Aurreko Albisteak

GIZARTE EKINTZAKO SAILAK SENIDEEN ZAINDARIEN ATSEDENERAKO 49 DIRU-LAGUNTZA EMON DITU URTEKO LEHENENGO 20 EGUNETAN

  • Holan adierazo dau Sergio Murillo Gizarte Ekintzako Diputatuak, EH Bilduk Zaindarien Estatutuaren aplikazinoaren ganean galdetu ostean.
  • Gaur Gernikan egin dan Kontroleko Osokoan, garraiorako txartel bakarraren ezarpena, metroa Galdakaora eroateko aukerea edo Barik txartelen iraungitzea be jorratu dira, oposizinoak planteau dituan beste itaun eta gai batzuen artean.

Hilebete honetako lehenengo 20 egunetan, Gizarte Ekintzako Sailak 49 laguntza emon ditu, etxean senideak modu ez formalean zaintzen dituen beste horrenbeste personari 15 eguneko atsedenaldia bermatzeko, eta oraindino tramitetan ari diran beste 12 eskari jaso ditu. Sergio Murillo Gizarte Ekintzako Diputatuak ezagutuazo ditu datu horreek gaur goizean Gernikako Batzarretxean egin dan Kontroleko Osokoan, Izaskun Duquek (EH Bildu), Zaindarien Estatutua arautzen dauen 192/2018 Dekretuaren garapenaren eta 140/2019 Dekretuan arautzen dan zaindarien atsedenerako eskubidearen ganean egin dauen itaunari erantzunez.

Murillok azpimarratu dauenez, 192/2018 Dekretua izan zan Euskadiko arautegiaren barruan etxean dagozan eta mendekotasuna daukien personak modu ez formalean eta ez profesionalean zaintzen dituen personen atsedenerako eskubidea bermatu eban lehenengoa. Mendekotasuna daukien persona horreei egoitza batean 15 eguneko egotaldia eskaintzen deutse, etxean dagon zaindariak arnasaldia edo atsedenaldia hartu daian.

“Holan, gizarte osoak hartzen dau bere gain etxean egiten diran zainketa horreen ardurea”, azpimarratu dau Murillok, eta horren ostean “zaindarien eta mendekotasuna daukien personen bizitza proiektua bateragarriago egiten daben” neurri eta programa asko jarri dirala martxan adierazo dau.

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia be igon da Osokoen Aretoko atrilera, eguneko gai zerrendako lehenengo eta azkenengo gaiei erantzuteko. Haseran, Rementeriak argi eta garbi esan dau “Bizkaiko Foru Aldundiak eskuetan daukaguzan legezko baliabide guztiakaz defendiduten dituala geure eskubideak”, Amaya Fernández Talde Bereziaren / PP Bizkaiaren bozeroaleak forutasunaren eta foru erakundeen defentsaren ganean egin dauen itaunari erantzunez.

Rementeriak, Aperribain eta Bengoetxen metroaren geltokiak eregitea aurreikusten ete dan galdetzen eban Raúl Méndez EH Bilduko batzarkidearen ahozko erantzun-eske bati be erantzun deutso.

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak zehaztu dauenez, Eusko Jaurlaritza metroaren linea barriaren ganean egiten ari dan informazino azterlanaren emaitzen zain dago, hartu beharreko erabagiak hartzeko, eta beharrak 2021ean hasteko Aldundiak daukan konpromisoa berretsi dau.

Gernikako Batzarretxera Mari Paz Losada Galdakaoko alkateordea eta Metroa Galdakaora orain plataformako kideak joan dira, eta konbidauen harmailatik jarraitu ditue esku-hartzeak.

Barik txartelen iraungitzea eta txartel bakarra

Kontroleko osoko saioan garraioaren ganeko beste gai batzuk be landu dira: Barik txartelen iraungitzea eta txartel bakarra, biak be Emilio Lobato Elkarrekin Bizkaia taldeko batzarkideak planteautakoak.

Lobatok, Barik txartelak barriztetako sortu diran ilara luzeak, iraungitu diran plastikozko txartelakaz ezelango behar barik sortu diran hondakinak, eta herritarrak izatea Barik txartela barriztetako 3 euroak ordaindu behar dituenak, kritikau ditu. Ganera, beste leku batzuetan egiten dan moduan, betiko garraio txartela eukiteko aukerea emongo dauen sistemea ezarteko eskatu dau.

Miguel Ángel Gómez Viar, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Foru Diputatuak Barik txartela zazpi urterik behin barriztau behar dala esan dau, txartel horreen “txipagaz erlazionautako zergaiti teknikoak dirala eta”. Gómez Viarrek, batzarretako taldearen kexak eta iradokizunak Bizkaiko Garraio Partzuergora eroateko konpromisoa erakutsi dau, baina garrantzia kendu deutso txartel barria eskuratzeko 3 euro ordaindu behar izateari, izan be, 7 urte irauten dabela kontuan izanda, “barriztapenak urtean 0,43 euro balio ditu”.

Bigarren gaiari jagokonez, Gómez Viarrek adierazo dauenez, Bizkaiko Garraio Partzuergoak badauka daborduko Bizkaiko Garraio Publikoaren Plan Estrategikoaren ganeko azterlana, eta Batzar Nagusien aurrera etorriko da, txosten horren emaitza guztiak talde guztiei azaltzeko. Horren barruan txartel bakarraren ganeko azterketa be badago. “Txartel bakarra heldu egin behar da, eta ahalik eta arinen”, eskatu dau Lobatok.

Ondasun Higiezinen Zergea

Udal batzuek hutsik dagozan bigarren etxebizitzen OHZn apliketan daben errekargua eta Derioko Seminarioa zerga hori ordaintzetik salbuetsita egotea izan dira Kontroleko Osokoan jorratu diran beste gai batzuk. José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako Diputatuak horreen ganeko azalpenak emon ditu, Amaya Fernándezek (Talde Berezia / PP Bizkaia) eta Arantza Urkaregik (EH Bildu) eskatuta, hurrenez hurren.

Iruarrizagak jaubeak bizi ez diran eta hutsik dagozan etxebizitzetan OHZren errekargua apliketako daukien eskubidea defendidu dau, Bizkaiko Batzar Nagusien gehiengoak onartu eban Foru Arauan ezarten dan moduan. Ganera, FAEAk (Foru Auzitegi Ekonomiko Administratiboa) orain denpora gitxi emon dauen epai bat aitatu dau. Bertan, atzera botaten da Bakioko etxebizitza batean aplikau dan errekargua, “etxebizitza jakin baten kasu zehatza” dala eta ez dauela foru arauaren eukia zalantzan jarten argituz.

Bigarren gaiari jagokonez, Foru Ogasuneko titularrak adierazo dauenez, bideratu dabe Zergen Koordinazinorako Organura Derioko Udalak Apaiztegi horretan OHZ kobretako egin dauen eskaria. Urkaregik adierazo dauenez, “bertan jarduera ekonomikoak egiten dira” eta “alokautako 83 lokal eta hotel bat dagoz”.

Iruarrizagak zehaztu dauenez, OHZren salbuespena, Bilboko Eleizbarrutia jaube dan Derioko Apaiztegiari apliketan jako, irabazi asmorik bako erakunde guztiei apliketan jaken moduan.