HERRI-KONTUEN EUSKAL EPAITEGIKO PRESIDENTEORDEAK, 2017KO BIZKAIKO KONTU OROKORRARI BURUZKO FISKALIZAZINO TXOSTENA AZALDU DAU BATZORDEAN
- José Ángel Quintanillak Batzarretako taldeen zalantzei erantzun deutse, eta txostenak erakusten dauenez urte horretako Bizkaiko kontuak “garbiak” dirala azpimarratu dau.
EH Bilduk eskatuta, José Ángel Quintanilla Herri-Kontuen Euskal Epaitegiko (HKEE) presidenteordea Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako Batzordera etorri da gaur, 2017ko ekitaldiari jagokon Bizkaiko Lurralde Historikoko Kontu Orokorraren ganeko Fiskalizazino Txostena azaltzeko eta zehazteko.
Beste ezer baino lehen, Quintanillak adierazo dau, 2015etik epaitegiko presidentea dan José Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusi ohia ez dala batzordearen aurrera etorri ez dauelako parte hartu lurraldeko kontuen fiskalizazinoan. Epaitegiko presidenteordeak gero azpimarratu dauenez, 2017ko kontuak “garbiak” dira eta, horregaitik, ez da kontabilidadeko doikuntzarik proponiduten diruzaintzako soberakinean, ezta funts propioetan be.
Txostenak azpimarratu dauenez, 7 ez betete izan ezik, Bizkaiak ondo bete ebazan urte horretan kontabilidadeko eta ekonomia arloko bere betebeharrak. Salbuespenen artean, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren eta Aldundiaren artean funtzionarioen primen ganeko erespide desbardintasun bat dago; epaitegiak ez litzatekezala PFEZtik salbuetsita egon behar uste dauen arren, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Ogasun Sailak zerga hori ordaindu beharretik kanpo izten ditue.
Quintanillak azaldu dauenez, Seed Capital erakundean be ez betete bat ikusi da, muga bako kontratu bat egiteagaitik hutsunerik egon barik, eta beste bat GUFEn, osagai espezifiko baten izaera aldatzeagaitik.
Ganera, 2017ko Fiskalizazino Txostenak erakutsi dau BEAZek eta Garbikerrek, beste soziedade batzuen artean, publizidade eta lehia printzipioak beteten ez eben kontratazinoren bat egin ebela.
Barruko kontrolari eta kudeaketa prozedurari jagokonez, Fiskalizazino Txostenak 15 gabezia erakusten ditu kontratazino sistemetan eta gabezia bat diru-laguntzen atalean. Dana dala, Quintanillaren berbetan, gabezia horreek “ez dira garrantzitsuak”.
Arantza Urkaregi (EH Bildu) arduratuta agertu da, “urtez-urte errepiketan diran gabezia batzuk” dirala eta, Garbiker aitatuz, eta “larria iruditzen jaku” gehitu dau. Talde Bereziaren / PP Bizkaiaren izenean, Eduardo Andradek, hauteman diran 7 ez beteteetatik, “2015etik errepiketan diran lau dagozala” kritikau dau. Horrek, bere eretxiz, “foru erakundeek kontratazinoagaz arazoak daukiezala” erakusten dau.
“Deigarria da behin eta barriro agertzen dala Fiskalizazino Txostenean HKEEren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko erespide desbardintasuna borondatezko erretiroengaitik, ezintasunagaitik eta errenuntziarengaitik jasoten diran primak PFEZtik salbuetsita egotearen inguruan”, adierazo dau Xabier Benitok (Elkarrekin Bizkaia).
Euskal Sozialistak taldearen izenean, Jesús Ortizek txostenaren emaitza positiboa azpimarratu dau, eta epaitegiko ordezkariaren azalpenak eskertu ditu. Antzera egin dau berba Euzko Abertzaleak taldeko Unai Lermak, eta azpimarratu dauenez, txostenak “agerian izten dau Bizkaiko Foru Aldundiaren kudeaketa zuzena eta oso egokia”.
Berba egiteko bigarren eta azken txandan Quintanillak zehaztu dau HKEEk “salbuespen” moduan egiten dauela behar bere txostenean, eta “txarto dauena bakarrik” azaltzen dauela. Epaitegiko presidenteordeak, Bizkaiko Foru Aldundiaren kudeaketea “asko hobetu dala”, eta bere jardunbideetan “aurreko urteetan Epaitegiak egin dituan txostenetan jasoten ziran proposamen asko” jasoten ari dala azpimarratu dau.