BIZKAIKO OGASUNAK INDARTU EGINGO DAU HERRITARREI ARRETEA EMOTEKO ZERBITZUA, 2021EAN PFEZ-REN AITORPEN DIGITALA EZARTEKO
- José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako Diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietako Batzordearen aurrean azaldu dauenez, zergadun guztiek 2020ko errentaren likidazinoaren zirriborroa jasoko dabe, eta Sailaren helburua digitalizazinotik kanpo inor ez geratzea dala gehitu dau.
José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako Diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietako Batzordearen aurrera etorri da, Elkarrekin Bizkaia taldeak eskatuta, 2021ean egin beharko dan 2020ko PFEZren aitorpenerako mekanismoak azaltzeko. Iragarri eban moduan, Internetez baino ezin izango da egin. Bizkaiko zergadun guztiek errenta aitorpenaren zirriborroa jasoko dabe, eta aurkezpena “%100 digitala” izango da, adierazo dau Iruarrizagak.
Jakinarazo dauenez, zergadun guztiek, norbanakoek, enpresek edo autonomoek, likidazinoa euren etxeetan jasoko dabe, eta Internetez aitorpenaren zirriborroan sartu ahal izango dira, ordenagailuaren edo APP baten bitartez onartzeko, aldatzeko edo osatzeko, euren NAN eta Ogasunak emondako klabea erabilita.
Iruarrizagak zuzentzen dauen Sailak zergadunaren arretarako zerbitzua indartuko dau. Zergadunek, arretarako zerbitzura bertara joanda, telefonoz edo etxetik mobidu barik aitorpena egiteko aukera emongo dauen urruneko laguntza interaktiboaren bitartez argitu ahal izango ditue euren zalantzak. “2021ean, zalantzak daukazan edozein personak baliabide asko eukiko ditu bere esku”, defendidu dau diputatuak.
Gaur egungo sistemak, aitorpenen erdia egiteko aukerea baino ez deutso emoten Bizkaiko Ogasunari; errentaren azkenengo kanpainan, 2019an, 263.000 aitorpen egin ziran, guztira aurkeztu ziran 571.000etatik. Sailak egin dau daborduko 2021etik aurrerako aldaketak jasoko dituan Foru Arau aurreproiektua, eta, Iruarrizagaren berbetan, “sistema teknikoak oso aurreratuta dagoz”.
Sistema barriaren helburua “administrazinoa modernizetea eta digitalizetea” da. “Gure jarduketa eremuan administrazino barritzailea izan gura dogu”, azpimarratu dau Iruarrizagak eta, gehitu dauenez, itzulketak arindu egingo dira, eta zirriborroa onartu eta gero, itzuli beharreko diru kopuruak apirilean ikusiko ditue zergadunek euren kontuetan.
Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroalea arduratuta agertu da, sistema barri horrek eten digitala handitu egin daikelako, Interneterako sarbidean eta erabileran. Arartekoaren datuak kontuan izanda, “Bizkaiko biztanleen %34k ez dauka Interneterako sarbiderik”, esan dau De Madariagak, eta gehitu dauenez, gure lurraldean, Interneteko sarbideari jagokonez, 7,8 puntuko aldea dago gizonen eta emakumeen artean.
“2021ean eukiko dogun sistemea ez da hain segurua izango, eta hori oztopo gainditu ezina izango da sistemea erabilteko beharrezkoak diran ezagutzak ez daukiezan milaka bizkaitarrentzat”, kritikau dau Talde Bereziko / PP Bizkaiako Amaia Fernándezek.
Ekain Ricok (Euskal Sozialistak) azpimarratu dauenez, sistema barriak “papera baztertu eta eredu jasangarriagorako bidea egingo dau”, eta “badago 2020 osoan diseinauko dan plan bat, zergadunek behar daben laguntzea indartzeko”.
EH Bilduren izenean Arantza Urkaregik esan dau bat datorrela “digitalizazinorako bidea egiteko helburuagaz”, baina “apurka-apurka eta argitasunez” egiteko eskatu deutso Iruarrizagari. Urkaregik, 2021ean sistema biak, gaur egungoa eta digitala konbinau beharko litzatekezala defendidu dau, apurkako ezarpena egiteko, “2021. urteagaz itsutu barik”.
“Zergadunari emoten jakon zerbitzuan egingo dan hobekuntzea da. Argi dago gauza barriek zalantzak sortzen dituela, baina Ogasunetik bermatu egingo da zergadunari emon beharreko laguntzea”, adierazo dau Jon Andoni Atutxak (Euzko Abertzaleak).
Beste alde batetik, Ogasun eta Finantzetako Batzordeak Talde Bereziak / PP Bizkaiak, “gaur egungo hobari fiskalak eguneratzeko” aurkeztu dauen Arauz Besteko Proposamen bat eztabaidatu eta bozkatu dau. Arauz Besteko Proposamena ez da onartu, proposamena aurkeztu dauen taldearen aldeko boto bakarra eta ganerako taldeen kontrako 14 boto jaso ditualako.