OGASUNEKO DIPUTATUAK PFEZ-REN ETA SOZIEDADEEN ZERGAREN GANEKO FORU ARAU PROIEKTU BARRI BI AZALDU DITU BATZORDEAREN AURREAN, OPOSIZINOAK ESKATUTA
- Lehenengo arauak ekintzailetzea sustatzen daben funtsetarako fiskaltasuna ezarten dau, eta bigarrenak soziedadeen zergea Europako Batzordeko arautegira egokitzen dau, Portuko Agintaritzen tributazinoari jagokenean.
José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako Diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietako Batzordearen aurrera etorri da, oposizinoko hiru taldeek (EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia / PP Bizkaia) eskatuta, Foru Arau proiektu barri bi azaltzeko.
Lehenengoak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua aldatzen dau, enpresa proiektu barritzaileak eta potentzial handikoak finantzatuz ekintzailetzea sustatzen daben funtsen kudeatzaileek lortutako errentak erreguletako. Tributazino hori Erregimen Bereziko atal barrian sartzen da (IV. Izenburuko VI Bis Kapitulua), eta ekintzailetzagaz, barrikuntzagaz eta jarduera ekonomikoaren garapenagaz erlazionautako funtsen kudeaketaren ondorioz lortutako laneko etekinak oinarri zergagarrian % 50ean sartuko dirala ezarten dau. Ganera, zergadunek aurretik jakinarazo beharko deutsie Ogasunari, eta arauan ezarritako hainbat betebehar eta baldintza bete.
Iruarrizagak azaldu dauenez, jarraitu dan eredua alemana da, eta helburua, gure lurraldeko arautegi fiskala Europar Batasuneko herrialde aurreratuenek daukien arautegiaren parean jartea da, inbertsino funts alternatiboen kudeatzaile horreek erakarteko. Une honetan, ez dago Bizkaian aritzen dan holango funtsetako kudeatzailerik.
Ia segurua dan Erresuma Batuaren urteerea Europar Batasunetik be etorri da barriro batzordeko eztabaidara. Iruarrizagaren berbetan, Erresuma Batuan holango 18.000 inbertsino funts baino gehiago dagoz. Brexita dala eta, beste lurralde batzuetara joan beharko dabe, eta Bizkaia aukeratu ahal izango dabe, eurentzat pentsauta dagon fiskaltasuna eukiko dauelako.
Iruarrizagak, Foru Aldundiak, Bizkaia “ekintzailetzaren eta oinarri teknologikoko enpresen nazinoarteko erreferente” bilakatzeko daukan helburu estrategikoaren barruan jarri dau zergaren aldaketa hori.
Bizkaiko Batzar Nagusiek berretsi beharko daben Foru Arauaren proiektua preminazko prozeduraren bitartez ari da tramitetan, funts alternatibo horreek ahalik eta arinen erregulauta eukitea gura dauen Aldundiak berak eskatuta.
Beste alde batetik, eta EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia / PP Bizkaia taldeek eskatuta, baita be, Ogasun eta Finantzetako Diputatuak, Soziedadeen ganeko Zergari buruzko abenduaren 5eko 11/2013 Foru Araua aldatzen dauen Foru Arauaren Aurreproiektuaren ganeko azalpenak be emon ditu. Aurreproiektuak ezarten dauenez, Portuko Agintaritzek kontzeptu horrengaitik zergak ordaindu ahal izango ditue, orain arte salbuetsita egon diran arren.
Iruarrizagak azaldu dauenez, arau barriak, Estaduaren Administrazino Orokorraren esku egon arren, zergak Bizkaiko Ogasunean ordaintzen dituan Bilboko Portu Agintaritzan bakarrik eukiko dau eragina. Europako Batzordeak, gauzatzen dituen merkataritza arloko jarduerengaitik tributuak ordaintzera behartzen ditu portuetako agintariak, gastuetara eta inbertsinoetara zuzendutako zenbatekoen kuota osoaren kenkariagaz.
Bizkaiko Batzar Nagusiek onetsi eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero sartuko dira indarrean gaur jorratu diran arau fiskal biak, urte honetako urtarrilaren 1eko atzeraeraginezko efektuagaz.