Aurreko Albisteak

MAIDER GONZALO ETA ANDREA PLAZAREN "ATSEKABEA, HASERREA, EZUSTEA ETA BAJOIA" ERAKUSKETAREN EDEGITEA

  • Martiaren 4ra arte egongo da zabalik Bilbo erdialdean dagon Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan (Hurtado de Amezaga, 6 – beheko solairua, Bilbo), 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura


(Bilbon, 2020ko zezeilaren 5ean).- Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoak beste erakusketa bat jasoko dau Bizkaiko Batzarrek Bizkaiko talentu gazteen lana erakusteko EHUko Arte Ederren Fakultadeagaz aspalditik daukien akordioaren barruan. Datozan asteetan, Bizkaiko ikusleek Maider Gonzalok eta Andrea Plazak alkarregaz prestau daben lana ikusi ahal izango dabe. Biak be Leioan artean graduauak eta Ikerketa eta Sormena Arte Garaikidean masterreko ikasleak dira.

“Atsekabea, haserrea, ezustea eta bajoia” erakusketak, argazkietan eta bideoetan gauzatzen diran piezak batzen ditu. Ezaugarri nagusia eguneroko jardunagaz daukien erlazinoa erakusten daben sei piezak osatzen dabe. Aurkezpenean, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak adierazo dauenez artelanek “bertaratutakoen artean, zalantza barik, mota askotako emozinoak eragingo dituen sentimentuak transmitiduten ditue”

Ia belaunaldi berekoak izan eta oso estimulu antzekoak euki arren, artista gazte biek behar egiteko modu desbardinetan oinarritzen dira. Esan leiteke “komunean daukagun gauza bakarra erakusketa hau dala, eta guretzat hori da kontu honek guztiak daukan onena”, adierazo dabe. Andrearen beharra aurkitzen dituan lanerako materialakaz daukan erlazinora dago zuzenduta, eta erlazino hori objektuen materialtasunak eta egoerak sortutako erakarpenean oinarritzen da. Maiderrek bere gertueneko ingurunearen argazkiak ateraten ditu, batez be.

Aurton be, Bizkaiko Batzar Nagusiek apustu argia egiten jarraitzen dabe gure Lurraldean trebatutako artisten lana ezagutarazoteko. Halanda ze, artista horreen lana Batzar Nagusien erakusketa aretoan, uriaren erdigunean, ikusi ahal izateko aukerea eskainiko dabe. “Disgusto, enfado, sorpresa y bajón” erakusketa helburu horren beste adibide bat da. Martiaren 4ra arte egongo da zabalik uriaren erdialdean dagon Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan (Hurtado de Amezaga, 6 – beheko solairua, Bilbo), 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura, eta sarrera librea izango da.

Lotutako artxiboak: