkatea be gerturatu da ikastetxera.

Gernikako Arbolaren oinordekoaren egiazkotasuna bermatzen dauen ziurtagiria emon aurretik, Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak Gernikako Arboleak euskaldun guztiontzat esanahi berezia daukala adierazo dau: “haretx horren leinuak euskaldunon askatasuna, gure eskubide historikoak eta Bakerako nahia be irudikatzen ditu. Ganera, gure ikur unibersalena da. Bost kontinenteetan dagon nazinoarteko zugatza da, baina bere sustrai sendoak gure lurrean dagoz”.

Karmeldar Misionari Teresiarrek zuzentzen daben eta Amorebieta-Etxanon tradizino handia daukan Karmengo Ama Ikastetxean azpimarragarria da ikasleen hezkuntza integralean eta hezkuntza arloko barrikuntzan oinarritutako lan pedagogikoa. Izan be, hezkuntza arloko metodologia aurreratuenetako batzuk ditu, ikasketa kooperatiboa, teknologia hezkuntzarako tresna moduan, robotika edo haur hezkuntzako oralitatera zuzendutako hizkuntza egitasmoa. Ganera, hainbat kalidade ziurtagiri ditu, Urrezko Bikain eta 2008ko Kalitatearen Q-a, adibidez.

Karmengo Ama ikastetxean hazten ari dan Gernikako Arbolaren kimuak bat egin dau holan XIX. mendetik bost kontinenteetako lekuetan landatu diran bostehun oinordeko inguruakaz. Amorebieta Gernikako haretxaren oinordekoa daukien herrien zerrendan sartu da: Gotemburgo, Padrón, Laudio, Pforzeim, Sidney, Auschwitz edo Washington, beste batzuen artean.